Arrakasta bidean arrastaka doa giza aberea
Bi berba, egilea tarteko
Aitzina egin aitzin –ele jokoaren nire halabeharra eta patua– Armiarma.eus-en trabatu naiz, nire arrakasta hanpurutsuaren harietan jausia: 343 kritika irakurri dut. Nireak, hots. Zeren xerka, ordea? Jasone Osororen libururen bat iruzkindu ote dudan jakin aldera nabil, arrastaka ibili ere. Ez da ageri zerrendan. So egin aitzin banuen susmo hori. Ziurtatu nahi nuen susmoa. Zergatik ez dut egundo Sallobenteko idazlearen liburu bat iruzkindu? Galdera(k) betiere. Bego.
Liburu berriak mahai aski zabal baten gainean ditut; batzuk, leitu gabe zaharrak daborduko. Suge baten moldera herrestan ibili ohi naiz euren artean. Bistan da, nire gogoa da arrastaka dabilena. Arrakasta liburuaren azal horiak liluratua nauka aspaldi honetan. Oraingoan bai! Baiki, oratu dut behingoan. Eta, hara, ustekabean, to eta no, ez da ipuina ez nobela liburua ere! Hala irudikatua nuen nonbait. Zinez sorpresa izan da. Zer da, bada?
Generoaz bi berba
Arrakasta zer liburu suerte da, bada? Liburuak sailkatu behar al dira? Galdera(k) berriz ere. Generoaz ari nauzu. Literatura jagoitik, sarri askotan, hibridismo suerte bat da. Ez gara –ez naiz– biologiaz ari baina. Dena dela ere, liburu bat testu hibridoek osatua izaten da usu. Arrakasta liburu biografikoa da. Ez da alabaina, pertsona bakar baten gainean gauzatua. Hamaika lagunen biografia sorta moduko bat kausituko duzu bere baitan. Hamaika dituzu, asko edo gutxi ote diren zuk begiratu behar duzu. Ez dizkizut euren izenak ez izanak salatuko. Endemas, ez da guztiz egia hamaika direnik, ez da egia berdaderoa alegia. Jasone Osoro, bera ere, suge-isilen gisara sartu baita euren artean. Isilik baino kamuflatua. Egokiro kamuflatua.
Aurreko berba batzuen kontrakarrean, kontraesanean, erran dezadan, biografia liburuaz harago, Arrakasta liburu-satelite bat da. Literaturan izaten dira, aldian-aldian, sailkatzen zailak diren liburu-sateliteak. Baliteke nirekin bat ez etortzea, jakina. Arrakastarekin bat egitea bezain zaila da bi lagun osoro bat etortzea. Liburua leitu ostean zeure aburua izanen duzu, arrakastari buruzkoa nork berea daukan legez.
Arrakastaren definizioaren arrastaka
Arrakasta eta arrastaka hitzak hurbilekoak ditut. Elkarren ondokoak begitantzen zaizkit. Hizkuntza hitzen jokoan bizi dut maiz. Erran nahi baitut, hitzak kontzeptuak legez har daitezkeela. Pentsatutakoa hitzen bitartez gauzatzen dugu, kontzeptua sortzen dugu. Lengoaiaren bitartez kontzeptualizatzen dugu gure izatea. Berbarako, hitzen herrestan ari nauzu, arrakasta erdietsiko dudan menturaz. Nola definitu arrakasta, ordea? Nola kontzeptualizatu hitz bera?
Jasone Osororen liburu honetan arrakastaren izana aurki dezakezu. Arrakasta izena du. Izenak izana ei dauka. Bai ote? Arrakasta duenak izana ote? Izana duenak arrakasta ote? Galdera andana egin ditut dagoeneko, herrestan eta arrastaka. Arrakasta liburuaren harian, egileak pausatu dizkigun hamaika galderaren ildoan, hain ziur egin ere. Galderak berebizikoak dira gure bizitzaren nondik norako bidean. Horra, halaxe ari nauzu ni ere, berben herrestan, balizko arrakastaren xendran.
Zer da arrakasta? Zertan datza? Izan al naiteke inor arrakasta amiñik gabe? Norbanako arrakastatsua izan al naiteke maitasunean arrakasta erdietsi barik? Ba al dago egiazko egiarik? Ba al dago arrakastazko arrakastarik? Arrakasta ezagutzeko bidea egin dut, ederto batean egin ere. To eta no! Arrakastak merezi din! Merezi dik! Arrakasta merezi dugu liburuko hamaika gizon-andreen moldera.
Armiarman jausi nauzu eta armiarmatik jaitsi behar dut. Arrastaka segitzeko arrakasta bidean. Arrakastak osoro harrapatu ez nadin, eta arrakasta osoro harrapatu ez dezadan.
Bidez bide noala, sarritan Xabier Lete poeta jalgi ohi zait albora. Giza aberea heldu zait gogora. Poemaren sei estrofetatik hauxe du(ke)zu lehenbizikoa.
Makurka ta poliki, arrakasta bidean
bizkarrezurra oker zerbitzuko lanean,
zerbitzuko lanean burutik altxa gabe
munduan zehar doa giza-aberea.
Hala noa ni ere. Plagioa egiten dut sarritan. Arrakasta bidean arrastaka doan giza aberea legez.
Post Scriptum
Hau malura! Eskribituaren ostean, askotan bonba bat heltzen zait gogora. Arrakasta liburuaren azalak harrapatuta nauzu. Bi granada ageri dituzu berean, ustezko eskailera baten azken mailan. Arrakasta gora-bidean lortzen al da? Arrastaka segitzen dut, arrakasta zertan datzan jakin guran.
Ez dira esku-granadak, lasai. Ez zaizu arrakasta esku artean lehertuko. Mingranondoak dituzu. Arbola-fruituak.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: