Bizi duguna baino askoz gehiago gara

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2023-05-13 11:47

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1684047091660

NIRE BIZITZA NI BARIK

Oskar Gaztelu Bilbao

XXXI. Saiakera Saria BECERRO DE BENGOA (2019)

Iruzkin edo komentario honen lerroburua Oskar Gaztelu Bilbaorena da. Nire bizitza ni barik saiakeraren –saio honen– egilearena. Liburuaren funtsari buruzko inpresioa eman aitzin –inpresioa izanik ere, arrazoitua izateko asmoz–, liburuak –edo liburu honen jitekoek– irakurlearen eskuetara iristeko urratu behar izaten duen “ibilbidea” hizpidera ekarri nahi dut. Liburu suerte hau argitara iristeko bizitzen duten egoeraz ari naiz. Erran nahi baitut, sistema literarioaz, handi-handika ari naizela jakitun.

Liburua argitaratua izan da, saritua izan delako. Ederto. Beraz, argitaratzaileei eskerrak eman behar zaizkie. Hau da, BECERRO DE BENGOA ekimena kudeatzen dutenei, baita Arabako Foru Aldundiari ere. Ez dago inolako isekarik nire berbotan. Haatik, egiari zor, bide hau urratzen duten liburuek ez dute merezi duten arreta. Luzetsi gabe: sistema literario anker baten “emaria” dituzu liburuok. Iruzkin soilaz harago joan zait paragrafoa. Kritika moduko bat duzu. Espazio zabalago beharko lukeena, bistan da.

Nire bizitza ni barik

Liburua irakurri ahala, hauxe heldu zait pentsamendura behin baino gehiagotan: bizitzarako liburu iniziatikoa da. Aburu hori ez duzu gutxiesgarria, inolaz ere. Iniziatiko hitzari, bikaina gehitu(ko) diot beraz. Inolako dudarik balego, duda berau uxatzeko, galdera: zertan da, bada, iniziatikoa? Nire usterako, liburua sano lagungarria duzu pertsonen osatzearen abiaburuan; norberaren izatearen hasmentan bidelaguna. Niari buruzko saioa denez gero, nork bere nia ezagutzeko baitezpadakoa. Bizitzaren hasmenta aipatu dudan aldetik, nerabe-gazteentzako gomendatzen dudan liburua da. Eta berariaz, zuzen eta artez, irakasleei gomendatzen diet.

Filosofia, poesia edota literatura –eskoletan– erakusten dituzuen irakasle horiek –berariaz ari nauzue–, pentsamenduan barrena bide egin gura duten nerabe-gazte horiek liburu honen berri edukiko balute, testu honen helburuetako bat beteta ikusiko nuke. Liburuari bide zabaltzen dieten hiru premisa hauek aurreratuko dizkizuet –iruzkin honen irakurleak irakasle izan edo izan barik:

– “Ezagutu zure burua”.

– “Inork ezin dizu lagundu ezta aholkurik eman, inork ere ez”.

– “Gizakia bere izaera ukatzen duen izaki bakarra da”.

Aipu horien egileak ezagutzea zuen esku, irakurle lagun horiek.

Liburuaren bidean sartzeko pizgarri zenbait

Ezinegonak, haserreak edota erruak bizi dituzula? Nork ez? Saihestezinak dira, guztiz behintzat. Alta bada, berauek arindu nahi dituzula? Zama horien parte bat albait handienik gainetik kendu? Bada, ezagutu zure burua. Ezagutu zure burua, aldian-aldian zu izan gabe, zu barik. Horixe Oskar Gaztelurengandik jaso dudan ikaspena. Hots, gure izaera ezberdinak ulertuz gero, orduan osatuko dugu gure izaera. Berauek nola sortu diren ezagutuz gero –osotoro ezagutzera ez zara inoiz iritsiko–, errazago urratuko duzu bizi-bidea. Nerabe-gazteei ari natzaie: zuen begirada bizi-bidean solteago ipiniko duzue.

Oharra: barka ezazu(e), kutsu profetikoko diskurtso hau.

Oinazea, beldurra, energia, emozioa, inteligentzia… Horra gure izatearen ezaugarri zenbait. Horiek hobeto ezagutuz gero, gure burua hobeto ezagutuko dugu. Ez gara baina, mundura bakarrik heldu. Gu gara, baina bagara, aita-ama izan direlako da, gurasoak –ukan– ditugulako. Horixe gure ingurumaria, horiexek gure bizikideak. Horiek ongi ezagutuz gero, hobeto ezagutuko duzu zure burua. Bizialdia ezagutzeko bide egokian ari zaren seinalea. Saiakera honek hamaika metafora eskaintzen dizkigu bizitzaren esperientziaz. Bizitzaren larritasun uneak, bizitzaren afektu larriak arintzen –ukendu legez– dizkiguten berba dituzu bertan. Betiere, jakina, idazle honen berbak ongi ulertu eta dijerituz gero.

Ereduak: A, B, C, D, E, F, G, H, I. Halaxe izendatu ditu saiogileak gure izaeraren ereduak. Ez duzu abezedario osoa, baina zuk zerorrek osa dezakezu berau. Ni, berbarako, izakion izaera posibleen ereduek durduzatu naute. Ez zaitez larritu horregatik. Barre algaratan ere jardun dut zenbait unetan. Beste ezaugarri bat, eredu bakoitzaren barruan, animalia bat paratu du egileak: txakurra, tximinoa, urtxintxa, hartza, zaldia, elegantea… Gure animaltasunaren ereduak inolaz ere, garenaren adibideak alegia.

Animaliak animalia, eredu horietan gurasoen eragina nabarmentzen da. Arestian adierazi bezala, gurasoak, familiako gaineratiko kideen eta gure lagunen eragina berebizikoa da gure izaeraren osaketan. Horiek guztiek, berealdiko “zama” dute gure hezieran. Hala berean, kontuan hartu beharrekoa dugu sistemaren menpeko eskolek –hainbat eskolek– ezarri diguten nortasuna. Halaber, Oskar Gazteluk hainbat pertsona inportante eta ospetsuen izenez jantzi ditu eredu horiek. Gaur egungo eta iraganeko pertsona ezagunak dituzu. Ez dira edonor, ez horixe! Hala izanik ere, bai Oskarrek, bai zuk, baita nik ere eredu horietan aurki dezakegu gure burua. Baiki. Gakoa, sekretua edo, aldian-aldian, kontua “gu gabe” bizitzea da. Hor nonbait hori ere.

“Ereduak gainditu daitezke?”. Oskar Gazteluren galdera duzu. Nire erantzuna: bilatu ezazu liburuan. Anartean, berba gako batzuk ekarri gura dizkizut: arreta –berau lantzea, hots–, behatu –bidea pentsatu aitzin berau behatu–. Bizi-egoerak ez daude gure menpe. Bizi duguna baino gehiago gara.

Azkenik

Demagun, bidez bide goazela, usaiako “munduak ez du konponbiderik” axioma gailentzen zaigula. Zer egin? Deusik ez. Mundua konpontzea ez baita gure esku. Nire bizitza ni barik esperimentatu ostean, hauxe nire azken burutapena: mundua konponduta balego, agian ez ginateke hemen izango. Edota bestela erranik, "agian ez ginateke ere gu izango”.


Utzi iruzkina: