Bizi nahi du bizi, itsatsi goroldioa mudatzen betiere!
Muda
Thierry Biscary
Kalapita productions
Muda diskoaren egile Thierry Biscary-k bizi nahi du, bizi-bizi, baita kantuz bizi ere, eta betiere mudatzen. Ez da “samurra” nafar (Anhauze, 1976) musikari honek eginiko bidea, ez horixe. Bere biografian so egitea besterik ez duzu.
Alta bada, hauxe duzu bakarkako lehen lana, bere izenaz agertu duen lehena, lan mardula bezain eztia. Bere ahotsak itsasoaren baretasuna (barea delarik, bistan da) helarazten dizu, baretasuna, haatik, nafar bortuetan kausi dezakezu, Okaben, konparazione. Nik halaxe bizi –izan– dut Muda. Aldaira gisara.
Manez zena bidean laga eta, Kobreak ahantzi gabe, bakarka heldu zaigu anhauztarra. Ez bakarrik, haatik. Diskoa gauzatzeko lau musikari bikain ditu alboan. Haatik, lau musikarirena baino gehiago duzu emana.
Diskoaren diseinuak musikariaren mudatzea dakargu begietara, polito ekarri ere, kantetan nola hala biluztu da diskoaren azalean, itsas maskorra eta baso adaxketan barne-bildua. Adierazgarria eta iradokigarria. Ederra. Disko osoaren gustua agerikoa duzu azaletik beretik, Thierry Biskary-ren jite laketua.
Hona kantak, banan-banan:
1. Mudatzen (Leire Bilbao. Ezkatak). Biscary-ri "oraindik azkura ematen diote oroimenek, zaurian hazkatzeko plazerarekin askiesten da”. Lanaren abiapuntua duzu, askatasuna erdiestea bizitza osoko jarduna izaki, gitarraren akordeek ederto bernizatzen dute kantariaren ahotsa.
2. Tatuaia kantaren eleak bereak dituzu, Donostian sortua; ez da aspaldikoa. Musikari honen bidean seinale bat dukezu. Nortasun berria kausitzeko menturan, naski: “Sei urte nituen, bizi nahi dut, bizi…”. Mudatzen bizi betiere! Ahotsa goiti doa, sendo! Indarrez eta duintasunez, goratik betiere: bizi nahi dut bizi! Gartsu eta eztiki!
3. Muda (Xabier Euzkitze; Zarautz) duzu hirugarrena. Biscary-ren mudatze metamorfosikoa dukezu. Mudak muda, kantariak zerumuga dauka muga bakarra. Zarauzko itsas bazterren uhainen erritmoan heldu zaigu ahotsa, musikariren konpasak… Laketgarriak.
4. Atzoko gaua (Uxue Alberdi; Orio). Amildegi bat da Biscary-ren bizkarra, izuen eta desiren itsaslabarra. Ezin bizi galderarik pausatu gabe: “Nola nahi duzu, ba, aska zaitzadan ezin badiozu utzi galdetzeari? Atzoko gauari hala nola gaurko ilargiari?”. Oriotik mendebaldera abian naiz kantuan, Galizia eta Portugalgo itsas bazterren xerka, kantaren doinuen abaroan.
5. Badakizuia Maritxu? Galdezka berriz ere, bere-berezko hitzak dituzu (Donostia-Aizoain). Maritxu dukezu gogaide, ilargia bidaide: “Badakizuia Maritxu, zuri esker hartu dudala norabide berri bat hautatu..? Badakizuia irakurle? Igo zaitez kanta honetara, zabuka ibiliko zara. Doinuek Mediterranioraino eraman zaitzakete! Greziara, beharbada.
6. Begizkoa (Jon Maia. Donostia; Igeldo). Hitzak ez dira bereak, baina izan litezke era berean, nondik begiratzen den: “Agur etxea Agur sendia. Joan nintzen minaz beste aldera, harrizko bihotz gaztigatu hau, leun zezakeen ibaian behera”. Gartsu, dohatsu, armonia tinko baten kulunkaria.
7. Xarma duzu Thierry-ren zazpigarrena, ezin uka Biscary-ren berezko xarma. Anhauzen sortu zuen kanta, badira hamaika urte… “Denborak ez du nora, amodioa bizilagun, eman eta gero… mmm… pozik gira ibiliko”. Igurikapen xumea: berau betetzean kausitu dezakegu xarma. Sutsu ari duzu musikari nafarra, behekoa izanagatik garaikoa, altu! A capella. Biluzik arras!
8. Begoak (Itxaro Borda). Larrazkeneko hitzak udazkeneko doinuan, uda eta muda hitzek errimatzen dute airetan. Beude hegoak laxoan! Ahotsa eta gitarraren akordeak baltzuan berriz ere, baltsean!
9. Elezurtzak (Itxaro Borda) kantaren hitzak, egilearen oparotasunaren erakusle. Iragan mendeko hitzak dituzu, Ahüzkiko argi-kantak. Ele gutik eta doinu ernagarriak argitzen dute bidea. Biscary-ren tinbrea, ahots tirrinta goxoa dugu!
10. Ekitoltzean (Itxaro Borda). Oragarreko idazlearen emankortasunak nire baitan bildu nau, ekitoltzeko bidetik nabil ni ere. Kantariak hurkoaren baitatik zure baitara eramanen zaitu. Musikari orekatua duzu kantaria.
11. Bartetan (Thierry Biscary). Musikariak betiere galdezka: “Nun zira? Nun zira?”. Ipar Euskal Herria eta Donostia, biak bat. Bernard Jourdain argazkilariaren omenez. “Iguzki izpitan Aturri errepiran…”. Iradokigarria doinua: Bardakoak nola, hala Goiztirietan anhauztarra.
12. Osatze ariketa (Jon Benito). Osatze ariketa gisa hartu ditut diskoaren hitzak, eta azken honetan “naizenari goroldio hazi zaio”. diosku Thierry Biscary-k. Hitzen egileari maileguz harturik. Indartsua eta ozen ari duzu. Txistuka agurtu gaitu Thierryk, Akordeoiaren doinu finak tarteko eta lagun.
Bizitza mudatze etengabea da, denbora “amaitzen ez den sekretu hori”. Erreka bazterrean zorrozten den harria. Bizitza funtsean joan-jina da, erortzea eta jaikitzea, goroldioa harriari nola gorputzari ezkatak erauztea.
Eskertuak ez dira gutxi. Ni ere esker onekoa izaki, disko hau behin eta berriz emanen dut itzuli-mitzuli!
Aditzetik aditzera, nire baitan hazi baino ez den lan eskerga duzu Muda.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: