Atrezzoa maneiatzeko trebezia

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2020-10-02 10:49

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1601629394297

Gilles de Rais (Nobela)

Anjel Lertxundi

Alberdania, 2020

Gilles de Rais pertsonaia historikoa barik, pertsona historikoa da. Anjel Lertxundiren Piztiaren izena narrazio bilduman leku hartu zuen. Piztia ez ezik, monstru kalifikatiboa bereganatu du istorioetan nahiz historian. Izendapen bat eman aldera: “Bizar urdindun serieko hiltzailea”.

Gilles de Rais mariskal pedofiloa Arc-eko Juanaren ibileren arrastoan ageri da historian eta istorio honetan: Karlos VII.aren alde, hau da, kausa karlistaren faboretan. Historiak hamaika ertz dauka, eta nork kontatzen duen arau, haren ertzak zorrotzagoak edo kamutsagoak ageri daitezke.

Ipuinean nola eta nobelan hala, pertsona bera izaki, pertsonaia antzaldatua ageri daiteke. Gilles de Raisen soinaren ertzak nobela baten barruan ikusteko premia eta zoria izan ditu nonbait idazleak, baita ederto taxutu ere eleberria.

Laburrean garatuta izanagatik, labur zurrean errendi dezadan nire aburua:

Historia ager daiteke ipuinen magia bitartez, eta historiako pertsona narrats izanagatik, narrazioak edota istorioak liluratu egin gaitzake idazlearen trebezia dela medio. Halaxe gerta ere Gilles de Raisen kasuan. Historia pertsonek osatzen dugu, eta zer hobeki berau nobelatua bada. Are, nobela antzerki baten tramak harilkatu izateaz gainera, historiaren tragiko-tasuna komedia bitartez kontatzen bada.

Anjel Lertxundik, ez alferrik, Commedia dell'arte eman zigun herrialdean dauka sehaska literarioa –besteak beste, diot enkaxka ere–. Sehaska saski edo otarre izan, gakoa, hamaika atrezzo eskura izatea da, zein bere neurrian egokitzea idazlearen dohaina.

Kontakizuneko ardatza den La Pucelle obraren intriga nola –erreala eta irreala uztartuta; Vincent antzerkilari frantsesa protagonista duena–, horrela garatzen doa Gilles de Rais nobela ere. Bizitza paradoxa da, baita mundua absurdua izan ere. Historiako pertsona doilorrenek hartzen baitute sarritan berezko lekua ere literaturan. Horretarako idazle izan behar, ordea. Literaturak damaizkigun ertzak findu eta emari umotua eskaintzea da idazlearen bertutea. Anjel Lertxundik lan handiak ondu ditu, sarri askotan ondu ere –Otto Pette, Horma intimoa edota Itzuliz usu begiak, kasu–, eta gauza da hala berean, laburrean errenditzeko eta historia krudelaren gainean abenturazko nobela duina eskaintzeko.

Handia izan txikia izan, Chapeau! betiere.


Utzi iruzkina: