Bizitzak ez dik zentzurik, norberak ematen diona besterik
Sarrerakoak
Bidasoan gora liburua kari (2019, Elkar) ezagutu nuen Eneko Aizpurua idazlea. Saiakera moldeko kronika literario egokia. Horren aurretiko nobelak ez dizkiot irakurri, ordea. Nobela beltzak. Saiogilea eleberri lanetara itzuli da, eta Gaueko azken expressoa nobela ondu du. Nobela beltzetan –ez dut espoilerrik egin nahi– hildako bat izaten da istorioaren ardatza edota hari eramailea. Ez da nobela honen kasua. Alabaina, eleberri beltza begitandu zait. Beltza eta latza.
Miguel eta Antonio, migrariak, paradisuaren bila abian dira “euren munduko infernua” gibelean utzita. Kasuon, paradisua Paris da. Sena ibaiaren magalera iristeko baina, Miño (Minho) lehenik eta Bidasoa ondoren gainditu behar dituzte. Saltoak protagonista nagusien mintzamoldean.
Miguel Barros da protagonista, guztien gain. Portugalgo Salazarren diktaduratik 1974n ihesia. Antonio lagunaren eta bien ala bien migrari-bizialdia da nobelaren zioa. Portugal utzi, Minho ibaiaren harana gibelean utzi eta Frantziara alde egin zuten. Poliziak baina, Bidasoa ibaia iragatean galarazi zituen euren asmoak. Antonio laguna –beste migrari askoren antzera– Bidasoan desagertu zen. Bizirik al dago Antonio? Horixe Miguelen kezka. Betirako kezka. Miguel Barros Irunen geratu zen bizitzen. Artean, familia osatu du. Haatik, Antonioren bila ibiliko da 40 urtez Miguel.
Nobelaren kontakizuna ez da ahots bakarrez osatua. Miguel, Garbiñe andrea, bien semea, Miguelen maitale Gisele eta euren psikologoa ere narratzaileak dira. Ez dira guztiak. Badago baten bat gehiago ere. Narrazioa psikologoaren kontsultan egiten da. Nobela korala da. Ahots polifonikoek osatuta.
Lerroburua
“Bizitzak ez dik zentzurik, norberak ematen diona besterik”. Iruzkin honen lerroburua duzu. Miguel Barros protagonistaren hitzak dituzu. Nobela hau adierazteko aproposak iruditu zaizkit. Izan ere, istorioa despropositoz beterikoa baita. Istorio hau lokura bat da. Nobela bere horretan, halaxe begitandu zait: eromenaren isla. Beraz, ez da harrigarria psikologo baten kontsultan gauzatu izana. Alabaina…
“Bakoitzak ahal duen bezala egiten du hegan” aipuarekin abian da nobela. Antonio Lobo Antunes idazle portugaldarrena. Eneko Aizpuruak idazle horren Gauzen ordena naturala nobelaren ildoan gauzatu du berea, nolabait esatearren. Hau da, funtsean, liburu hau oroimenaren ariketa duzu. Kasu baina, oroimena eta oroimina elkarren ondoan ibilki dira. Nobela honi oroimina dario alde guztietatik, hainbestekoa ezen eta irakurraldi zenbaitek itolarria eragin baitiguke. Tira, ni hainbat pasartean itota sentitu naiz.
Gaueko azken expressoa izenburuak ondo baino hobeto adierazten digu nobela honen frenesia. Istorioa psikologo baten inguruan –haren bulegoan– kontatzeak pertsonaia hauen egoera psikikoen nolakoa ezagutarazten digu. Adibiderako, protagonistak psikologoa itauntzen du aldian-aldian. Barrosek delirioak bereak ote diren edo inguratzen gaituen errealitatea bera ez ote dagoen delirioz beteta adierazten dio psikologoari.
Hauxe nire gogoeta: “Errealitatea berez ez da delirioen adierazgarri, aitzitik, eldarnioak jasaten dituzten pertsonentzat errealitatea burugabekeria da ”. Istorio honetako errealitatea, gaixorik dauden pertsonen errealitatea da.
Nobela, generoa fikzioa den aldetik, errealitatearen birsortzea da. Nobela honetan deskribatzen den errealitatea eman daitekeen? Bai, bistan da. Alta bada, nobelaren pertsonaien delirio furfuriatsua, gehiegizkoa ez ote den nago. Erran dezadan, bide nabarrez, nobelari nabar adjektiboa atxiki dakiokeela: ahots ugariko izakien kolore askotarikoa da. Zenbaitetan, zalantzagarria, ekibokoa. Norabide askotan zentzu asko hartzen dituena.
Askatasunari oda: garrasi ozenak
Deserrotzea da nobelaren honen funtsezko gai eta gaitza. Deserrotzeak pertsonaien baitan eragin biziminak bizitza desorekatu bat eragiten du. Pertsona horien identitatearen gainean ari duzu istorioa. Identitateaz gogoetatzera gonbidatzen gaitu. Demagun, portugaldar bat euskalduna bilakatu al daiteke? Miguel Barros euskaldun bihurtu arren, ez da sentitzen jatorrizko euskaldunen kategoriakoa. “Euskalduna euskaldun izan nahi duen oro” delakoa ez da beretzat erreala, antza. Miguel Barrosek, portugaldarra pertsona menos bat gisara hartua dela diotso psikologoari. Hala berean, berak ez du euskaldun arrunt bat bihurtu nahi, pertsona arrunt libre baizik. Nobela askatasunari oda bat da. Askatasunaren aldeko garraisia. Hots, Barrosek euskaldun bai, baina bere gisara izan nahi du. Nobelak euskaldunok ezeren eredu jartzetik urrun paratzen gaitu.
Nobela honen alde literarioaren aspektu “desegokia” nahiz “egokia”
Desegokia: istorioa osatzen dituen pasarte “erreal” zenbaiten txertaketa. Esaterako: Azken tangoa Parisen film ikustera joan ziren portugaldar gazteen pasartea. Honela dio Miguel Barrosek: “Egunkarietan argitaratutako informazioaren arabera, etakideek basaki torturatu zituzten nire ezagunak hogeita lau orduz”. Besteak beste –garai hartako denok "ezagutu" genuen gertaera erreal batez ari da Miguel Barros–, gertakari hura egunkariek sortu eta imajinario kolektiboaren barruan sartu zen. Hala izan al zen? Edo orduan sortu genuen uste bat bezala hartu behar al da? Izan ere: “Begietan torlojuak ere sartu zizkieten polizia sekretuak zirela aitortu zezaten” dio narratzaileak.
Istorio batean –ez dezagun ahantz fikzioa dela– errealitatean gertatu omen ziren bizipen zehatz batzuk deskribatu eta txertatzen badira, errealitatearen interpretazio hori hagitz arriskutsua da. Nobela desitxuratu dezake. Bidasoan itota aurkitutako Orbaizetako Mikelen kasua ere agertzen da nobelan. “Non dago Mikel?” lema gogoan. Mikel nork hil zuen –Estatuak onartu ez arren– argi eta garbi dago herri honen kontzientzia kolektiboan. Ordea, desagertu ziren hiru portugaldarren kasua argi al dago? Gazte portugaldarren hiltzaileen kasua, Mikel Zabaltzaren kasuaren kontrapuntuan ekarri nahi izan dut. Berriz diot, zer ulertu ere, gertakari errealak fikzioan txertatzea arriskutsua izan ezik, errealitatea argitzeko bitarteko den fikzioa itxuragabetu dezake. Eneko Aizpuruak egin duen hautu narratibo "desegokia" begitandu zait. Edo zalantzagarria behintzat.
Historia nobelatzen denean, kasuon –historia hau bizi berria den/dugun aldetik–, irakurleok historia bizi izan dugunez gero, idazleak sortzen duen istorioa zalantzagarria bilakatu daiteke. Kontu bat: 60 urte gainditu dugunok eta hogeitahamar urteren bueltakook ez dugu nobela bera irakurtzen. Tira, nobelako hainbat gertakari bederen. Hara, hori nobela guztiekin gertatzen da, ezta? Izan ere, 60 urte baino gehiago dugunok nobelako hainbat gertakariren garaikideak izan baikinen.
Desegokia: aipatuko dudan aspektu hau desegokitzat jotzea ekartzea erlatiboa da, noski. Alegia, nobelaren polifonia, pertsonaien narrazio etengabeak, hagitz fite garatzen direnak, nobelaren irakurketa “garratza” eragiten ote duen nago. Psikologo beraren presentzia, gainerako pertsonaiek harekiko mantentzen duten jarduna, “astuna” ote den nago. Ez naiz edukiaz ari, formaz ari naiz. Funtsaz baino, formaz. Gaueko azken espressoa ez da autobus bat, AHT baizik. Nobelaren azkartasuna, abioa, izugarria da.
Hona ene uste bat, guraria naski: Gaueko azken expressoa nobela –giza askatasuna, deserrotzea, identitatea; errepresioa, estatu guztiahaltsua eta jendarte bezatuaren jiteak kontatzen dituena– urte zenbait pasa ondoren, nago, idazleak berak, beste modu batez kontatuko dukeelakoan.
Egokia: nobelak aspektu egoki anitz dauka, bistan da. Hasteko, idazlearen literatura-bagajea. Azpimarragarria da, Lazkaon jaio eta Iruñean bizi den Eneko Aizpuruak Bidasoa harana horren ongi ezagutzea. Are, Bidasoa ekarri digu berriz ere gure artera, baina Minho ibaia eta ingurumaria –Portugal eta Galiziaren arteko mugaldea– ingurumaria egokiro landu eta agertu du. Portugalgo literatura izan ezik, portugaldarren idiosinkrasia ezagutzen du, baita, noski, galiziarrena berarena ere.
Nobelagile eta saiogile, idazle honen elkarren ondoko aldeak. Bidasoan gora delakoan, saioaren sotiltasunaz gozatu nuen, saiogilearen graziaz. Hala berean, euskal eta abertzale munduan ezarritako hainbat dogma edota sinesgai zalantzan jarri zituen. Euskaldunon ortodoxiaren inarrosle. Naturan gauzatua, jite naturalez egina, gauzen ordenu naturalaren aldeko saioa duzu liburu hori, pertsonok sortzen dugun irrealtasunaren kontrakarrekoa. Gaueko azken expressoa nobelan espiritu eta doitasun horiek berak ere antzeman ditut. Errealitatea behatzeko begi-zorrotz zolia da idazle hau. Hizkuntza joria. Bagaje aparta.
Errana dut jada, finitzeko: bagajea amiñi bat arinagorekin bidaia hau –nobela alegia– modu egokiagoan egin ote liratekeen nago. Bestera erranik, nobelagile honen bagajea meategi bat da. Mineral iturri nasaia. Nobelagileak mineral hori, berezko duena, apur bat findu behar du nolabait. Eginen duelakoan nago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: