Arituz kontsolidatzen da adituaren espiritu kritikoa

Arituz kontsolidatzen da adituaren espiritu kritikoa Begizolia | 2026-11-23 18:00

Arituz kontsolidatzen da adituaren espiritu kritikoa

Manifestu filosofikoa

Agustin Arrieta Urtizberea

Alberdania (Patrika)

Filosofatzen hastetik haste

Manifestu filosofikoa saiakera komentatu behar dudala eta, trantze batean nago. Hots, egoera kritiko batean, estu-estuki lotua. Zergatik nago trantzean, ordea? Izan ere, printzipioz manifestu bat proposatzen digun filosofiari buruzko liburu bat interpretatu behar –edo nahi– badut, nire espiritualtasunak ez luke nire gogamena durduzatu beharko, ezta? Nire pentsamendua edota egoera psikologikoa perturbatu behar, hots.

Bai horixe. Edo, ez horixe. Alegia, ez naiz hain ziur horretaz.
Ez naiz ziur, ezen eta filosofiaren eta erlijioaren –euren– arteko diferentziak historikoki zedarrituta egon arren, filosofiak –erlijioaren aldean–, zerurako paradisu bideratu beharrean, paradisu lurtar batera bidean doktrinatzen ote gaituen nago. Alta bada, hala izanik ere, filosofiak ez luke nire espiritua kordokatu beharko. Alta bada… Baina… Alabaina.

Hau da, filosofia ere doktrina suerte bat da. Tira, filosofia hainbat doktrina-ildo sortaren bidean konfiguratu izan da historikoki. Demagun, duela 2.500 urtetik hona, Platon filosofoarengatik hona. Eta bidean bide, bilakaerak bilakaera, filosofia bera, errealitatea, ezagutza, etika eta jendartea ulertzeko modu kontrajarrietan oinarritu eta funtsatu da.

Filosofia ez da espresio edo disziplina homogeno bat. Egungo filosofia historiako hainbat filosofiaren –eta filosoforen– arteko talken ondorioa da. Beraz, manifestu filosofiko bat zertu orduan, horiexek aintzat hartu beharra direlakoan nago. Agustin Arrieta Urtizbereak horiexek aintzat hartu ditu, bistan da. Nire ustetan, bedaio. Nire kontu horiek apur bat argitu aldera, honatx filosofia-espresio-disziplinen arteko talkak:

– Arrazionalismoa versus enpirismoa.
– Idealismoa vs materialismoa.
– Deontologismoa vs utilitarismoa.
– Erabakimen askea vs determinismoa.
– Esentzialismoa vs existentzialismoa.
– Positibismoa vs postmodernismoa.

Alegia, manifestu filosofiko bat egin aldera, eztabaida eremura “jaitsi” behar dugulakoan nago. Jaitsi diot, izan ere, filosofoak Parnason bizi baitira –metafora bat duzu. Ulergarria espero–. Erran nahi baitut: gaur egun, naski, Parnasoaren ideia deuseztatuta dago. Filosofoek –aipatu pentsamendu horien ildoko filosofoen jarraitzaileek– ez dute eztabaida-eremuan parte-hartzea errefusatzen eskuarki.

Haatik, ildo bakarreko filosofo bakoitzak "ezagutzaren iturria" berea dela uste du. Nork bere doktrina dauka, doktrina propioa. Nork bere Grial Santua. Nork bere errealitatea eratu egiten du –saiatzen da behinik behin–. Errate baterako, manifestu filosofiko honen ildoko lerro bat hona ekarriz, hauxe: “Guk sortuko dugu historia berria, gure erara”, diote filosofia-ildo horietakoren batek. Hara, historia asmatzen ari da? Historia asmazio bat al da? Bai ote? Orduan, horrela bada, filosofia erlijio suerte bat da. Zerurako beharrean lurrerako erlijioa, baina Erlijioa funtsean. Disziplina doktrinarioa horregatik. Nire burutapen kaxkar bat duzu. Balio ote duen? Balio lezake. Hainbat filosoforen burutazio metafisikoek balio duten legez.

Nork bere etika eta morala dauka. Sei ildo filosofiko horietako pentsalari bakoitzak berea, alegia. Gutxi-gorabehera. Adibiderako: askatasuna ez dute molde modu edota manera bakarrean ulertzen, interpretatzen, bizitzen. Ideiak kontzeptualizatzean ez dira ados jartzen, erran nahi dut. Esaterako, gizakiaren esentzia eta existentzia filosofia-ildo bakoitzak bere gisara ulertzen du. Hots, filosofia-ildoek ez dute bat egiten norbanakoon existentzia eta esentzia izaerak definitzean. Nor bere errotara daramatza “egia”-ren eta "zientzia"-ren ideiak . Nork bere interpretazioa egiten du “egiaz” hala nola “zientziaz”. Norbera bere balioez baliatzen da filosofia egiteko. Bere "filosofia" ezartzeko, alajaina.

Manifestu filosofikoa saiakerak norbanakoen balioen aldeko aldarria egiten du. Balioak berreskuratzea helburuz idatzita dago. Kontua hauxe –nire galde eta uste apalean–: balio horiek existitu al dira inoiz? Are gehiago –egileak salatzen duenez–, XXI. mendera iritsita, jendarteak ez ditu gizabanakoaren balioak eta baloreak bereizten. Hau da, eta hau nire aburua duzu, pertsonak gero eta gehiago ikasten du, karrera bat gutxienez –doktoretza bat edo bi eginez, gainera– eta ezer gutxi daki filosofiaren funtsaz. Edo, tira, ez du jakin nahi. Alegia, jendeak ez du bere izatearen azterketa arrazional bat egin nahi. Eta, hara, horretara ez da unibertsitatera joan nahi. Haatik, jende dena unibertsitatera doa –baiespen hori, gutxi gorabehera ere bai–.     

Balioak eta baloreak  

Ekonomian eta finantzan oinarritzen diren jendarte baten "baloreek" gizabanakoaren balioak deuseztatu dituzte. Egia ote baiezpen hori? Ez dakit “egia” den, egitate “erreala” delakoan nago, halaz ere. Konstatazio bat da. Errealitatea halakoxea da. Saiogilerekin bat nator. Jendarte bateko balio-etiko-politikoen aldarri ere egiten baitu manifestu filosofiko honek. Bat nator manifestuarekin, jakina. Behar ere, bistan da. Izan ere, moralak –jendarteari dagokion araudia eta ohitura– norbanakoaren etikari gaina hartu baitio.
    Beraz, pertsonalki, jendartearen moralak nire etika deuseztatu nahi duen heinean, moral depravante eta degradante horri buru egin behar diot.
    Idatz dezadan pluralean: moralak etika deuseztatu nahi duen neurrian, moral suerte horri aitzi egin behar(ko) diogu. 

Printzipioz, giza-balioak norbanakoaren baitan ernaldu behar dira. Izan ere, norbanakoak tradizioa, mitoa, erlijioa edota familiaren ildoan eraiki diren giza-baloreen menpe daude eeta izan dira gaur egunera arte. Milurteko bi eta erdiz aritu dira erlijioa eta filosofia euren artean lehian, giza-balioak bermatuko dituen balio-etiko-politikoak konformatu eta eratu nahian. Eta? Nolatan, oraindik ere, XXI. gizaldian, gizakiok ez gara justizia eta askatasuna
–munduan barrena– bermatuko duen filosofia molde-eratu bat gauzatzera iritsi?

Filosofia hitzaren jatorriari behako bat eman behar diogu: “Jakinduriarekiko maitasun” gisara definitua da filosofia. Zerk oztopatu du –eta oztopatzen du gaur egun ere– norbanakoak jakintzarekiko jaidura eta joera izatea? Eta ez, ordea, norbanakoen arteko maitasuna oztopatu izaten duten lujuria suerte guztiekiko atxikimendua izatea? Hara, ederra bota dut. Bego. 

Honatx aburu bat, nirea: erlijioek eta filosofiek norbanakoon faboretan aldarrikatzen dituzten giza-balio horiek guztiak ez daude gizakion baitatik kanpo. Alabaina, biek ala biek, neurri batean, halaxe agertu dituzte edo horrela eman dituzte aditzera –handi-handika erranik hori ere–. Alegia, erlijioak hala nola filosofiak, giza-balio-etiko-politikoak pertsonon baitan ernaldu behar direla aditzera eman beharrean, pertsonen etikaren gainetik ezarri izan diren jendarte-balore-moralak sustatu izan dituzte. Nire ustea duzu. Uste eta aburu erkina, noski.

Filosofiek, nire uste zuloan, ez dute erlijioek mendez mende gizakion hezurretaraino sartu eta euren muinetan sustatu duten trantze transzendentalaren “auzia” ebatzi. Handi-handika erranik berriz ere –ildo guztiak bederazka hartu gabe, orotara hartuta–, filosofia erlijio molde bat da. Erlijioa doktrina zerutiarra den legez, filosofia doktrina lurtarra moduko bat dugu ezinbestez. Halabeharrez? Ez dut hala behar den uste. Ez eta manifestu filosofiko honen egileak ere. Usteak uste, betiere. 

Nola hanhi den ere, denok behar dugu doktrina bat. Gizabanakook ez dakigu doktrinarik barik bizitzen, ez eta gure burua munduan agertzen doktrinarik gabe. Nola agertu munduan doktrinarik gabe? Egungo pertsona, mendez mende osatua, ideia eta printzipio-multzo baten ondorioa da. Bertuteak bertute, akatsak akats, gaur egungo norbanakoa erlijio eta filosofia suerte ororen ondorio edo konstruktu bat da.

Beraz, eta ondorioz, gizabanakoari manifestu filosofiko honi atxikitzea ongi etorriko zaio munduaren barrena paradisua eraikiko badu. Eta aldi berean, eta bidenabar, paradisua munduaz haratago dagoela uste edota sinesten dutenei, fabore ederra eginen die Manifestu filosofikoa delako honetatik elikatzea. Bertzela erranik, manifestu berarekin “jaunartzea”.

Filosofatzeaz bertzera, haratago joateaz eta honatago jiteaz

Manifestu filosofikoa interpretatzen hasi eta noria batean sartu naiz. Hartara, ideiak buklean hasi zaizkit jira-biran, elkarren segidan kateatzen eta errepikatzen. Horixe du arrisku pentsatzeak, hots, filosofatzeak. Beraz, berreskuratu dezadan noriaren ardatza: ezagutzak eta balioak landu beharra dauzkagu. Eta funtsean, hauxe hartu ardatzean: izakia “determinatuta” badago ere, ez dago osotara “determinatuta”. Gizakiok gure izatea determinatu dezakegun izaki determinatuak gara. Gure balio-etiko-politikoak sustatzea erabakitasun horretan dautza.
    Azken maxima hori kontraesan ageriko bat duzu. Pertsonok, ordea, kontraesan bat gara gure printzipioetatik.

Gure balio-etiko-politikoak “egia”-n omen datza. Alabaina, antza denez, XXI. mendean "egia"-k ez du izaterik gure jendartean. Balio-etiko gisa, erran nahi dut. Tira, eta hori ere, egundo “egia” iristerik genuela sinetsi izan badugu
–gizabanakoaren izenean ari naiz–. Teknologia berriak tarteko, gizabanakoari ez zaio “egia” interesatzen. Egia-osteko aroa bizi dugu –saiogilearen erranen ildoan joaki betiere–, egia-oste garaia da milurteko hasi berria. Mendez mendeko erlijioen eta filosofien doktrinatzeak ez dira gauza izan, norbanakoa “egia”-ri atxiki dakion.

Honatx ikuspegi bat, nirea: “Egia”-ren ideia baliagarria izan da, erlijioek eta filosofiek sortu dituzten jainkoen ideiak norbanakoa doktrinatzeko balio izan diren bitartean. Baiki, filosofiek ere jainko suerte bat sortu dute, jainko lurtarra izanagatik ere. Filosofo bakoitzak bere “jainkoa” asmatu du, bere garaiko erlijioak ezarritako jainkoa gustuko ez zuelako.

Filosofiak ere –erlijioen ildoan– boterea "gurtu" egin izan du –egurtu beharrean, naski–. Aldian aldiko filosofoak bere kulturan jaso duen jainko erlijiosoa baztertu izan du, eta horren ordez kontzeptu filosofiko bat jarri du bizitza enigmatiko honen erdigunean, hots, haren ustez, “benetako” jainko baten funtzio bera bete izan duena, edo bete beharko lukeena. Honatx adibide batzuk, eta ez dira denak:

– Platonek unibertsoa ordenatzen duen jainko sortzaile –edo artisau– bat asmatu du. Demiurgoa deitua.
– Aristotelesek unibertsoko mugimendu guztiaren jatorria den baina ezerk mugitzen ez duen entitate bat proposatu du. Motor higiezina deitua.
– Friedrich Nietzsche erlijioaren jainkoa hil ondoren, haren lekua hartzen duen gizaki eredu berria sortzen du. Supergizakia.
– Sigmund Freud gizakiaren jokabidea eta patua kontrolatzen dituen indar ezkutu bat ezartzen du, jainko baten antzera. Inkontzientea.

Ez dira jainko lurtar moduko batean funtsatu diren filosofoak. Pentsa, Baruch Spinozaren filosofiaren ildoan sustantzia da existitzen den errealitate bakarra, infinitua, eta bere baitan dagoena: Jainkoarekin edo Naturarekin (Deus sive Natura) identifikatzen duen sustantzia.
    Pentsa, idatzi dut, neronek filosofia auzitan jarri arren, Spinoza zalea naiz-eta. Hots, denok dugu, nolabait, baita ustezko materialistok ere doktrina baten beharra. Denok? Beno, hori da esperientziak erakutsi didana.
    Barka ezazu(e) orokortasun molde hori. Inor ez da ahalorotakoaren rola jokatu nahi izateaz libro. 

Egia-ostearen garaian balio epistemikoak berreskuratu behar ditugu, egungo jendarteak, egungo kultura postmodernoak balio molde horiek gutxietsi baititu arras. Manifestu filosofikoa delako honen ildoan ari naiz, jakina. Alta bada, filosofiak badu lana –filosofo honek berak errana–. Filosofiak, erlijioak legetxe, bere barnea garbituko duen lanketa bat behar du, garbiketa-sakon bat sustatu behar du. Uneon, aro honetan, giza-historiaren norian kateatuta bide gaude. Giza-bilakaera zeharo moteldu da iragan mendi erdian. Balio-etiko-politikoen "garapena" moteldu da, abantzu gelditu ere bai. Engoitik orain, giza-pentsamenduaren motorrak ez dira erlijioak ez filosofiak. Ez nagusiki, bederen.

Pentsamendua ez dago unibertsitatean. Pentsamendua ez da loratzen ari literaturaren bidez. Gaur egun, erran nahi dut. Sare eta plataforma-sozial-digitalek –Interneten bitartekoek– iragan mende erdiko prentsa, irrati eta telebistaren geruza mediatikoaren gainetik ezarri dira. Lur planetaren botere nagusia –bestorduz Anaia Handia deitua, Silicon Valley izen errealaz ezagutua orain–, lurreko jainko berria dugu. Mendebaldeko egungo jendartearen bidea jainko horrek berak diktatuta dago. Gaur gaurkoz, bere diktatuak orain arteko erlijio eta filosofia berek ezarritako doktrinamenduak baino aise efizienteagoak dira.

Balio guztiek dute ahalmen kritikoa

Agustin Arrieta Urtizbereak dioenez, “balio guztiek dute ahalmen kritikoa”. Beraz, kontua edota zeregina uneon, balioen erresuma egoki bat eratzea da. Horixe proposatzen digu. Tira, erretxin edota kakapirri agertu nahi gabe, erresuma hitzak kili-kili egin dit. Zer dela eta eratu behar dugu erresuma bat? Hitzaren semantikari helduz gero, nagusigo jainkotar-zerutiar bati izan ez ezik, nagusigo lurtar bati erreferentzia egiten dio erresuma hitzak. Ezta?

Horiek horrela –nire ahalmen kritiko motza tarteko–, hauxe adierazi beharrean nago: eratu behar dugun eremu egoki horretan ez dut errege-erreginen beharrik ikusten, beraz, ez erresuma baten beharra aldarrikatu nahi ere.

“Filosofiaren erantzunbideak ez bide dira artearen, fikzioaren edo
erlijioaren erantzunbideak” dio saiogileak. Erlijioarekikoak aldera batera –horiek aipatu ditugu jada–, artearekikoak interesatzen zaizkit eta zehazkiago literaturarekikoak. Filosofia ez da zientzia bat. Ados. Baina bere bidea gertuago dago zientziatik, artetik –literaturatik– baino. Ados. Erlijiotik hurbilagoa zientziatik baino –diosku egileak–. Filosofia jarduera tranbertsalatzat jotzen du Arrietak. Jarduera orokorra. Ados.

Filosofia –erlijioarekin bestera–, zientziarekin ere ezkontzen da. Alabaina, filosofiak ezin izan du literaturarekin ezkondu. Filosofiaren jardun transbertsalak, erlijioak egiten duen antzera, literatura lizuntzea bilatzen duela uste dut, literaturaren –hitzen arte espresioa izaki– des-prestigioa bilatu du bere sorrera beretik. Literaturak –fikzioaren bitartez– bai erlijioaren bai filosofiaren jainkotasuna eraitsi behar du, edo lagun behar dio norbanakoari jainko suerte hori deuseztatzen –erlijiok eta filosofiak egite ez dutena, hots!–. Filosofiak ezin izan ditu jasan zientziaren eboluzioaren aurrerapenak –tira, filosofo nagusiek erran nahi dut–. Funtsean, filosofia bakoitzaren gibelean norbanako frustratu bat dago-eta. Zientziak, ordea, bai erlijioa bai filosofiaren dogmak hankaz gora jarri izan ditu.
     Zientzia dugu giza-eboluzioaren adierazle zentzuzko eta errealena. 

Zientziak “usteak” ezeztatu ditu eta “egiak” justifikatu behar izan ditu. Literaturak, berriz, zientziak berak justifikatu dituena "auzitan" jarri beharko lituzke –noski, horretarako, literaturaren definizioa dein den albait eta ongien zehaztu eta ezagutu beharko genuke–. Saiogileak literaturari eskaintzen dizkion lerroak interesgarriak dira oso. Literatura zer den ulertzen laguntzeko egokiak. Nire nahi xumean, honako honi eman diot garrantzia: “Literaturak esperientziaren ezagutza –edo bizipen ezagutza– ematen du –edo eman dezake–.

Fikzioaren funtzioa literaturan ongi ulertzea funtsezkoa bada ere, nik azpimarratu lerro horretan jarri dut nire begirada. Zergatik? Bada, Arrietak ez baitu guztiz baieztatzen literaturak “esperientzia eta bizipen ezagutza” emanen digula, “eman diezagukeela” baizik. Eta bat nator. Izan ere, literaturaren balioa bere potentzialtasuna dela-eta hartu behar dugu aintzat. Literaturak "errealitatea" eman dezake aditzera "fikzioa"-ren bitartez. Fikzioa, betiere, posible izan daitekeen neurrian. Mundu errealean posble izan daitekeen heinean. Literaturak, erlijioak edo filosofiak ez bezala, ez digu “egia” bermatzen. Egia bermatzen duen bakarra zientzia da.
    Akats edota oker handiena, nahikeria galanta –nire uste motz eta apalean–, “balizko jainkoa” zientziaren menpe jarri izatean "gertatu" izan da.

Filosofiaren xedetan barrena

Manifestu filosofiko honen helburua filosofia bere tokian jartzea da. Hala dio egileak. Ahalegin txalogarria, eskergarria. Filosofia ez da zientzia, zientziaren osagarria baizik, osagarri kritikoa. Filosofiaren baloreetan blaitu behar dugu, zoriontasuna helburutzat harturik. Berriz ere, erretxin izateko zorian, hauxe: filosofiak –bere abiaburuan– askatasuna helburu hartu beharko lukeelakoan nago. Filosofiak berak erlijioak berak bezala, askatasunaren murriztaileak izan dira historikoki. Honatx maxima bat: ez dago norbanakoaren zoriontasuna heltzerik askatasuna bermatu gabe. Nola ez dagoen ere, hala berean, askatasuna heltzerik osasuna ziurtatu gabe.

Osasuna hizpide, hauxe galdera: zein da gaur gaurkoz osasuna bermatu dezaketen jarduera zientifikoak? Erantzuna: Osasun zientziak. Ez erlijioak ez filosofiak ez dute norbanakoaren osasuna bermatzen –buru osasuna zehatzago erranik, kasuon–. Hainbat kasutan hainbat filosofo psikologiaren ildoan barrena joan direlako, diot. Literatura norbanakoaren osasuna gozatzeko edota ematzeko jarduera begitantzen zait –hala behar izanez gero, noski–. Ez dezagun literatura ere dogma bihurtu. Zein literatura motaz ari garen zehaztu beharko genuke, noski.

Ez dago balio-etiko-politikorik gauzatzea, osasuntsu bizi ezean. Beraz, zoriontasunaren eta askatasunaren aurrez harri dezagun osasuna –zoriona eta askatasuna balio heldu ezinak, erdietsi edota jardetsi ezinak dira. Ez dago osasuntsu bizitzerik bizikidetza gauzatu ezean. Ordea, nola eraiki bizikidetza? Bada, honatx erantzuna, topiko-tipikoa: espiritu kritikoa lantzen. Gaur egun hutsaren hurrengoa den espiritua. Tira, nireak hitzak besterik ez dira, ez dituzu, bistan da, bistan denez. Irakurle zurekin ari naiz.

Arituz kontsolidatzen da adituaren espiritu kritikoa. Aditua aritua izaki osatzen da kritikariaren espiritua. Espiritu osasuntsua. Zerutiar eta lurtar maximeetatik aldenduz, gogoa eta begirada errealitatean finkatuz. Hizkuntza izaki aterpe. Aterpe, ez gutxiago ez gehiago. "Errealitatea" ez dago hitzetan azaltzerik, ezin dugu hitz soilen bidez "errealitatea" osotara adierazterik. Hizkuntza dela bitarte “errealitatea” adierazten saiatzea ekimen sublimea da. Gertatu dena, "erreala", errealitatera hitzen bidez hurbiltzen saiatzea –"erreala" agertu eta baieztatu nahi izatea–
saiatze-etengabea da, mugarik gabeko ekimena. Balio-baieztapenek hurbiltzen gaituzten errealitatera. “Egia” delakoa dugu auzitan. “Egia” baina, fikzioaren bitartez –literaturaren jardunaren bidez– erretratatu dezakegun “errealitatea"-ren "argipen" moduko bat baino ez da.

Post Scriptum

Luzetsi barik. Nire jarduna areago enkriptatu gabe. Estimatu dut Agustin Arrieta Urtizberearen saiakera hau. Eskerrik anitz, gaur egungo mundu kodifikatu hau deszifratzen laguntzeagatik. Ez da samurra gero.

Espero dut, Gaueko eztabaidak saioaren karietara jalgi zen iruzkingile zakar samar hark baino modu xumeagoan jardun izana. Nork bere gaitasuna dauka, nirea aski mugatua duzu(e), ageri denez. Gaitasun motza izanagatik, batzuetan –edota gehiegietan– nire jarduerak ulergaitzak ez ezik, mingarriak ere suertatu daitezke. 


Utzi iruzkina: