Benetako ametsak

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-09-28 09:02

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601277349335

Gauero amets berezi bat izaten dut, arraroa, ia berbera egunero: “Munduko gerrarako armamentu guztiak –lurrekoa, itsasokoa, airekoa–, arma sorta guztiak laster erabilezin bihurtuko direla, eta beste zeregin sozialetarako birziklatuko direla. Horien “etekinak edo mozkinak”, arma horien eragina gehien nozitzen dituzten herrialdeetara igorriko dituztela. Halaber, berauek ekoitzen dituzten fabrikak itxiko dituztela”. Hori guztia, Nazio Batua Erakundearen aginduz eta oniritziaz.

Amets hori, egia erran, esna nagoela egiten dut. Gero, leher eginda, amore ematen dut eta “benetako ametsak” izaten ditut. Hona horietako bat:

Benetako ametsak ere arroak izaten dira. Hots, txikitan, 2000. urteetan III. Mundu Gerra etorriko zela entzuten genuen. “Amets gaiztoa” zela esaten ziguten etxean, ez zela etorriko. Eta ez da heldu. Aldiz, koronabirusa (COVID-19) delakoa heldu da, eta itxura batez, inoiz irudikatu nuen/genuen gerra antzeko bat bihurtzen ari da. Badute ezaugarri bat komun bat: mundiala izatea. Izurrite perfektua, mundiala hots!

Jendearekin gurutzatzen naizelarik, karrikan, hondartzan edo mendian, koronabirusa da gaia –edozein gai birusa da, gaur egun gai guztietan COVID-19 birusa dago– eta honelako hitzak entzuten ditut:

– Jakin ezazu, zer dagoen honen atzean!
– “Ederra ziria” edo “gaitza” sartu digutena!

Alegia, pentsu dut, adierazle horien ustez, determinatzaileak “besteak” dira. Jainkoaren kasuan bezala, berak erabakitzen du lurrean gertatzen dena. Solaskide horiek, noski, agintariez ari dira, mundu osoaren martxa erabakitzen dutenez. Alabaina, izen-abizenik ez dute ematen. Zaila baita izenik jakitea. Mundua nola konfiguratuta dagoen, nork agintzen duen… “Jende askok” ez daki erabakitzen dutenen berri.

Izen-abizen propiorik gabe –botereak hori ere egokitzen ikasi du bistan da–, handi-handika hauxek: Estatu handietako nahiz txikietako estatuburuak, Nazioarteko Diru Funtsa, Troika delakoa, Munduko Osasun Erakundea, Drogeria eta Farmazia Industria… Besteak beste.

Konspirazioaren teoria edota konplota nagusitzen da jendearen buruan, handi-handika diot hori ere. Imintzio moduko bat egiten dut, eta galdera jalgitzen da.

– Eta zure ustez? Zer dago bada, guzti honen atzean?

– “Hara, harrapatu naute!”, pentsu dut.

– Bada… nik honela ikusten dut: “Birusa gauza naturala da. Natura oso indartsua eta jakintsua da. Baditu osagai onak eta txarrak. Birus hau munduko kobazulo batean lozorro zegoen eta ‘guk´ ernarazi dugu. Kontua da, `gu horiek` herrialde globaleko partaideak garela. Gaur, Kantauri itsasoaren ertzean promenatzen gara, eta bihar-etzi, oporretan munduaren beste aldeko itsaso eta mendietan ibilki gara. Edo hiri batetik bestera mugitzen gara abioez di-da batean. Eta, kasuon, koronabirus gaizto hori gu bezala izate globala bihurtu dugula”.

Globala eta kontrolaezina. Gu nola bera ere hala. Halatsu alajaina. Erran nahi baitut, Naturak, maiuskulaz, hauxe “pentsatu du”: “Tori koronabirusa! Horixe duzue nire “arma”-tako bat, gauza naturala, gaiztoa, zuek gizakiak legetxe.

Naturak aipatu birusa kobazulotik aterarazi zuen eta munduko “bizilagun” guztiok geure etxeetan sartzeko ahalmena izan du.

– “Ja baina…”, lagun batek.

– “Ja baina… Bai baina, bistan da, COVID19 delakoa boteretsuen interesak defendatzen dituzten agintarien arabera biziko da. Edo hilko da”, neronek.

– “Ja baina…”, besteak.

– Bai ba. Eta artean, gure indar korrelazioaren arabera biziko gara, norberaren bizimoduaren eta jarreraren arabera biziko da ere bitxitoa.

P. S. : Kontatua, bata zein bestea, benetako ametsak dira biak ala biak.


Utzi iruzkina: