Dakigun hori: osotara jakingabea eta besteren-ezina

Dakigun hori: osotara jakingabea eta besteren-ezina Begizolia | 2026-11-06 09:57

Dakigun hori: osotara jakingabea eta besteren-ezina

Dakigun hori

Garazi Arrula Ruiz

Txalaparta, 2026

Abiaburuan

Garazi Arrula Ruiz tafallarraren Dakigun hori irakurri berri dut: ertz askotako diamante bat. Poliedrikoa. Alderdi aurpegi edota ezaugarri aniztuna. Ertz ugari dauzka, zorrotzak gehienak, bertze batzuk maketsagoak. Beraren irakurketak “ebaki” egiten du, nolanahi den ere. Kronika-nobelatua duzu, zaurgarria oso. Pertsonaien zaurien eragineko zaurgarritasuna sentituko duzu hartara.
    Aitormentxo bat: generoa kronika-nobelatua izaki, literaturaren genero-hibridazioak deskolokatu izaten nau.

Nork bere errotara eraman ohi du ura. Gauza jakina da hori, bistan da. Denok dakigun kontu hori. Dakigun hori baina, ez dakigu nahi genukeen bezala adierazten. Idazle honek ere “arazo” hori izan du liburua zertzean –idazle guztiek orobat beren idazketetan–. Hots: liburu bakoitza desafio bat da, pario bat. Idoia duzu historia –kronika den aldetik– eta istorio –nobela izaki– honen protagonista. Pertsonaiak andana dira, halarik ere.

Dakigun hori nobela –eta horregatik istorioa– lazgarria duzu. Kronika bat ez balitz –agerikoa dena–, neronek bestera interpretatuko nuke berau, edo interpretatu nezake. Ez hobeto horregatik, beste gisa batez. Bestera, erran nahi dut. Diamante izendatu dudan liburu hau arto-buru bat bailitzan irakurri dut. Adi: ez naiz liburua gutxiesten ari. Liburua leitzeko jorratzeko aletzeko interpretatzeko maneraz ari naiz.

Nobelaren formaz edo moldeaz

Dakigun hori liburuaren egituratzea originala da, edo ez arras ohikoa behintzat. Atalak soilak eta begi-bistakoak dituzu. Alta bada, atalak berauek osatzeko azpi-atalek egiten dute berau originala. Formarik forma, bizitzan hala nola literaturan formak apurtu izaten du norma. Kasuon, azpiatal horietako bakoitzean narratzaile bat duzu istorioaren kontalaria, baita esku-oharra azpiataleko Idazlea izenekoa ere. Forma original bat eskaini ez ezik, bere-berezko ikuspena –berezko edukia– eskaini digu idazleak. Garazi Arrula Ruizek, alegia.

Hainbat dira azpiatal horien narratzaileak, izenez emanak: ama, izeba, lehengusina, bikotekidea, bikotekide ohia, laguna, lagun ohia, senidea, partaidea, salatzailea, mintzakidea eta abar. Badaude ere irudia izeneko atalak. Irudia delakoaren gibelean nor ote? Nobelaren beraren izatearen arrazoiari atxikiko diogu ezjakintasun hori.

Izanez ere, “dakigun hori” ez da osotara kontu jakina. Esku-oharra delakoaren baitan Idazlea dago. Maiuskulaz. Liburua nobela soila balitz, Idazlea Garazi Arrula Ruizen heteronimoa litzateke, izan liteke. Kronika ere badenez gero, heteronomiona barik, bera dela erranen nuke.

Kokapenaz

Kronika nobelatua non agitzen den aise antzeman dezakezu. Kronika den aldetik aspektu hori zehaztu behar izan baitu idazleak. Bistan da, bistan denez, (h)istori(o)a Nafarroan –Euskal Herrian, prefosta– abiatzen da, baita Aragoi eta Katalunian barrena garatu eta osatu ere. Penintsulaz haratago ere badoa narrazioa. Dena dela ere, seinalagarria niretzat abiaburuko kokapen geografikoa aditzera eman ez izana da. Seinalagarria eta adierazgarria hagitz. Errate baterako, une batez, idazlearen beraren lurraldearen kapitala aipatzen da narrazioan, alabaina, kapitala ez da hiriburuzagia. Edo ez da nomenklatura ideologiko horrekin adierazia. Egiari men –buruz ari naiz–, Txantrea auzoa aipatua dela uste dut.
    Badaude aipatu hiru lurraldeetako paisaietan ageriko pertsonaiak, pertsonaia komunak, maila apalekoak edonola ere: guardia zibilak. 

Historia-istorioaren izanaren lagina

Dakigun hori familia baten historia-istorioa da, (h)istorio(a): familia baten, senitartekoen eta euren ingurukoen (h)istorioa(a), lagunena tarteko. Familia anitzen eta askotarikoen ezaugarriak biltzen dituena. Ez da horregatik, familia ohikoa. Ez horren arrunta, bederen. Tira, familia ohikotzat eta arruntzat ere har dezakegu, familia tragikoa edota benetan zorigaiztokoa baita. Hara, giza-historiako pertsonon jitea tragikoa burutik kendu ezinik ari naiz.

Idoia da protagonista –pertsonaia nagusia– eta beraren bikotekidea: Asier. Bien (h)istorio(a) tragedia bat da, benaz. Bistan da, bistan denez, euren senitartekoek zein lagunek bikotekidearen tragedia bere egiten dute, baita bizi ere, noski. Ez gara munduratzen bakarrik, ez bakarrik bizi ere, ingurukoek determinatuta gaude. Dakigun hori kronika-saio-nobelatua giza-historiaren araberako istorio bat da, benaz eta zinez lazgarria. Gogorra oso. Diamantea legetxe. Diamante hau baina, arto-burua irakurri den legetxe ari gara aletzen leitzen.

Istorioaren izanaren lagina

Historia eta istorioak –omen eta ei– etengabe errepikatzen dira. Badago,
bistan da, giza-historiaren istorioen izaera eta bilakaera aldarazten dituen jarduera bat, eta da: zientzia. Suerte guztietako zientziak. Iragan mendeetan zientzien eta teknologien uztartzearen ondorioz, mundua ez ezik mundutarron idiosinkrasia nabarmen aldatu zen. XXI. mendean ostera, zer erranik ez. Zientzia ez da Dakigun hori nobelaren zioa, bistan da. Edonola ere den, nobela tartekoa dela, hauxe adierazi nahi dut: giza-zientziek pertsonen izana aldarazi dute etengabe, ez horregatik osotara.

Dakigun hori (h)istorio(a)ko motorra –eragile nagusiak– gazteak dira.
Belaunaldi berriko pertsonak –tira, historiaren une batean guztiok gara gazte–. Komunzki, gazteak gurasoak izan zirena izatera pasa izaten dira. Badatoz gero, gazte euren gibelean haur nerabe berriak. Idoia eta Asierren Nua alaba, kasu.
Galdera –Dakigun hori nobelaren eraginez–: norbanakook promiskuoak al gara? Edota monogamoak? 
    Garenak garela ere, ideologien eta erlijioen bilakaera hau hori edo hura dela ere, zientzien bilakaera tarteko, norbanakoa ez da gaur egun antzina –Erdi Aroan– baino libreagoa.

Ez dut uste, usteak ustel, Nua promiskuoa izanen denik
–edota haren belaunaldikoak, istorio honen harian eta ariora, diot–. Promiskuitatea aurrerakoia ote? Monogamia atzerakoia? Galdera horiek jalgi zaizkit nobela irakurri ahala. Hots, gaurgero, belaunaldi berriko seme-alabak arras monogamoak izanen direla pentsatzeko erretrogado samar izan behar da. Alabaina, engoitik aitzinako gazteak promiskuoak osotara izatekoak al dira? Izanen al dira? Begi-bistakoa duzu nire aburua.

Historiaren izanaren lagina

Nobela-saio honek, bertzeak bertze, gizabanakook –pertsonok– arazo afektiboak, arazo sozialak edota arazo ideologikoak kudeatzeko ditugun mugak aditzera ematen dizkigu. Jendartearen egungo garapenaren ildoan –Internet, sare sozialak…–, norbanakoon bakartze soziala gero eta handiagoa eta agerikoa da. Fenomenoa paradigmatikoa da, garaiaren berezkoa. Izan ere, elkar komunikatzeko geroz eta gailu-komunagoak eraiki ditugun ahala, gero eta traba edo muga psikologiko gehiago sortu ditugu, eta ondorioz, gure existentziak pausatzen dizkigun galderei arrapostu sendoak emateko ez-gauza bihurtu ere.

Norbanakook, izaki kontraesankorrak gara definizioz. Milurteko berriko gure jarduerek hartu duten abiadura eta azkartasuna dela-eta, gero eta momentu gutxiago izaten dugu –bizi dugu– gure izate enigmatikoaz ohartzeko, garen izaki enigmatikoaz jabetzeko. Aro modernoa abiatzean norbanakook geure kontraesanak –Idoia eta Asierren pertsonaien kontraesanak itzelak eta izugarriak dira– gaindituko genituzkeela pentsatzera heldu ginen.
    Pentsatzera heldu ginen. Pentsamendua gauzatzera, nekez. Gure pentsaketa kontraesankorren menpe bizi gara. Tira, nire ustea duzu. Uste zulo bat, naski.

Mito eta erlijio suerte guztien gainetik lehenik, filosofiek eta ideologiek paradigma berriak planteatuz ondoren, berauek gure paradoxak –giza-paradoxak– gainditzen lagunduko gintuztelakoan aritu izan gara gizakiok –esateko modu bat da, eta hagitz orokorra, bistan da–. Alabaina, aro modernora iragan ginenean baino galduagoa ari gara gaur egun. Aro moderno delako haren osteko aroa bizi dugu honezkero. Edo hala deitu aroa, behinik behin –munduko mendebaldeaz ari naiz, bistan da–.

(H)istori(o)a nobelatu honetako ekimen alternatiboak

Gisa Diseinua edota Eden deitu ekimenak dituzu nobela honetako pertsonaia nagusiek eraiki nahi duten mundu berria gauzatzeko proiektuak. Luzetsi gabe, hauxe –irakurleak aurkituko ditu proiektu horien zioak–: munduak jira-bira segitzen du milurtekoz milurteko, eta gizakiok eternalak bilakaraziko gaituen jainkoaren bila segitzen dugu. Noraezean ibili ere, bistan da, bistan denez.

Gisa Diseinua edota Eden delako ekimenak aldian-aldian egikaritu ohi diren Sekta txikiak dira. Mendez mende, mundu-kideok doktrinatu izan gaituzten erlijio haundien –Eliza katolikoa, gure kasuan–, ideologia eta filosofia nagusien printzipioei muzin eginez, sekta berri txikiek doktrina eta dogma berriak ezarri nahi izaten dute. Historiaren barrena nagusitu diren Sekta handien kontrakarrean sortuz doazen eta sortzen segitzen duten ekimen zapuzgarriak. Beno, horixe eman dit aditzera Dakigun hori kronika-saio-nobelatuak.

Nobelak, begi-bistan denez, badu karga filosofiko-ideologiko handia. Itzela. Idazlea hainbat filosofo-antropologo-pentsalariren pentsamenduaz elikatzen da. Logikoa eta normala denez, pentsalari horiek emakumezkoak dira gehienak –areago logikoa pertsonaia nagusiak emakumezkoak direla kontuan hartuta–. Funtsean eta finean, pentsalari horiek bidaidetzat hartuta, Idazleak bere esku-oharren bitartez, egungo gizartean ezarri edota solidotu diren hainbat tabu erlijioso eta klixe-ideologiko kuestionatzen ditu, ezbaian paratzen ditu. Baita gogoetarako gai gisara ekarri ere. Nire ustea duzu. Uste zuloa, ostera ere. Edo batek daki.  

Giza-tabuak eta gizabanakoon klixeak eztabaidan jartzeaz gainera, pentsamenduaren maximak ekarri ditu liburura idazleak, euren ildotik bere lanari funtsa emanez. Konparazioenera, Virginia Woolfen hauxe: “Ezer ez da benetan gertatzen memoriak gordetzen ez duen bitartean”. Liburuaren euskarrietako bat duzu lema hori. Eztabaidagarria hain ziur ere. Baina, hara, ez gaude hemen deus eztabaidatzeko. Ezbaian jartzeko besterik ez. Literatura dela medio edota literaturaz ari garenez gero, betiere.

Izanez ere, munduan gertatzen den oro benetakoa da. Benetakoa ez dena hauxe, ordea: gure memoriak eraiki izaten duen “errealitate faltsua”. Memoria edo oroitzapena gure imajinazioaz osatzen baititugu. Horregatik pentsaketa lehenik eta idazketa ondoren erabiltzen ditugu gertatutakoa gogoratzeko. Eta horregatik berarengatik, dakigun hori idazten dugunean errealitatearen prisma batetik baino ezin dugu kontatu.

Dakigun hori liburuaren –nire– tesia hauxe izaki: “Dakigun hori” jendarte, familia edota lagunarte osatzen dugun partaideen begiradarekin osatu ezean, ezin "egiazkoa" izan. Areago, dakigun hori besteren-ezina da, intrasferiblea. Norberak dakiena, bizitzan ikasi duena edota bere bizi-esperientzia helarazi ezina zaizkio. Geure nahikaria izanagatik, nahikaria bizia, ez dakigu gurasoei, bikotekideari edota seme-alabei dakigun hori transmititzen. Zer erranik ez, are gutxiago taxuz ezagutzen ez dugunari.

Testuinguru horretan ulertu dut neronek Dakigun hori kronika-saio-nobelaren hautu literarioa. Izan ere, dakigun hori ez da inoiz osoa, ez da osatua familia edota komunitateko bertze kideek dakitena aditzera ematen lortzen ez duten arte. Nobela-diamante honetako alde guztiek –giza-aurpegiek– osatzen dute errealitatea. Errealitatea poliedrikoa da. Hala ageri duzu ere nobelan. Ertzen zorroztasunak ebazten dituzte nobela honetako auziak. Kasuak kasu, Unai pertsonaiaren kasua, hizpide: “Ez dakit bizitzen militatu gabe” dio Unaik. Ikaragarria. Latza. Gaitza.

Historiaren arioaren istorio honetan, Idazleak zehazki aipatzen ez duen Euskal Herria helburu lemaren ildoan borrokatu duten azken belaunaldietako partaide askok depresio-sindrome pean jardun dute –bereziki azkenekoek; ez da esklusiboa, baina horiek batez ere–. Ikaragarria da. Askatasuna ekarri beharko luketen borrokek preso bilakarazi dituzte berauek. Giza-historian behin eta berriz errepikatzen dena. Ez dugu kontu berria, hots.
    Berriz ere diot, porsiacaso: iruzkin labur txatxu honek baino, liburuak saio-tesi bat behar luke akaso.

Dakigun hori delakoan autokritika moduko bat kausitu dut. Zer bestela eskatu behar zaio literaturari, ezta? Alegia, espiritu kritikoa ernatzeko ez bada, zertarako behar dugu literatura? Galderak betiere. Arrapostuak nork bereak kausi eta eman ditzan.

Idazleak Idoia protagonistaren gainean eskaini-eraiki digun irudia balekoa al da? Balekoa edo duina, erran nahi dut. Ez al da irudi manipulatu bat? Izan liteke, noski. Dena dela ere, idazleak –letra txikiko idazleak– aurkitu du istorioa eraikitzeko manera Idazlearen bitartez –letra larrikoaren bitartez–. 
   Dena dela berriz ere, Idazleak “ohar lasterrak teklatu [ohi] ditu mugikorreko notes aplikazioan”. “Gizarte zerbitzuen txostenetik”, kasu.

Interesgarriak dira hagitz, Idazlearen oharrak: Sektan “jausten” diren pertsonak bihotz onekoak dira, apur bat xaloak. Inozenteak alegia, idealistak, nahiko azkarrak. Hiritarrak eta nagusiki emakumezkoak. Salbazioaren ideia presente dago mundu hobe baten xerka ari diren horiengan.

Aintzat hartzeko oharra: “Salbazioaren ideia ez zaio berria Idazleari”. Nire aburuz, denbora iragan ahala ideiak komunzki kontu edo uste zaharrak bilakatu izaten dira. Idazlearentzat –idazten edota pentsatzen duen pertsona arrunt ororentzat orobat– ideiak zahartuz doazen ahala berritzen dira haren pentsaketak eta hitz idatziak.
    Salbazioa unean uneko askatasun aldia begitantzen zait. Hona maxima bat: “Askatasuna iraganeko i-legalitatea garaitzean gauzatzen da”.

Azkenik

Dakigun hori kronika-saio-nobelatua diamante gisara ekarri dut. Arto-buru bat bailitzan hartu, irakurri eta jorratu dut hartara. Bere ertzek “ebaki egiten dute”, erran dut. Hainbat ertz zorrotz dituela, baina maketsak ere dituela
–lanputsak edo kamutsak– adierazi dut halaber. Edonolakoak direla ere, gogo-ebaketak jasan eta sufritu ditut. Ez dago literatura bizitzerik sufritu gabe.

Kamustasuna delakoa argitu aldera: liburua diamantea gisa hartuta, atalez atal, azpiatalez azpiatal, istorioa monotonoa bihurtzen da nolabait, usu errepikakorra, hein batean hori ere. Horregatik, diot –metafora aldrebesa bada ere–, finean eta funtsean, (h)istori(o)a irakurri ahala nobelaren ertzak kamutsagoak kausitu ditudala.

Nago, giza-historiaren protagonisten eta istorioetako pertsonaien zauriak –literaturenean, alegia– geroz eta kontu arruntagoak ez ote diren bilakatzen ari. Nolanahikoak direla ere, horrek ez du batere gutxiesten Dakigun hori kronika-saio-nobelatua delakoa. Aitzitik, Dakigun hori diamante-puska-zaurgarria duzu.


Utzi iruzkina: