Bizidunen logika agerikoa (Erran ezin direnak)
Aitzinez aitzineko Aitzinsolasa
Iragan hasteko BEGIZOLIA honetan Jabier Muguruza idazlearen Café Mokka nobela komentatu nuen: Erran ezin direnak lerroburuko iruzkin suerte bat. Aste honetakoan, idazlearen beraren Hilen logika ezkutua narrazio-liburuaren iruzkina duzue –aitzin-solas honen segidan–.
Hamasei ipuinez osatutako liburu horri buruzko idazkia Argiako KATEBEGIA blogean agertu zen, 2015eko martxoaren 30ean. Idazleak eskatua, iruzkina ezabatu behar izan nuen. Hitz bitan: zentsura ezarri zuen, zentsuratu ninduen.
Café Mokka nobelaren gaineko iruzkinean idatzi bezala, Jabier Muguruzaren arrazoiak zirela tarte, webgunetik "erauzi" nuen idazkia; "desagerrarazi" nuen nolabait. Ez guztiz, antza. Karpeta batean geratu zen, hor nonbait. Orain, berriz ere argitaratzea erabaki dut.
Bistan da, "kritika" hura ezabatu eta zentsuratu izana, Argiako onarpenarekin gauzatu zen, garai hartako Estitxu Eizagirre zuzendariaren oniritziarekin egin ere.
Kontu bat: Jabier Muguruza ez zen niregana etorri edo niri zuzendutako idatzi baten bitartez aritu. Zuzendariarengana jo zuen, zuzen eta artez. Beraz, "auzia" eurek –euren bien artean– ebatzi zuten, ni “albo” batera utzia.
Garai hartakoak dira ere, idazleari idatzi nion gutuna eta berak emandako erantzuna –argitaratu gabeak, noski–. Gutunean, bertzeak bertze, Argiako zuzendariaren asmo eta proposamen hau aipatu nion: testua "findu" beharra neukan; iruzkina "egokitu" beharra. "Aldatu", hitz batez. Osterantzean, testua webgunetik kendu behar(ko) nuen.
Idazkia ez nuela aldatuko adierazi nion zuzendariari, baita idazleari ere. Segidan, blogetik ezabatu izan ez ezik, Erein argitaletxeari eta Armiarma.eus-ei, ordurako beren webgunetan zegoen “kritika” kentzea eskatu nien, baita eurek halaxe egin ere.
Literaturaren arian
Labur zurrean: Jabier Muguruzaren hitzetan Bizidunen logika agerikoa lerroburuko iruzkina laidotsua zen. “Kritika literarioa” egitea eskatu zidan.
Zer da kritika literarioa, ordea? Literatura zer den edo zer ez den jakiteko, berau definitu beharra daukagu. Definitu beharko genuke, alegia. Ez dut uste euskal literaturaENEAn definizio jakin eta sendoa dagoenik. Bego hor.
Bizkitartean, nork bere definizioa dauka. Nik nirea. Definizio horren arabera taxutzen ditut nire iruzkinak interpretazioak edota kritikak. Literaturaren nire definizioa, handi-handika –edo txiki-txikika–, idazten ditudan testuetan antzeman daiteke. Sumatu edo.
Egunen batean, agian, beharbada, menturatuko naiz lerroarteko aburu eta aieru horiek batzen eta testu bakar batean biltzen. Anartean, egin nuen “kritika” haren (h)arian lerro sorta bat:
– Gaur egun, ostera ere Hilen logika ezkutua irakurriko banu, hain ziur ere, onduko nukeen –taxutu nezakeen– testua bestelakoa litzateke, bai forman bai edukian. Baiki, bestelakoa. Baina, ez arras diferentea horregatik. Edonolakoa izanda ere, harrezkeroko hamar urteko irakurle-interpretatzaile honen eboluzio bat antzemango zen balizko idazki berrian.
– Literaturaren inguruan bildu dudan eskarmentuak beste gisa batez jardutera ekarri nau gaur egunera. Izanez ere, ez alferrik, literatura gintzan osatutako esperientziak bizitzan eboluzionatzen lagundu dit, pertsona bezala, baita "literatura egile" jardunean ere.
Bidenabar errana, interpretatzaileak ere literatura egiten du.
– Alta bada, ez gara egundo nahi dugun legez idaztera heltzen, ez dugu inoiz nahi duguna idazten lortzen. Idazlearen dohain eta baliabidetako bat –nagusia, agian– buruan daukan guzti-guztia aditzera ematean datza. Literaturarako dohain baitezpadakoa.
– Erran nahi baitut, idazlearen iaiotasuna "zentsura oro" gainditzean datza. Aditzera eman behar du, trebeki eman ere, buruan eta gogoan daukan guzti-guztia "zentsura suerte oro" saihesten. Norberak nahi duen guzti-guztia idazten jakitea, horixe gakoa; gakoa eta koska. Alegia, sistema politikoak ezartzen duen zentsuratik libratzea, sistema literarioaren zentsuratik libratzea, baita literatura egile eta eragile guztien zentsuratik libratzen jakitea, horixe jakituria!
– Begi-bistan denez, ni iaioa izatetik oso urruti nago, biziki urrun. Mikel Asurmendi Agirre naiz, ez Miguel de Cervantes Saavedra. Begi-bistan hori ere.
Post Scriptum
1. Baten batek pentsatuko du, edo pentsa lezake: kontxo –joder, alegia–, zein "gaiztoak" Argiakoak, ezta? Bada, ez. Argian, sarritan –sarritan edo– zentsura bizi/jasan behar izan nuen. Eta, ez betiere, baina sarritan edo, zentsuratu izanak berak lagun zidan kazetaritzaren jardunean, baita bizitza manera eramangarriagoaz eramaten lagundu ere.
2. Jabier Muguruzarentzat ere hitz amoltsuak eta eskergarriak ditut: zentsuratzaileek –arerioek– garena izaten laguntzen digute. Kasuon, baita idazten ikasten lagundu ere. Zure lanen bidez bizitakoek naizena osatzen lagundu didate. Ez gara deus “etsaia”-rekiko kontrakarrean jardun gabe, ez gara deus “idazlea”-rekiko aldeko edota kontrako hitzen jarduna osatu gabe.
Hilen logika ezkutua
Jabier Muguruza
Erein (Narrazioak)
Bizidunen logika agerikoa
Laura kanpoan da liburua tarteko ezagutu nuen Jabier Muguruza literatura egilea. Ordurako, haur eta gazte literaturan dantzarazia zuen luma. Musikagile gisa ezagunagoa zen artean, Les Mecaniciens eta Joxe Ripiau taldeetan arizalea. Ja ja eta Boza barruan diskoak plazaratuak zituen bakarlari gisa. Bera literaturan hasi berria zen, eta literaturaren munduan lehen urratsak kazetari gisara ematen hasia neroni. Eta dena aitortzera, gaztaroa gibelean aspaldi utzia banuen ere, literatura irakurle gaztea eta berdea nintzen.
Oroit dut Bernardo Atxagak idazle errealista gisa batailatu zuela Muguruza, Laura kanpoan da publikatu ostean. Ordurako Bizitza pusketak kaleratua zuen irundarrak. Egiari zor, ez nituen ezagutu orduko bere bizi pusketa haiek. Gogoan dut, alabaina, Komatxo artean literatura irratsaiora (EIEren eskutik) gonbidatu nuela. Aise diskoa ezaguna zen eta diskoaren kantuez apaindu genuen saioa. Akorduan ere dut, musikaz nola literaturaz, hau esan niola Muguruzari: “Zure emana aise antzeman dut. Musika hala nola idatzi ere, aise egiten duzu, konplikazio larririk gabe edo”. Konstatazio gisa edo. Edo, pentsu dut egun!
Aitorpen hau egina badut, bizien mundura etortzeko izan da nolabait. Errealitatera hurbiltzeko. Hots. Muguruzaren literaturako pertsonaiak maskara gabekoak dira, errealak oso, errealegiak akaso. Pertsona definizioz, maskaradun izakia dela gogoratuta, betiere. Literalki erranez: Laurak kanpoan segitzen du, karriketan nonbait. Muguruzak bizitzaren pusketa berriak ekarri dizkigu anartean.
Liburua Maiteri eskainia da. Jende eta lagun asko ditu akorduan. Lehen pusketan, Hilen logika ezkutua narrazioan, John Berger du iradokitzaile, eta Pili eta Asun in memorian. Berbarako diot, izen horiek nabarmendu nahi gabe, gainerako pusketetan bidaide eta gogaide anitz aipatzen eta omentzen baititu idazleak.
Hara, proportzioan, Hilen logika ezkutua liburua aipatzen unera iristea luzeago joan zait Muguruzaren hilen mundura iristea baino: Hilen logika ezkutua bera da liburuak eskaintzen dizkigun hamasei pusketetatik literalena, biribilena, gainerako pusketa guztien bizitzaren ateak zabaltzen dituena. Muguruzak hilen logika ezkutu eta ezagutu gabearen harian eta hariz idatzi duenean, orduantxe irudikatu ditu hobekien bizidunon bizitza absurdua eta bidegabea –niretzat noski, enkas diot–.
Gustuak nola musika eta literatura hala. Hariak, ariak, aireak, haizeak, kordak, eskuak zein luma dantzarazi nola (egun ordenagailuaren teklatua nola. Musika instrumentu bati lotua, dena den), irakurleak horrela hauteman izaten ditu egilearen tempoa eta espazioa. Nire gusturako, lumaren trebeziaren tornuia –ofizioa– alde batera lagata, inspirazioak idazlea lanean harrapatu behar du 24 orduz. Demagun, Muguruza letren ofizioan murgildua harrapatu behar luke. Musikariaren ofizioa alde batera lagata. Muguruza hain da bizi errealitateari itsatsia, non horrek berak ez dion letren mundura jauzi egiteko tarterik uzten, ez ematen. Muguruzaren pertsonaiek
–pertsonak erabat– gutxi dute literaturaren asmamenetik, gutxi dute fantasiatik, are gutxiago alegoriatik, istoriook edo bizitzaren pusketok ez dute uzten irrika, zirrika edo zirrarako tarterik –ene gusturako, berriz diot, enkas ere!–.
Nire imajinazio literalaren arabera, behinola Muguruza idazlea nerabezaro literarioan murgildu zen eta bertan gelditu. Bere bizitza pusketetan, opor umoretsuak, arriskuak errepideetan, pilotariak (pilotari izana da, Muguruza) nola bikotekide lagunak eta bestelakoak ageri dira: zinegileak, musikariak edota literatoak. Ez dira eskas ere sukaldeko gaiak hala nola Euskal Herriratutako etorkinen gorabeherak. Bere funtzioan pailazoak ere badira, badira osasun-langileak. Hara, salbuespen bat: bertsolariak ez dira. Eta honen kontrapuntuan, konparazioenera, 52 funtzio baietz narrazioko pertsonaiek gaztelaniazko irratia entzuten dute. Eta erranen nuke, hori bera ere igartzen dela Muguruzaren literaturaren tornuia-n.
Tira, bertsolariak ez izatea, anekdota hutsa da. Ez ordea, lengoaiarena, alafede: ez halakoan fede, alegia. Ni oraindik bizidunen munduan bainago, ez hilenean. Eta erranen nuke ere, pasartea aise baliatuz, Muguruzaren literatura anekdotan geratzen dela. Bere bizitzaren pusketak denoi gertatu zaizkigu noizbait, gisa batez edo bestez, baina, anekdotaz harago liluratuko (literatuko edo literotuko gaituen) zaituen esperoan, bestelako zerbait igurikatzen duzunean, pusketaren amaieraren moteltasunak akabatzen zaitu, edota lur jota laga bertan.
Hori guztia diot, Hilen logika ezkutua pusketaren salbuespenaz, zeinean hilen logika ezkutuen pusketetan pertsonaiak apenas deskribatuak diren, non pertsonen bizitzaren zentzuaren zirrikitua irekitzen digun, irudimena giltza izaki literaturan murgiltzeko eta gozatzeko.
Honatx ene parabola edo palabroak: bizidunok elkar ezin adituz bizi gara munduon –errealitatean–, literaturan berriz –fikzioan– pertsonok hilen logika aditzen ikasi beharko genuke, naski. Absurdua hori ere, noski. Hala izanik ere, onartzen dut, bizitzaren pusketak bizidunen logika ezkutuen arabera ere narratu daitezkeela. Gustuak gustu betiere, enkas diot berriz ere!
(2015-03-30)

Iruzkinak
Utzi iruzkina: