Bizitza labirintoa den uberan, ducados bat ezpainetan

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2024-02-03 12:35

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1706961676835

Kangaroo

Martin Etxeberria

Elkar, 2023

Abiapuntuko hitzak

Kangaroo aurretik, lau poema liburu argitaratuta ditu Martin Etxeberria idazleak. Zakurraren poema eta beste hezurrak eta Winston komentatu nituen beste orduz. Aura batek inguratuta –berezko aura– oroitzen ditut bere poemak. Aura hori poetaren zigarretaren aurak –erretzaile trebeak airean zabaldu ohi dituen kezko eraztunak– izan daitezke. Sinplea dirudi, baina hara, ez da hain sinplea. Ez nadin sinplea izan.

Kangaroo hau duzu bere azkena. Ez da plazara jalgi berria ere. Nik baina, Gabriel Celayaren “poesia etorkizunez kargaturiko arma bat da” erranairua praktikatzen dut. Martin Etxeberriaren poema hauek errekamaran –nire buru-ganberan, hots– sartuta izan ditut luzaz. Desarratzeko tenorea heldu zait.

Kanguru alaena

“Ze, berdin du zer esaten dizuten: bizitza kremailera hautsiko zira bat da benetan. Kanguru zahar bat”. Zapaburu destilatu bat poemaren paragrafo bat duzu. Gomendio bat: liburuaren izenburutik hasita, kasu egiozu hitzen semantikari. Arretaz so egin, arretaz irakurri, poeta honen poemak ispiluak baitira. Ispilu distortsionatuak ote? Baliteke. Edonola diren ere, "bizitzan ispilu bat da guztia, hari begira behar adina egonez gero" (C.S.).

Gabriel Celaya poetaren pasarte batek lagundu dit hitzen hasmentan. Poeta honen bidean era berean, bidaide anitz antzemanen dituzu. Charles Simic poeta, abiaburuan. Bidaide idatzi dut, gogaide idatz nezake. Alta bada, bidaide guztiak ez dira gogaide. Horixe ene ustea. Ez dut erran nahi poeta honen bidaideak ez direla bere gogaideak. Irakurle bakoitzak bere juzkua eginen du, prefosta. Konparazioenera, literatura egileak ditu bidaide, baina El Mesias ere bidaide du. Poema bereizgarria duzu. Bakarra. Gazteleraz ari zaizu. Poemaren azken paragrafoak hauxe dio, “Y murió / treinta tres años despues / de haber resucitado / Berpiztu eta hogeita hamahiru urteren ostean hil zen”. Gure Mesiasi buruz ari duzu. Garenaren seinalea dukezu poema.

Literaturaren bidea idazleekin egiten da, kasuon, eta besteak beste, Raymond Carverrekin edota Juan Rulforen Pedro Paramorekin bat egin dezakezu, Comalara bidean egin ere. Ez estonatu, herio biziki presente duzu bidaia honetan, Comalan nola. Herio bizia. Laket zait oximorona. Harira: bidaian denak ez dira poetak. Edo bai? Nola interpretatzen dugun, ezta? Frida Kahlo, Buster Keaton edota Txaikovski ez al dira poetak? Araiz, poeta dituzu. Itzul gaitezen liburuaren genesira, ez gaitezen alboratu: labirintoan galtzen hasi baino ez gara egin eta.

Bizitza labirintoa baita. Hitzak bizitzan, “kanguruak” legez jauzika dabiltza. Esanguratsua, eiki! Bizitza eta hitza. Abantzu, hitz kidekoak. Nolabait hori ere. Errima politekoak, hori bai. Hitzak. Bizitzarako lanabes berebizikoak. Ez didazu ulertzen, naski.
   Oharra: irakurri poema liburu honen sarrerako testua. Poema moldean ekarria ez den bakarra duzu. Horra, bizitza  labirinto den bidaiarako gida moduko bat. Ulergaitza. Zaila ulertzekoa. Martin Etxeberriaren poemak legez, bizitza nola.

Ez etsi horregatik. Jarri tinko ispiluari so –poemei begira–. Jarri nire alboan. Tinko iraun dezagun, luzaz iraun ere. Gure gogoa berma dezagun begirada bakoitzean. Ulertezinaren ulertezinez, ekinaren ekinez, aitzinatzen eginez. Etorkizuna etorkizun, ispiluaren auran antzeman ditudan poemen islak dituzu jarraian:

Etorkizunik ez, ez geroko bizitzarik

Poetak –poeta honek– ez digu udaberria iragartzen. Ez dugu merezi eta. Otsailean gaude eta martxorik nahi ez. Horixe poetaren gogoa. Hitzen itzaletan babestu gara. Poesia delako onartzen gaituen infernu bakarra. Gu gara beita –amua–, gu gara heriotzaren hazia –amua–. Ez dakigu txori ala arrain garen –ispiluari begira gaude, irakurle lagun hori–, gure atzazalaren hegal zuriek gidatzen gaituzte. Betile luzeak ditugu.

Sasikume bat zara, Martin. Gorroto zaitugu. Zure ezpainetan errea izateko Ducados bat gara, zigarro zahar bat. Ez dakigu maitasuna zer den, zer ez den bakarrik dakigu. Distirarik gabeko Karonte bihurtu gaituzu. Ibaiertz aspertu honetan geratu gara zure ondoan, bizitza laino eta heriotza ke bihurtuta.

Labirintoan galtzen hasi baino ez gara. Gaztigatu dizut jada, irakurle bidaide hori. Ez gara Comalara itzuliko, ez baikara egundo izan. Herio gurekin daramagu alabaina. Ispiluaren aura bera duzu herio. Gure begiradak tximista ehortziak dira. Poemetan egiarik ez dela agintzen dizugu. Horixe egia. Egia makurra. Neguaren otoitza gara, udaberriaren aiduru. Bezperan baino ez gara zoriontsu. Zigarro-muturrez –ducados beltza, naski– ehundutako errosario santua –Xabier Lete gogoan– errezatzen dugu.

Ez dugu dagoeneko ispilurik behar geure burua madarikatzeko. Terra incognitan gaude. Poemok kanguruak dituzu. Gulliver dugu bidaide. Ezkutuan eta isilka bizi gara. Hobe gure buruaren kale izan, inoren akats baino. Ispiluari begira gaude Winston. Zigarreta suerte baten izena duzu Winston. Gure txakurraren eztula duzu Winston! Gero eta ozenago egiten du zaunka. Ispilu lanbrotuari so ezagutu dugu bere burua, gure burua.

Hemendik aurrera bihar atso da. Amondu da mundua. Orbeldu da ortzia. Izpiek eta hostoek ostentzen dute ispiluaren aura. Oroimenaren hezurretan gure burua urkatua agertu zaigu. Ez dugu zuhaitzik behar borrero bilakatzeko. Egunsentia heldu da eta ez dugu hitzen beharrik orri zuria zikintzeko. Koma eskukada bat aski dugu poema txar bat zirriborratzeko, baita poema on bat zikintzeko ere. Xantza dugu: orgasmoak ez bezala poemak ez du iraungitze data. Ez da premisa txarra ahazteko zaharregiak garela ohartzeko. Poetak ez dira hilik bizitzeko jaio. Horixe ere poeta honen dohaina –dohainetako bat–. Eta gu ere –poetaren uberan goazenok–, ispilu honi begira gaudenok, ez gara hilak bizitzekoak.

Karonteren txalupan segitzen dugu. Artean ez gara egunkarian azaldu. Ez eskean ez eskela batean. Atzamarrak bustitzen ditugu arraunetan, baina orria pasatu aitzin, astiro eta emeki bogatzen dugu. Ikaroren bagina poema dugu begiradan, Ikaro bagina gu ere. Begiak itxita. Minotaurorengandik ihesi. Urreren bila gabiltza gu ere. Mihise saretu batez itsututa. Puta merkeak gara. Gu ere bai. Maitasun kontuez ari gara, ez dezagun gure burua tronpatu. Ardo zuria ei da poesia. Hala diosku Martinek. Itzalaren iturritik tantaka, heriotza bezain borobila. Parean dugun ispilua bezain biribila.

Bizitza antzeman ezin dugun aura batez inguratuta dago. Haurtzaroaren hautsaz estalita, babestuta, gure izatea zirriborratzen duena, gure soa diluitzen duena. Funtsean, gure biografiaren gezurra estaltzen duena. Haurtzaroa beti presente, atzera begira soilik bizi dezakegu bizitza. Liburuaren irakurketa amaitu aurretik, hiltzailea nor den asmatzeko sinaleak ditugu hitz horiek.

Miguel de Cervantes bidaide dugu orain. Sanson Carrascori gutuna idatzi dio poetak. Oraindik Kixote asko omen ditugu akabatzeko. Horregatik bakarrik bada ere, merezi du oinazeak. Ostegun arratsaldeak dituzu, batez ere, ilunabarrak, ahultasunaren ingudea astintzeko aproposenak.

Zaratustra ere gure ispiluari begira dago. Hara! Nork erran zezakeen? Gure aita zeruetan zaudena! Nor etorri den gure ispilura, gure erreinura, nor eta Zaratustra!

Zaratustra entzun: Jainkoak sortu zuen mundua, deabruak bataiatu zuelako. Aizak Zaratustra, zer egin dugu infernua merezi ahal izateko. Hara, heriotzak ez gaitzala behintzat kulero garbiekin harrapatu. Ezta, Pasolini?

Entzun ezazue arretaz Pasolini nahiz Zaratustra: mozkortu zeuen ardo minduaz eta ez eskatu barkamenik. Bioi ala bioi ari gatzaizkizue. Iritsi da igandea. Espaloi bat haratago gaude.

Espaloi bat haratago, txindurriak direlako errege. Suak ez du itzalik dagoeneko. Kafea amaren etxean bestelakoa da. Kafe mehea eta a-txikoriarik gabea. Kafea hobe isilik hartua. Zapore isila duena. Dena ondo maitea? Neskame ile-kizkurrak kea bere barruan mantentzen du. Birikak lehertu beharrez ari gara ispiluari begira. Winston –zigarreta, noski– ezpainetan. Ezpainetan eta biriketan. Dena gorri da eta ilun. Zaldiko-maldikoaren zurrunbiloan segitzen dugu, itzulika.

Begirada ispiluan nola, hitza lanbrotu eta izoztu egin da bizitzan. Oroitzapenak amaren auraz inguraturik daude. Haurtzaroa da. Atzera begira bizitzen segitzen dugu, zaldiko-maldiko noriaren ertz batean gaude, ispiluaren auran gaude. Begirada izoztu bat gara. Izozturik eta jiraka geratu gara. Betiko geratu ere nonbait.


Utzi iruzkina: