Bidasoan gora, mundu bat: "Ikusi eta pentsatu".

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-01-07 08:34

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1610005805038

Bidasoan gora

Eneko Aizpurua

Tene Mujika Saria

Elkar, 2020 (Saioa)

Bidasoan gora mundu bat dago. Bidasoak eta Kantaurik bat egiten duten bokalean, antigoalean arribatutako herri anitzetako jitearen errudimentuak daude, hala erromatarrenak nola eskandinaviarrenak, hala nola… Eneko Aizpuruaren Bidasoan gora liburu gotorra da, entsegu erreusitua, jendeon izaera askotarikoaren erakusle, maitasuna hala nola gorrotoa biltzen dituena: Bidasoa ibaiak –Baztan ibaiaren gaindi– batzen dituen hainbat herri eta eskualderen lekukotasun emaritsua.

Bidasoan beheiti heldu den ura nola, halaxe saiogile honen emaria, historia eta istorio andanen mirail. Uren ispilu gardena, gertakari anitzen mira berpizten duena, joan zirenen kontakizun elemenia zirraragarria. Historia latza da Bidasoan ibietan mendez mende gauzatua, gizon eta emakume borrokalarien testigantzak dira horren lekuko, ur bizi eta latsetan islatzen diren aparteko istorioak. Bertako errotak gelditu ziren, alta bada, munduaren errota ez da eten. Liburua da horren lekukoa, hona hemen.

Paduratik abian da Eneko Aizpurua, ibaiaren ibian, sigi-saga, helmuga zehatzik gabe, itxura batez. Txingudi badiako ur geldoaren erritmoan, naturan murgildua. Azalari erreparatua, naturari buruzko saio ote den pentsa dezakezu, idazle ibiltari honek ezagutarazitako eskualdeetako botanikak liburu baterako ematen baitu. Hain da oparoa lintzura, hain emankorra liburua!

Bidasoa ibaiaren beraren sorlekua ez duzu topatuko irakurle haatik, Bidasoa ibaia Baztan ibaiaren segida baita, ibaiak Xoxorrin ur-jauzian duela sorburu. Anartean, Bidasoan goiti, izokinen norabidean, mundu bat aurkituko duzu, mundu hori Xorroxin sorburuaz harago doa alabaina. Bidasoan gora saioa historikoa, politikoa eta soziologikoa baita, liburuak entziklopedia sorta bat osatzeko ematen du.

Bidasoan gora-n barrena joanik Ameriketara iritsiko zara, ez alferrik milaka euskaldun haraino iritsi baitziren iragan mendeetan. Iritsiko zara ere Iruñeaz harago, baita Berlin eta Madrileraino ere. Ez alferrik, I. eta II. Mundu Gerrako arrastoak Bidasoan baitaude. Anartean, 1936ko Espainiako Gerra zibilak bertan utzi zituen arrastoak begiztatuko dituzu. Bidez bide, xendraz xendra, ibiaz ibi ibiliko zara, Aizpuruak ikusarazitako hamaika seinale adierazgarri antzemanen dituzu.

Bidasoa ibaia, hamaika errekastok ur-gaindurik, hamaika errota higiarazia, hamaika herrik baliatua, Pirinioen paraleloan doa, Europako herrietako jende andanaren pasabidea izana da. Txinguditik Xorroxin bitarteko baserrietako sukaldean entzundako mintzoak Euskal Herriaren mitologia zahar eta berriaren lekukotasunak dira. Horiek ere iradoki dizkigu egileak.

Saio honek poesia iradokitzen dizu. Saioa izanagatik ipuin askoren iturria da, areago, eta konparaziorako, Portugesen xenda txatalaren arioan nobela bat osatu dezakezu. Eskualde honetako pertsonek, pertsona historikoek –jendarteko maila gorenenekoak– euskaldunon munduaren heina ematen digute. Pertsona unibertsalek hala nola herritar xumeek. Ezin batbedera edota banan bana hemen izendatu, asko baitira, zein baino zein interesgarriago eta esanguratsuagoak. Hots, izendatu hasiz gero huts eginen nuke. Zerorrek kausitu itzazu irakurle.

Bidasoan gora joaki, naturaren magalera, hainbat ibairen eta errekastoren itzulinguruan, are liburu literalagoa antzemanen duzu. Iragan mendeetan margolariek utzitako mihisek iradokita. Bidasoan gora eta behera, izokinak ibili ohi dabiltzan legez, ibili dira euskaldunak: kontrabandista lanetan, ibili dira ere haien gibelean karabineroak, eta euren artean ihes ibili ere hamaika pertsona, gerratik eta gosetik ihes, hala pobreak nola aberatsak.

Iragan mendeetan bertan hezi eta hazitako pertsonek beren bere-berezko nortasuna eman zioten eskualdeari. Bidasoan goi-goian, Baztanen jada, esate baterako, agotak akomeatu ziren. Zenbat enda ez da pasa Bidasoan gaindi, zer dela eta nori esker? Liburu honetan, iradokizun franko dituzu eta hainbat arrapostu ere, hain da emaro. Ez da, entsegu alferrikakoa! Ez horixe!

Erromatarren eta bikingoen garaitik hasita, gaur arte jinik, egileak ekarritako paragrafo batek ederki deskribatzen digu Bidasoa:

Eman eta ken,
Ekar eta eraman,
Bidasoa, estaltzaile,
Bidasoa puta zahar era maitale.

Gaur egunera etorrita, nola ahaztu Endarlatsa. Nola ahaztu gure historia berri latza. Euskaldunon historia Atekagaitz anitzetan barrena gauzatu da: etakideen xendrak daude eskualdean, baita guardia zibilenak eta jendarmeenak ere. Baita garaian Espainiako Armadak bere egin zuen Oriamendi ageri ere, hainbat mendi artean.Historian atzerago eginez, behialako karlisten eta liberalen arteko gerra istorioak daude, Are zaharrago diren beste armadak utzitako arrastoak ere aurkituko dituzu, Nafarroako Erresumaren Amaiurko zutarria, besteak beste. Euskal Herriaren jite gerlaria inon badago, Bidasoan gaindi duzu, ezbairik gabe.

Ongia eta gaizkiaz harago, Eneko Aizpuruaren begirada neutrala gailentzen da saioan, hau da, bere pentsamendua “erreala” da, begirada peko pentsamendua baita berea. Nire abururako, egoki doituriko pentsamendua. Bidasoan gora liburuaren bertute gorena hauxe izaki: pentsamendu ibiltaria izatea, egilearen pentsamendua bisuala baita. Zer ikusi hori konta! Michel Montaigneren ildoan, haren Entseiuak eredu du: “Nire gogoa ez dabil zangoek ez badarabilte” lemari oratu zaio tinko egilea.

34 txatalek osatuta dago Bidasoan gora. Hamaika zubi eta errota, etxe aunitz eta ibi basa ugari. Jar zaitez bidean, Aizpuruaren bidaide, txatal bakar bat ere ez zaizu hats huts izanen. Poetak esana: “Ogitik datorkigu egia, egiatik datorkigu ogia”. Bidasoaren magalean zeuden errotak gogoan, ogia gogoan, nola ote dugu gaur egun gure osasuna? Egungo gure memoria osasuntsua ote? Irakurri eta zuk ebatzi, irakurle hori.

“Bidasoak ez du iturbururik, bi errekak bat egitean sortzen baita”, gaztigatu digu egileak. Bidasoako jendartearen sorburua ere anitza da. Bidasoan gora ez dira ibaiak eta errekastoak soilik ibiltzen. Aro modernoan trena ibili zen eta bide zabala zabaldu zen. Gaur egun, auto eta kamioi ugariren pasabidea da Bidasoan alboan eta gora doana. N-121-A errepide delakoa herio duzu gaur egun, behialako eta antzinako herio eralduta. Median goiti, mugaz gaindi ibili ziren hainbat gerlari, iheslari edota migrari herioaren magalean jausi ziren legez, jausten dira jendeak gaur egun errepidean.

Alabaina, badago ere, Nafarroako Erresuma izan zena Bidasoako Errepublika legez ikusiko lukeena. Gaur egun ere, liburuan ageri denez, jite kontrajarri askoren talka antzematen da Bidasoan gora. Izan ere, ez da gutxi bertara joan eta finkatu nahi duen jendea. Izokinak sorburura itzultzen diren legez, badira Euskal Arkadia galdura itzuli nahi dutenak. Naturak hori ordaindurik bada ere.

Bizitza eta heriotza hurbil dauden elkarrengandik, deserria eta sorterria ez ote dira halaxe halaber. “Bidaia oro enigma baten bihotzean amaitzen omen da”, diosku Eneko Aizpuruak. Hutsaren erdiguneraino bidaiatu izan ote den galdetzen dio bere buruari saiogileak. Haatik, bere bidaia ez da absurdua. Berak hori zalantzan jartzen badu ere. Bidasoan gora entsegua mundu absurdu honen adierazle da, alajaina.

Liburu hau entziklopedia baterako lagina duzu: munduaren historia, politika, ekonomia eta gizarte baten izaera kausi ditzakezu berean barrena, eta horregatik gurea ere, euskaldunona. Hendaiako egungo Gaztetxeko belaunaldi lema batek honela dio: “Ez sinestu, pentsatu”. Nik ulertzen dut gazteen lema, azken mende honetako jaidura ezaguturik, gure belaunaldiak haiei transmititu izanaren ordaina baita beren aburua. Nik lema honela paratuko nuke: “Ikusi eta pentsatu”.

Izanik ere, Bidasoan gora irakurri ostean, nihaur antzinako sinesmenei atxikitzen natzaie, amiñi bat bederen: “Ura zen bizigai, ura bizitzaren betiereko itzuleraren iturri”. Eneko Aizpuruak pentsatzen duen moldeari atxikia nauzue, bidaide izan ezik, gogaide nauzue. Bere gogoetak ingurumaria behatzearen ondorio eta emari baitira. Ur goiena, ur barrena, iraganetik gaur egunera heldu den pentsamendua.


Utzi iruzkina: