Beste aldetik: arras modernizatu gabeko espiritu obabarra lagun!
Sar hitza
Desde el otro lado izena du Bernardo Atxagaren narrazio liburu honek. Egia erran, orainokoan ez diot izenburuari tankerarik eman/hartu. Baliteke egilea, hor nonbaiteko aldetik idazten aritu izana. Edonola den ere, ziur erran dezaket, ni iruzkin/kritika hau Beste aldetik! ari naizela idazten. Erran nahi baitut, Atxaga literatoaren nonbaiteko alde batera aldatu naizela irakurle gisa. Izan ere, lehen aldia da gaztelaniaz/espainieraz leitu diodala.
Liburuak badu xarma, badu mamia, badu zernahi... Interesgarriak oso, Atxagaren literaturarenean izaten den bezala. Niretzat erran nahi dut, baita zuretzat ere irakurle. Ziur baietz! Kontua da, nik erdaraz irakurrita, nire inpresioak euskaraz ari natzaizula helarazten. Eta hori ez da kontu hutsala. Kontu honek badu bere zera: zu euskalduna baitzara, euskaraduna. Galdera: zerk eraman zaitu Bernardo Atxaga gaztelaniaz irakurtzera? Betiko ohitura al da? Bego. Balizko erantzunek ez dute –zertan– muntarik izan behar. Nire iruzkin hau kokatu aldera ari(tu) naiz.
Atxaga lehen aldikoz irakurri dut gaztelaniaz, erran legez. Alta bada, Dos hermanos/Bi anai irakurria nuen jada, euskaraz alegia. Baita La muerte de Andoni a la luz del LSD / Andoniren heriotza LDSren argitan ere. Hartara, lehen bi narrazioak geroko utzita, Conferencia sobre la vida y la muerte en el cementerio de Obaba-Ugarte eta Un crimen de película irakurri ditut lehenbizi. Izenburuetan ageri denez, dagoeneko egilearen literaturaren berebiziko ezaugarria nabari duzu: herio biziki presente duzu Atxagaren istorioetan. Herio biziki oximorona da. Oximorona Atxagaren literaturaren berealdiko ezaugarria dela erranen nuke. Erran dezaket. Baieztatzen dut: bere narratiban adibideak presente dira tai gabe, kontraesanak ere bai. Ez gaizki ulertu, ez egilearen kontraesanak, pertsonaienaz ari naiz, gu geuz ari naiz, pertsonon izaeraz funtsean.
Liburuaren barrenaz, mamiaz
Desde el otro lado “nobela” –nobela izan gabe, gisa horretara ekartzen dizut– Atxagaren literaturaren sintesia bezala har daiteke. Sintesiak ez ditu hartzen Atxagaren literaturaren espresio/esparru guztiak, ezta urrik ere. Bai, ordea, Atxagaren baitezpadako nolakotasuna, eta da: Obabako mundua. Mundu idilikoa, mundu… Hara, idilikoaren antonimoa ez zait burura heldu. Atxaga kontalariaren burutik ari ote naizen inpresioa hartu dut une batez. Atxagaren literatura, besteak beste, iradokigarria baita.
Obabako mundua dago liburuko lau narraziotan, ez soilik noski. Obabako hainbat pertsonaiaz beste, badira ere obabatarrak ez direnak. Un crimen de películakoak, kasu. Halaz ere, pertsonaia horiek obabatarrak izan barik, euren asmatzailea/bizi-emailea obabatarra da. Funtsean eta finean, bada, nire (h)usterako –uste ustela izan gabe, uste hutsa izan daitekeena– Bernardo Atxagak Obaba jarri du munduan berriz ere Desde el otro ladotik. Bere ibilbide literarioan –bere obraren bitartez– lehenago egin duena/zuena.
Dos hermanos/Bi anai narrazioan nerabezaro osteko Obaba aurkituko duzu. Iragan mundu bateko familia –herrixka bateko– baten gorabeherak. Bizitza, hitz batean. Konstatazio bat: Obabako pertsonak/pertsonaiak gaur egungo munduko pertsonen taxu berekoak dira. Mundua aldatu da, Obaba aldatuz joan da, pertsonok ez –gara– horrenbeste aldatu alajaina.
Andoni a la luz del LSD/Andoniren heriotza LDSren argitanen sartuz gero, gaztetasunaren alde ez idilikoa –edo idilikoa, nola bizi den hori ere– kausituko duzu. Narrazio errealistaz beste, surrealista ere badela erranen nuke. Obaba munduan kokatu barik, “mundua” Obabara heldu da. Aspaldi heldu zen. Aspaldi samarreko baita kontakizun honen originala, euskarazkoa hots!
Conferencia sobre la vida y la muerte en el cementerio de Obaba-Ugarte delakoa surrealista ez ezik, aluzinagarria da. Obaba ez da uharte bat munduan, Obaba “munduan” dago engoitik orain. Baliteke, irakurle naizen hau obabatarra ere izatea neurri edo molde batean, eta istorio hau irakurtzean, artean, modernotasunera berant iritsi izana. Nire burua narratzaileren buruan kausi baitut aldian-aldian (narratzailearen edota narratzaileen aspektu hau sakonduko dut hurrengo paragrafoan).
Un crimen de pelicula narrazioan bazaude jada, irakurle lagun hori, Nevadan zaude. Atxaga zale bazara, Nevadan egona zara jadaneko. Erran bezala, Obabaz harago gaude, baina, nola edo hala, Obaban gaudela –segitzen dugula– erranen nuke. Kontalaria obabatarra baita. Zertan ezaugarritzen da obabatar honen jitea/mintzoa? Bada, istorioetako narratzailea ez dela bakarra. Istorioetan animaliak mintzo direla, hegaztiak edo narrastiak izaki. Kontakizuna –deskribatutako espazioa/ingurumaria– begirada anitzek osatuta dago. Istorioa kontatzen duenak –narratzaileak– animalien –edo dena delakoen– laguntza jasotzen du istorioaren objetibotasuna osatu aldera. Askotariko begiradak dira bizitza behatzen dutenak, eta beraz, begiradak edota ahots horiek askotan kontrakarrean jauzi izaten dira.
Uste dut uste, ustel izateko arriskuan betiere, euskaldun suerte baten idiosinkrasia Obaban lurperatu zela. Eta aldi berean –nire jite kontraesankorraren lekuko– euskaldun horren aiurria/izaera munduan barrena dabilela. Ibili nola? Aldez edo moldez. Espiritu baten gisara, apika. Apur bat esajeratuz, barka nazazue ausardia, zonbi baten gisara zenbaitetan. Borrokan horregatik. Euskaldun libre –ustez bederen– izan zenaren espirituaren ingurumarian dabil, haren orbitan dabil egungo euskaldunaren –tira, euskalduna izan nahi duenaren– espiritua. Espiritu modernoa izan nahian, nolabait erranda. Funtsean, munduko beste espirituen antzerakoa.
Liburuan kanpokoaz, estraliteraturaz alegia
Desde el otro lado eskuetan hartu bezain laster, literaturaren zerbaitek inarrosten ninduela sentitu nuen. Hau da, liburuaren iruzkin hau egitean, segidan erran “behar” dudana da gehien aztoratzen nauena. Hasteko eta behin, galdera bat: nola darama idazle batek –kasuon, idazle handi batek– hizkuntza gutxitu batean idaztea, hizkuntza horren beste aldean –errateko modu bat da– egunero bizi behar duenean? Hau da, Desde el otro lado nobela zure baitan daramazu, eta zure espiritua –ere den hori– anputatu behar baduzu. Espiritu horrek –literaturaren esparrura eramanez gero, nobela honetan legez– biziarazten bazaitu, edo beste gisa batez erranik, munduratzen bazaitu, goi-goitik munduratu ere, nola bizi duzu bizitza/mundua?
Lasai irakurle hori, ez zaitez aztoratu zu ere. Ohartu/jabe naiz Bernardo Atxagaren espiritu hori, euskaraz sortutako espiritu obabar hori, gaztelaniaz ezezik hamaika hizkuntzetara eraldatu zela aspaldian jada. Alta bada, oraingoan, Desde el otro ladoko bigarren eta hirugarren istorioak –euren izenburuak errepikatu gabe errana– euskaraz sortu gabe, gaztelaniaz espresatu dira. Lehen bi istoriok –aspaldi leitu/neureganatu nituenak, jatorrizko espirituaren bitartez jasoak ere– orain irakurtzen nituela –gaztelaniaz/espainieraz– nire buruari niotson: “Pasarte hau euskaraz nola idatzi zuen Atxagak?”. Zonbi gisara ibili naiz apur bat. Ostera, egilearen erdarazko espirituak osatutako beste bi istorioak irakurtzean “hau nola erranen luke egileak euskaraz sortuta/ idatzita?”.
Horixek nire gogoaren dibagazioak. Ez dira bakarrak, haatik. Badago euskal literaturaren inguruan eraman ezin dudan aspektu bat, izate bat. Ez da/zait Atxagarekin bakarrik gertatzen. Egiari zor, bera izan zen lehena –Unai Elorriaga, Kirmen Uribe, Miren Agur Meaberen kasuak etorri ziren/dira ondoren– eta bera da nagusia. Kontua –auzia?– nire espiritu literarioaz harago doala erran dezaket. Nire izatea kordokatzen dit, osorik inarrosten nau. Nire espiritua kiskaltzen nau, nolabait. Eta da: zein da/non da euskal espiritu literario nazionala?
Erran dezadan garbiago enkaxka eta porsiacaso. Hau da, modu literario batean erran ez ezik, modu politiko batez idatzia. Nolatan existitu daiteke euskal literatura nazionala Espainiako stabilissement politikoak euskal nazioa ukatzen badu? Datorren beste galdera hau nire baitatik uxatzen saiatu naiz, baina ezin, nire espiritu obababarrak ez du etsi nahi: Bernardo Atxaga espainiar idazlea al da? Edo, espainiar idazlea ERE al da? (*) Galderak betiere. Galdera irreberenteak!
Desde el otro lado edota “en el otro lado” daudenek ez dute gure aldean/nire aldean egon beharrik. Ez beharrik, eta are gutxiago nahirik. Eta nik, artean, nire euskal izatea/espiritua bezatu ezinik. Arras modernizatu gabeko espiritu obabarra, neurea. Atx!
(*) Oharra: ez dadila inor gaitzitu, are gutxiago Bernardo Atxaga/Jose Irazu Garmendia bera ere. Galdera honek berak berdin balio baitu "auzi" desatsegin/deseroso honetan: Kirmen Uribe espainiar idazlea al da?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: