"Borono"-ek beren iraultza irabazi gabe, "maketo"-ek jai dute

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-19 09:56
1

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1603094817529

Maketoen iraultza (Doctor deseo) diskoaren iruzkin bat egin dut berriki, iruzkinaren amaieran, pasadizo hau ekarri nuen akordura: “Doctor deseo taldearen kontzertu amaieran, Urretxuko Gernikako plazan, eskola garaiko ikaskide bat hurbildu zitzaidan. 40 urte luze iragan dira garai hartatik.

– Joder Asurmendi, aspaldikoa!

– Bai horixe!

– Ikusi al dituzu “gure herriko abertzaleak” eszenatokiaren aurrean, adurra zeriela ibili dira saltoka eta kantuan!

Airean harrapatu nuen maketo-aren ironia!”.

Baten batek keinu murritza egin dit horren zioz. Maketo-en aldeko defentsa egiteak boronoek jasan zuten jazarpena gutxiagotuko balu edo. “Abertzaleak” izaten ditut sarri ituan, jo-puntuan, kritikoa, zorrotzegia eta “gaiztoa” izaten omen naiz berekin. Deus aitzin: esan dezadan, abertzale horietan ni neu ere banago noski, edo egon naiteke kasuan kasu. Abertzale izatearen inguruan egunen batean idatziko dudalakoan, gaur Boronoen iraultza-z idatzi nahi dut.

1970eko hamarkadan –Burgosko prozesu garaitik 1977ko Askatasunaren ibilaldia bitartean, garaian kokatu aldera– Borono eta kashero adjektiboak jite bateko pertsonak izendatzeko erabiltzen zituzten (alde) batekoek eta manchurriano, coreano edota maketo beste (aldeko) batzuek. Guk eskolan generabiltzan bereziki eta langileek fabriketan.

Ni izendatzeko –eta ni bezalako beste batzuk– adjektiboak ez ziren jite batekoak ez bestekoak. Belarrimotza izan arren, ez (ge)nituen laido edo irain horiek pairatu behar izaten. Zergatik? Bada, maketo delakoak penintsulatik –estatutik– etorritako immigranteak zirelako. Nire modukoak aldiz, oro har, Euskal Herriko “barne etorkinak” ginelako, eta gehienok, gutxi-asko, euskal abizenak genituelako ez ginen ez borono ez coreano.

Egia esan, laido horiek –gutxi asko– guztiok erabiltzen genituen elkarri mina emateko. Nerabe eta gazte berde baikinen, aski inkontziente ordu hartan. Laido horiek “gurea ez zen” identitate baten aurkako adierazleak ziren, hots, maketoak eta boronoak besteak ziren. Egiari zor, bene-benetan, “abertzale” izatearen kontzientzia zutenek eta “espainol” kontzientzia zutenek erabili ohi zituzten irain horiek. Adin horretan identitate edo nortasun baten jabe ziren eta modu kontzienteagoz erabili zuten.

Hala ere, euskaldun izatearen nolabaiteko kontzientzia zutenen aldetik –baserritarrak, ez kaleko abertzale erdaldunak– belarrimotza izaera aditzera ematen ziguten euskara gabetuoi, baita familiako senitartekoengandik aditzera eman ere haiek euskara erabiltzen zutenean, gu, zoritxarrez, mutu geratzen baikinen. Garai hartan, identitateari buruzko gure kontzientzia nebulosa bat zen.

Garaiak garai, euskaldun errariak betiere

Estatutik etorritako etorkinen artean denetarik egon bazen, frankismo garaian ez bezala, demokrazia deitu honetan, asko eta asko ez dira euskal identitatean integratu, ezta sekula santan integratuko: ez dutelako nahi, ez dutelako euskal kontzientzia bere eginen eta estatuaren babespean bizi direlako. Garai hura zaila izan bazen, gaur egungoa –globalizazioa dela medio– ez da samurragoa. Eta gai edo “arazo” horri dagokionean, zailtasunak handiagoak dira gaur egun garai hartan baino. Datozenak ez datozelako orduan bezala, orduan lan ia ziurtatua heldu baitziren Euskal Herrira, legearen marko barruan edo pean.

Egungo immigrante gehienak legez kanpo heldu badira, non eta nola integratuko dira? Garai hura iragana da eta egoera horiek eragiten zituzten zauriak sendotuta al daude? Neurri batean, baietz esango nuke. Alabaina, kutsu “arrazista”, “xenofoboa” eta jite gutxiesgarria gure barnean daramatzagu gizakiok, gure izatearen ezaugarria baita. Edonola izan den ere, nik “abertzaletasuna”-k izan zuen “ezaugarri arrazista” hura ulertu nuen. Identitateen arteko talka joera orokorra –izan– da giza historiaren bilakabidean. Euskal identitatearen kasuan, defentsako “jokamoldea” izan zen, eta ez adibidez, espainiarren, frantziarren edota alemaniarren supremaziako jazarpena.

40 urteren ostean, egungo egoerara heldu gara. Maketo haietako askok “iraultza” egin zuten eta egin dute euskalduntasunaren alde, baita “borono”-ekin batera egin ere. Badago dioena “abertzaletasun politikoak (ETA barne) integraziorako aukera eman ziela borroka antifaxistarekin identifikatu zirenei”. Bai, baliteke. Nolabait ere. Kontua da, frankismoaren ondoren, demokrazia delakoan, abertzaletasunaren ildoek ez dutela ahalmenik izan politika bateratua(goa) egiteko eta euskalduntasuna –euskaraz bizitzeko nahia– ez da jendartearen sektore guztietara heldu, ezta gutxiagorik ere. Orduko gizartea askotarikoa bazen, gaurkoaren Euskal Herrian bizi diren identitateak zenbatze soila, lan gaitza da! Hasteko eta behin: etorkin berriak de facto Espainian edota Frantzian bizi dira. Eta dagoeneko ez dira maketoak.

Finean eta funtsean, maketo-ek beren iraultza egitea beharrezko izan badute –eta horietako askok egin dute–, nire aburuan, ez dira euskaldun gisara emantzipatuko borono-ek beren iraultza irabazten ez duten bitartean. Borono-ek beren iraultza irabazi gabe, maketo-ek jai dute.

Izan ere, boronoak edo kasheroak izan gabe, euskal nortasunaren kontzientzia zuten orduko abertzale haietako askok ez dute euskara egin bere, eta beren seme-alabek eginda ere, “lege dekretu peko” euskara darabilte. Abertzaletasunak bide luzea egiteko du oraindik ere! Herri xehe eta apalaren nortasuna sustatuko duen abertzaletasuna behar du Herri honek.


Utzi iruzkina: