Bizitza bera zuloa bera... denean

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2026-02-12 16:10

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1770909524136

Dena zulo bera zen

Eider Rodríguez

Susa, 2025

Deus aitzin

Deus aitzin, hauxe: literatura molde oro metaliteraturaz osatuta dago. Idazle guztiek, aldez edo moldez, neurri batean edo bestean, literaturaren beraren objektua bihurtzen dute literatura. Hizpide dugun lan honetan idazlea ez da metaliteraturaz handizki baliatu. Alabaina, egin duenean modu hagitz adierazgarrian egin du. Hala berean, bertze afirmazio bat: Ez dago ex nihilo-z sortzen duen inor. Arte espresioen sortzaileez ari nauzue.

Eider Rodriguez idazlea narratzaile gisa nabarmendu da bere ibilbide literarioan –ipuin laburren narratzailea–. Dena zulo bera zen bere bosgarren lana duzue. Orain hurrengo emaria Eraikuntzarako materiala izan zen. Azken aurreko hori ez fikziozko nobela gisa ekarria da. Idazleak berak halaxe ekarria edota adierazia da –narratzailearen bitartez– Ahate bihotz narrazioan.

Eraikuntzarako materiala delakoa ez fikziozko nobela dela Ahate bihotz narrazioan esaten du narratzaileak, erran nahi baita, Eider Rodriguez idazleak. Iruzkin “xume labur hau” ez da afirmazio horri buruz jarduteko tokia. Alabaina, honatx nire aburua, eta afirmazioa ere bai: ez dago fikziorik gabeko nobelarik. Hala nola ez fikziozko nobela generorik ere. Edo ni ez naiz horretaz jabetu.

Bistan da, bistan denez, kanonak apurtzeko daude. Are gehiago literaturarenean, genero berriak sortu aldera. Literatura generoak direnak direla ere, literaturaren hibridazioa manera nabarmen batez ugaritu da iragan berrian. Literatura generotan sailkatzea zeregin zaila bihurtu zaigu literaturaren interpretatzaileoi. Hala berean, literatura “zer den eta zer ez den” ebaztea tipularen azaleko geruza ebaztea bezain arriskutsua edota konplikatua begitantzen zait. Bidenabar erranik: era berean, lengoaia literarioa gero eta "kamutsagoa" begitantzen zait. Orokorren ari naiz.

Aitzina

Aitzina egin behar eta berriz ere, deus aitzin, hauxe: Eider Rodriguezen iaiotasun literarioa begi-bistakoa da. Ongi baloratua da solastoki literarioetan. Idazteko erabili ohi dituen baliabideak xumeak –izan– dira, eta aldi berean, potenteak. Labur zurrean erran aldera: voyeurismoa edo begirazaletasun dohainei esker eraiki ohi dituen pertsonaiak oso sentsualak dira. Pertsonaien gaineko edo pertsonaien ingurua maitasunez eta maisutasunez –eta maistra-tasunez– lantzen ditu. Eraikitzen dituen pertsonaien sentsualitateak ederki lausengatzen gaituzte irakurleok. Euren idiosinkrasiaren gainean gogoetatzera kitzikatzen gaitu. Maitasunaren gozoa eta mikatza ematen dizkigu dastatzera. Horra literaturaren bere dohainak. Bertzeak bertze.

Eider Rodriguezen luma bisturi bat da –modernitatearen ostean lumarena metafora da–. Alabaina, ausardiaz ez ezik, atrebentziaz erranen dut: bisturia “kamusten” hasia ote zaion nago. Holakoxea duzue behin-behineko inpresioa. Tira, literatura ez da inpresio soil gisara baloratzen ahal. Beraz, arrazoitu dezadan inpresionismo moduko hori.

Baliteke, bisturia “kamustu” izateaz batera, nire gogoa narrazioak zertzen dituen ingurumariarekin makaltzen hasi izana. Horregatik beragatik, bidenabar hauxe ere erranen dut: bere lan honi buruzko nire balorazioa ahula izan daiteke arras. Hots, funts handirik gabea. Badaiteke nire iruzkin hau objektiboa ez izatea –orain arte idatzitako guztiak legez–.
   Erranak erran, aitzina halaz ere.

Liburuaren azala hala nola liburuaren mamia

Liburuaren azaleko irudian narrazioetako hainbat osagai daude. Irudiak mundu idiliko bat islatu nahi du hain ziur ere. Hor nonbait. Azalak tipularen azaleko geruza bezain fina irudi du. Mengela ere bai. Azala eta mamia ez datoz bat, alegia. Narrazioetan agerikoa den mundu mendrea, ez da azalak islatzen duena. Edo hor nonbait. Osagai bat eskas egin zait: Bungalowa. Narrazioak irakurtzean jabetuko zarete nire ikuspegi horretaz. Beno, nire ikuspegi hori hutsala dukezue baita ere.
    Aitzina egiteko nire nahikunde honetan, badira traba egiten dizkidaten liburuaren gaineko inpresioak. Trenka ditzadan horiek lehenik.

Narrazioen literatura tasunari buruzko aburua eman aldera, honatx azpimarratutako hainbat esaldi:
– Han goitik itsasoa ikusiko zen.
Sekulako itsua generaman eta ez dut gauza handirik gogoan.
Guardia jaisten badut….
– June eta Lilaren erruinak ziren hizketan.
– Begira, gai izan gara esatekoa.
– … Lauzpabost bonboi hartu eta mahai gainean utzi zuen pirrilaka.
– Hanka moztu didate eta anestesiatik esnatzen ari naiz, pentsatu zuen.
– Zure senarra ongi erortzen zait.
– Ez gogortu, utzi zaitez…

Lagin moduko bat dituzue esaldi horiek. Lengoaia literarioaren egokitasunaz eztabaidagarri. Jakina, zenbait buru hainbat aburu. Izan ere, hizkuntzari mugak ipintzea itsasoaren hegiak finkatu nahi izatea bezala izan daiteke. Hizkuntzaren eboluzioa geldiezina da, jakina. Lengoaia literarioaren bilakaerak ez du ez mugarik ez (h)egia finkorik onartzen. Ados. Ados edo. Nork bere juzkua egin dezala.

Aitzina egin aitzin, kontu erretxindu bat, puntillosoa, alegia. Azalean dagoen itsasoa ezaguna zaigu irakurle gehienoi. Eskuinean dauden arroka erraldoi horiek Bixkiak izendatu ditu idazleak. Tira, idazlearen eskutik ari den narratzaileak. Hendaiako nomenklaturan arroka bi horiek Tonbak dira. Frantsesek Les deux jumeaux izendatu zituzten behiala. Espainolek Las dos gemelas –Hendaian elemenia dira, espainolak hots–. Eta hara, ez aspaldian, ustezko euskaldunek honela: Bixkiak. Bego.

Aitzina egitearen poderioz

Kanikula: Eider Rodriguezek bikoteen idiosinkrasia hagitz agergarria da bere narrazioetan. Iñaki eta Ixabelen arteko desamodioaz ari zaigu Kanikula delako lehen narrazioan. Roman dugu bikotearen bizitzan “sartu” dena. Sartu, Ixabelen gogoan sartu da. Ixabelen emozioak oso ageriko dira kontakizunean. Nire gustuko baina, Ixabelen maitasun adierak eta emozioak agerikoak baino azalekoak begitandu zaizkit. Azekoak bere hitzak, alegia. Baliteke, idazleak Iñaki-Ixabel-Romanen belaunaldikoak maitasuna bizitzeko eta adierazteko molde hori aditzera eman nahi izatea. Hala izanik ere, neronek emozioen hutsaltasuna-hauskortasuna nabarmendu nahi dut.

Itsasoak eta hondakinak. Lila eta June bikotearen istorioa erromantikoa duzue. Bikotea edo. Bikoteak familia bat ezagutu du. Karla da emaztea eta Ander senarra. Bikote konbentzionala. Hor nonbait. Luzetsi barik, nire inpresioaren arabera, gaur egungo norbanakoen arteko harremanak azkartu eta hutsaldu dira aldi berean. Eta ni ohartu ez. Istorioa ez zait sinesgarria egin. Egiek gezurrak zor. Hor nonbait. 

Zuloa. Jon eta Sara dira bikote protagonista. Bikote konbentzionala ote den? Bai, hain ziur ere. Gerra Hotza praktikatzen dute aldamenekoekin bakeari eusteko. Istorio bitxia, bitxia denez. Arraroa. Pertsonaiak ere. Konklusioa: Dena zulo bera da. Istorio hutsala da, bizitza den legez. Hor nonbait hori ere.  

Ahate bihotz. Frank eta Sabina duzue istorioko bikoteetako bat: Abeberrytarrak. Andonik eta narratzaileak osatzen dute beste bikotea. Bikoteak, Inge eta Eneka alaben bitartez elkar ezagutu dute. Narratzailea Literatura konparatua ikasia da. Berta bollerak osatzen du istorioa. Bertzeak bertze.
   – Yo me follaba a tu padre, dio Ingek.
   – Yo al tuyo no, barkatu, dio Enekak.
   – Normal, yo tampoco, berriz ere Ingek.

Bref: istorio hori fikziozko da, noski. Ez zait otu, inolaz ere, ez fikziozko ipuina denik.

Urpekariak. Gaizka eta Elena. Zuhaitz semea. Thailandian daude oporretan. Urpekaritza egiteko asmotan eta nahikariaz. Elenak orkatila apurtu du. Itsasoa pepinoz beteta bide dago. Holoturiak dira pepinoak, itsas luzoker izenez ere ezagutuak. Lili ere partidakoa da. Txomin eta Maia gazteak ere bai. Istorio bitxia eta arraroa hau ere. Helduen eta gazteen amodiozko-espresioak ez dira bereizten. Elena helduak –adinetan heldua– gazte baten emozioak bizi ditu. Gazteek helduen emozioak bizitzen ote dituzte. Emozioez ari naiz. Aidanez, ez dago gurasoen eta seme-alaben arteko emozioak bereizterik. Ez dago diferentziarik, alegia.

Kraterra: Fikzioko istorioa izan arren –aurreko bostak legez, jakina– istorio errealena begitandu zait. Fani eta Nekane bikotearen historia kontatzen du. Borroka latza duzue bikote ez konbentzional honena. “Inor ez da ilegala” dio lema batek. Kasuon, lemak ez die migrariei erreferentzia egiten. Oraindik ere, bestela badirudi ere, "bikotea ez da haizu edo legala". Hots, eurentzako legeak ez ditu bermatzen bertze bikoteek profitatzen dituzten eskubideak.
    Oharra: aurreko istorioetan legez, Bungalowa presente dago. Narraziook gure kultura postmodernoaren agergarriak direla esateko nire manera duzue.

Epilogoa

Iruzkin honi amaiera eman beharrean nago. Alta bada, ez dut nola egin argiki ikusten. Erran nahi baitut, idazleak sei istorio hauetan agertutako “mundua”, mundu erreal hauskorra tentela eta hutsala islatzea xedea izan badu, perfekto. Perfekto edo. Hor nonbait. Izan ere, pertsonaien arteko harremana eta beraien komunikazioa ez datozela bat islatu nahi izan badu, bat nator idazlearen balizko proposamenarekin.

Dena zulo bera zen liburuko pertsonaien dekadentzia eta heldutasun eza munduaren isla begitandu zaizkit. Idazlearen helburua infantilismoa agertzea izan bada, hau da, egungo pertsonon nerabezaroan edo helduaroan haurtzarokoak diren ezaugarri fisiko eta mentalak mantentzen direla agertzeko nahia izan badu, bada, bikain. Bikain edo. Hor nonbait hori ere.

Idazleek metaliteratura egiten duten legez, nik literatura interpretatzeko “metafisika” moduko bat landu ohi dut. Eta bistan denez, nik ere ez dut ex-nihilo-z sortzen.

Dena zulo bera zen delako hau interpretatzeko, kognitibo terminoaz ikasi behar izan dut. Kognitibo terminoa pertzepzio eta memoria-maila handia eta ekintza kontrolatzeko izate berebizikotzat joa da.
    Nire aburuz, egungo norbanakoon maila kognitiboa iragan mendekoarena baino aise apalago da. Tira, nik horrela interpretatzen dut mundu erreala.

Nago literaturak zientziaren beharra ote daukan. Egungo jendarteak honako honetaz ohartu beharko lukeela: zientziak literatura aintzat hartzea sano onuragarria litzatekeela. Literaturak eta zientziak elkar harturik, norbanakoon maila kognitiboa koska bat gorago igo liteke.
    Baliteke, beharbada, aburu hori nire irudimenaren ondorio bat besterik ez duzue. Hor nonbait hori ere.

Post Scriptum

Ahate bihotz kontakizuneko pasarte hau ekarriko dut amaitzeko.
Abeberrytarrek Andoni eta narratzaileari –istorioaren bikote protagonista denari– honela diotsete:
    – Barka, baina, esaten ari zinen nobelara jauzi egin duzula, ezta…–esan zuen Sabinak–. Etxe honetan asko miresten zaitugu. Zu eta Andoni. Guretzat kulturara dedikatzea… Nola esan.. Asko estimatzen zaituztegu eta luxu bat da zuekin hitz egin ahal izatea, partekatzea. Ez dauzkagu hainbeste… lagun… honetara dedikatzen direnak, ezta Franck?

    Kulturara dedikatzea. Zer da kulturara dedikatzea?
   
    (Azken lerro hori nirea duzue).


Utzi iruzkina: