Bizitza puskak (bizi puskak gogoan osatutako nobela)

Bizitza puskak (bizi puskak gogoan osatutako nobela) Begizolia | 2026-08-20 17:34

Bizitza puskak (bizi puskak gogoan osatutako nobela)

Zaldi bat

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Txalaparta

Hasmentan: konturen bat edo bertze

Zaldi bat izena du Maddi Ane Txoperena Iribarrenen nobela honek. Aurreko biak irakurri gabe, arrazoiak arrazoi, hirugarren honetan murgildu naiz. Kontu zenbait hasmentan: nobela "bitxia" da –bitxia hitzaren adiera zure kontu–.  Laburra, ikusi edo uste batez. Alabaina, uste nuena baino luzeagoa –egin zait– aldi berean. Originala forman. Iruzkin honetarako izenburua eman dit dagoeneko: Bizitza puskak.

Juanjo Olasagarreren Bizi puskak poema liburua heldu zait gogora. Baita, segidan, haren ondorengoa ere: Puskak biziz. Zaldi bat delako honek badu ukitu edota oihartzun poetiko bat. Tira, nobela izan arren, edozein dela generoa ere, literatura izanez gero, literatura den aldetik, liburu orok poetika bat –behar– du ezinbertzean. Zaldi bat izenburua izanik ere, nobelako zazpi atalek daukate Zaldi bat izenburu.

Intro, Nekropsia, Pause, Pause berriz ere, Rewind, Rec, Stop (edo erresonantzia kutxa), Eskerrak eta Bonus Track atalek osatzen dute Zaldi bat. Atal hauen izenburuek nobela honen jite sinbolista seinalatzen digute. Erran nezake, beraz, nobela sinbolista dela. Izan ere, nobelan badaude kontzeptu abstraktu asko. Asko edo. Alegia, nobela sinbolista da, baina neurri batean hori ere.

Erran nahi baitut: nobelako pertsonaiak, errealitatean baino, mundu espiritual edota ezkutuko batean mugitzen dira, bizi dira. Mitologian edota ametsen ildoan, arrastoan, nolabait erranda. Ezin dute horregatik errealitateari bizkar emanda biziZaldi bat pertsonaien bizi puskaz osatuta dagoela erran nezake, hartara. Idazleak hainbat pertsona errealen bizi puskez osatu ditu pertsonaiak. Pertsonaia horiek bizitzaren puskak gogoratuz bizi dira. Hartara, bizi puskak gogoan osatutako istorioa duzu. Nobela, hots.

Pertsonaiak behin aipaturik, euren izenak ekarri behar: Miren duzu pertsonaia nagusia. Protagonista. Aurreko paragrafoan deskribatu dudan pertsonen arteko profil nabarmenena dukezu berea. Noa duzu Mirenen alaba. Markel da Noaren aita. Unai, berriz, iraganean hil zen pertsonaia –pertsona erreala hain ziur ere–. Mirenen bikotekidea. Bikotekidea edo. Badira maila apalagoko bertze pertsonaiak: Jone, bertzeak bertze. Senitartekoak. Herrikideak.

Bizi puskak

Heriotza da nobela honen ardatza. Nobela existentzialista ote? Esentzialismoan zilipurdikatzen den esentzialismo gisako bat hauteman dut. Eleberrigileak nekropsia gisako bat lantzen du nobelan barrena. Heriotzaren gainean dabilen mamu batek zeharkatzen du nobela. Herio duzu ingurumarian edota espazioa horretan dabilen pertsonaia.

Heriotza izanagatik ardatz, maitasuna da motorra, naski.
Biak ala biak, heriotza eta maitasuna, bizitzaren ardatz eta motorra izaki. Edonola den ere, nobela errealista den aldetik –errealitatean oinarritua– herioren erakarleetako bat droga dela erran nezake. Bertzeak bertze, bistan da. Euskal Herriko lehenbiziko droga alkohola izaki. Gainerakoak –izenez– ezagutzen ditugun sustantzia suerte sorta zabala dugu. Izenez ezagunak diot, ez baitezpada "dastatuak" izanagatik.

Eleberria ez da leku ezezagun batean gauzatzen, ez leku idiliko batean ere. Bortzirietan gertatzen da. Zehazkiago erranik, Lesaka herrian. Nobela belaunaldi baten erretratua da nolabait. Erretratu erreala. Hor nonbait.
Aldiak aldi, aldiz aldi. Zaldiak zaldi, zaldiaz zaldi. Puskak puska, puskaz puska... Hainbat belaunaldik esperimentatutako aldiek eta puskek –bizitzako pasarteek– islatzen dute jendarte horren idiosinkrasia.

Mendixka arteko ibar hertsian eta baserrien magalera hazitako herria izanagatik, herri metalurgikoa ere bada Lesaka. Langileen munduko eskarmentua ageri duzu nobelan. Langileriaren borroken ukitu –eta hunkitu– agerikoak islatzen dira berean. Frankismo garaiko pasarteak lehenik. Erregimen frankista berak "sorrarazitako" ETA fenomeno politiko-sozial armatuaren agerbideak gero. Emakumearen berealdiko suspertzearen testigantzak hala berean. Feminismoaren garabidearen agergarriak. Horiek dituzu herriaren ispiluan –islak isla, islaz isla– ageri diren gertaera sozialak.

Nobela politikoa da. Nobela soziala. Prefosta. Dena da politikoa. Alta bada, pasarte edo lekukotasun "agergarriak" gisara ekarri ditudan horiek, zenbaitetan, erlijio kutsuko "agerkundeak" kausitu ditut. Zaldi bat nobelak badu, badakar berarekin "halo" misteriotsu bat.

Puskak bizi

Dena dugu politikoa. Eta hala izanagatik edo, jendartea egituratzeko moldeak berritu nahi dituzten belaunaldi bateko pertsonek –pertsonaiek– adierazitako "politika" ageri duzu nobelan. Iragan mendeko azken hamarkadan jaiotakoen bitartez kontatua. Milurteko biren mugan haziak eta heziak izan diren pertsonaiak.

Forman originala dela aipatu dut. Zaila da, jakina, originala izatea. Haatik, nobelaren beraren anbiguotasunak egin dezake berau originala. Izan ere, kasurako, Zaldi bat nobelak esanahi bat baino gehiago dauka edo interpretazio bat baino gehiagori bide ematen dio. Tira, eman diezaioke. Irakurle bakoitzak bereak egiten ditu eta. Halaxe nik egin ere. Erran nahi baitut: nolakotasun edo adierazpide anitz ditu eta horrek zalantzak edo nahasmena sor ditzake. Beno, niri  sorrarazi dizkit.

Nobelaren kontakizunak denbora-ordena hausten du, pertsonaien atzeranzko begiradak tartekatzen dira. Arestian errana dudanez, orainalditik iraganeko gertaerak kontatzen ditu sarritan narratzaileak. Hots, literaturan analepsia deitua lantzen du. Rewind eta Rec eta Stop delakoek determinatzen dute kontakizuna, edo nobela "kon-formatzen" dute nolabait. Erresonantzia kutxa batean sentitu zaitezke aldian-aldi. Halarik ere, errealitatea kontatzea –haren ildoan idaztea– fikzioaren bitartez egina bada ere, ez da zeregin samurra. Zaldi bat nobelak horixe eman dit aditzera.

Sinbologia aipatu dut. Zaldia baitezpadako sinboloa begitandu zait. Nire ikusmolde edota pertzepziotik, norbanakoon animalia-izaera ematen digu aditzera nobelak. Zaldia aldi berean, baina bertze gisa batez, heroina izendatzeko modu kolokiala edo argota dugu. Nobelan agertzen den belaunaldiak ez ezik –Miren, Markel edota Unairenak–, euren aurrekoen belaunaldiek ezagutu zuten substantzia. Gorputzean sartua eta odolean nahastua eta bizitua izan ere.

Mirenek arazo epistemologikoak ditu, narratzaileak, hots. Narratzailearen gibelean –bai atzean bai gorputz atal horretan– idazlea dago, noski. Idazleak bere filosofia gisako behar du bizitzeko –denok behar dugu bizitzeko filosofia suerte bat–, hala nola nobela gauzatzeko istorio bat sortu beharra. Nobela balioztatuko duen istorioa. Zeregin horretan nobela eraman nahi duen helburura ailegatzeko borrokan dihardu idazleak. Idazleak bere mugak ditu, noski. Istorioa kontatu ahala bere burua –eta nobela– saiatu egiten du, probatu egiten du. Zeregin horretan idazketa moldea lantzen ari duzu. Metodoa landu ahala baldintza sozial edo historikoak aztertzen ari da idazlea. Zerbait sineskorra gauzatzeko egia-irizpideak ahalbidetu nahi ditu nobelaren bitartez. 
   Oharra: paragrafoa Zaldi bat nobelaren idazlearentzat balekoa duzu. 

Zaldi bat III atalean, atal berau osatzen duten pusken artean esaldi hau kausituko duzu: "Ez dakit zertan ari naizen". Puska hori lerro horrekin hasi eta bukatzen da. Segidako espazioa hutsean dago. Esanguratsua begitandu zait.
    Zaldiak ugari dira atal horretan. Zaldia Mirenen espiritua ote? Hala dio hurrengo puskan Mirenek. Narratzaileak, idazleak, naski: “Beharbada zaldi bat zinen, pertsona baten haragian sartua. Beharbada zaldi bat zara. Ez edozein zaldi. Zaldi bat”.

Post Scriptum

Zalantza-balantzan, Zaldiko-Maldiko-n ari naiz. Gelditu behar al dut? Gehitu behar al dut bertzerik? Literaturazko iruzkinok, irakurri ohi ditudan nobela ipuin edo poesiaren sintonian idatzi nahi izaten ditut. Euren doinu moldean idatzi ere bai. Irakurketan bizi dudana helarazi nahi izaten dut. Edo horretan saiatzen naiz. Liburua irakurle posible eta balizko horrenganako hurbiltzeko manera egokiena begitantzen zait. Nork bere jitea.

Azken kontu edota inpresio bat: argitaletxearen sail honetako liburuen kolore gorriak eta beltzak biziki lagundu naute nobelan murgiltzen. Liburu hagitz ukigarria egin zait. Ukigarria eta hunkigarria.


Utzi iruzkina: