Denari aditasuna eskaini behar zaio, den-dena interpretagarria baita
Pintura figuratibotik heldu den –datorren– margolaria da Maria Jesus Asurmendi. Ilusioak, grinak, pasioak edota barne beharrak ekarri du honaino. Erran nahi baita, Urretxuko Juan de Lizarazu Aretoan paratutako erakusketa hau antolatzera. Margolari amateurra da. Nire aburuz, artearen munduan “errekonozimendurik” izan gabe, barne beharrak/grinak baino ez zaitu lanean mantentzen.
Bere lan figuratiboetan –errealistak– Zumarraga–Urretxuko garai industrialaren ondoko fabrikak, kale bazterrak, etxeko fatxada bereziak, elizaren baten ataria –Antioko Baseliza, kasu– islatu ditu margolariak. Erretraturen bat edo beste ere bai. Badauka ere, Gipuzkoan barreneko bazterren bat jasoa ere, baita itsasoa ere, besteak beste.
Horiek horrela, Zirrara erakusketan agertu duena arras ezberdina da. Egundoko jauzia eman du. Bere lanek hainbat bisitarien harridura eragin du. Ez da harritzekoa. Izan ere, gure begiek eguneroko bizitzaren errealitatea –figuratiboa– identifikatzeko “prest/landuak/heziak” ditugu, ez ordea errealitate hori modu “abstraktua” batean agertzen zaigunean.
Oraingo erakusketako margolanek ez dute aurrekoen antzik, bistan da. Gai ezberdinak landu ditu. Hala paisaiak nola testurak… Alabaina, lan horiek abstraktuak dira. Lan sorta hau prozesu baten ondorioa izan da. Barne prozesu luze eta zenbaitetan mingarriren emaitza. Ez da bizipen/prozesu baten agerpen erraza inolaz ere. Alabaina, aurreko lan figuratiboekin badute zerikusia. Hala dio berak. Hau da, lan abstraktu hauetan paisaiak daude, itsasoa dago. Gure begiak berauek deskribatzera iritsi daitezke. Badago, halaber, beste margo sorta bat, figura geometrikoak islatzen dituztenak. Hauek, nire begietarako, zailagoak –izan– dira interpretatzen. Pertsonon ezaugarriak nola, gure mugak/limitazioak halakoxeak dira, izan ere. Nork bere begietatik dakusa mundua, eta bi pertsonen begiek ez dute errealitatea berdin ikusten.
Horiek esanda ere, erran gabe doa, abstraktuan zaila(go) zaigu mundua ikusten. Hau da, margolariak lana gauzatzean bere buruan zeukan ideia bereganatzea ez da ikuslearen begiradan aise agertzen. Maxima hau bururatu zait, argudiatu nahi dudana azaldu aldera: “Den-denari atentzioa –aditasuna– eskaini behar zaio, den-dena interpretagarria baita”.
Erakusketan nengoela, une batez, ene begiek ikusten zutena kaier/koaderno bateko orri zurian paratzeko nahia piztu zitzaidan. Hau da, zenbait erakusketetan egileak aretoko sarreran, atrilean, paratu ohi duen koadernoan burutapen bat idatzi nahi izan nuen. Aretoaren arduradunak margolari honek ez duela aukera hori ipini adierazi zidan. Hona buruan izan nuena: “Nire begiek ikusten dutena ez da aski nire gogoak adieraz dezakeena interpretatzeko”.
Aldian behin zirrara suerte bat badago, aldian zirrara kamutsa da. Hots, ez da samurra egunero ikusten dugunaz harago ikustea. Gure begiak ez daude “prest edo heziak” arteak espresatzen duena bereganatzeko. Artearen bilakaeran une batez ematen den “bilakaera” ez dator bat gure izatearen bilakaerarekin. Haatik, badago konstatazio begi-bistako bat: egungo gure begiek begirada-irudimen aise garatuago dute duela bi mende bateko gizabanakoen begiek baino. Uste hau ez da ustela, nire ustez. Adibiderako hauxe: duela gizaldi/mende biko pertsona bat berpiztuko balitz, nekez interpretatuko luke gure herrien/hirien ikonografia.
Kontuak kontu, aretoko arduradunari ongi ulertzera, hainbat bisitarik honelako hitzak adierazi omen dituzte: zein da lanen motibazioa? Lanek ez dute titulurik. Hau da, hainbat ikusleek margoak interpretatzeko “laguntza-moduko” bat eskatu/adierazi dute. Hartara, esparru eztabaidagarrian sartu gara.
Erran gabe ere, begi-bistan dago: margolariaren hurbilekoa naiz. Hortaz, margolariaren jarrera eta ikuspegia apur bat ezagutzen ditut. Haren hitzak eta jarrera ondo interpretatzera, honela labur bilduko nituzke:
– Berak ez du sorturiko irudiek diotenaz beste ezer azaltzeko beharrik izan, ez beharrik sentitu ere.
– Margolari "amateurra" den aldetik, “ezagutza/errekonozimendu” gabekoa denez, jendeak aise eskatzen du irudiez gaineko azalpenik.
– Arte galerietara iritsi diren artistei ez zaie bere lanen “azalpenik” eskatzen. Batetik, lanak interpretatzeko ikusleen mugak agerian geratzen direlako. Eta bestetik, artista kontsakratuaren estatusa “kuestionatzea” ez baita jende arruntaren begien irismenean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: