Antena parabolikorik gabeko etxearen gaineko parabola

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2024-10-03 11:11

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1727947791040

Etxe bat norberarena

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria

Alberdania, 2024

Atarian
Etxe bat norberarena katalogatu beharrez, saiakera sailean paratu dut. Baiki, saioa duzu. Baina, zein saio-mota? Saio bizi-zalu-malgu-bizkor-agudoa izendatu dut. Hara, saiakera-genero-izaeraren antonimoa! Bai naski, antonomasia molde bat duzu nik emandako izena. Eta?

(Eta) etxean sartu beharrez, liburuaren azalaren parean paratu naiz. Bost solairuko etxetxo baten aurrean nago. Irudiz, haur baten irudia duzu. Etxahun Gorosabel Etxebarriarena. Haur batena ote? Etxea hauskorra dirudizu. Ahula. Zaurgarria. Eta?

(Eta) egilea haur beharrean, pertsona heldua bada? Adimena unatua duena. Aitaren etxea –defendituko dut– defendatu beharrez, bihotza urratua duena. (Eta) irudigilearen eta idazlearen kontzientzia bera bada? (Eta) bien ala bien kontzientziek kointziditzen badute? Eiki, biak ala biak etxe berean habitatzen dira.
     Ikaspena: Etxe bat norberarena habitatzeko ikuspena hartu duzu (h)abiapuntuan.

Lehen solairuan
Aitaren etxeko habia aspaldi laga zuen. Edipo sindromea –inoiz pairatu bazuen– aspaldi sendatu zuen. Irudiz, eta itxuraz portatu beharrez, alabak ez du amarekiko sindromerik pairatzen. Itxura batez, alabak ez du amarekiko zauririk artatu beharrik, hil arterainoko amaren eta alabaren zauri-zornatua duzu.
     Ikaspena: amaren eta alabaren arteko “bizimina” preskripziorik gabe sendatzera kondenatutako ikuspena da.

Andrea idazlea da. Idazlea andrea da. Alaba, kasu. Etxearen planoak ez dira berberak gizon eta andreentzat, eskala ezberdinetan planifikatuak izaten dira. Idazle andrearen etxeko planoetan nekez kabitzen da (nor) beraren (-tzat) gela bat. Are gutxiago etxe bat norberarena.
    Ikaspena: ikaspenak ikuspen anitzez osatuta daude.

Bigarren solairuan
Etxe bat norberarena gura du andreak. Etxe bat norberarena helburua du idazleak. Etxe bat norberarena aldarrikatzen du Yolanda Arrieta Malaxetxebarria andre idazleak: “Etxea ukatu zaion amandrearen amandrea da andre idazlea eta amandre guztien alaba. Hara!”. Odolaren mintzoa, kumak eta eskolak ditu oinordetzak. Ametsak habian gorde izan ditu haurtzaroaz geroztik, gero, gaztaroan, begiak zoli eta belarriak adi, txoriz betetako “ganbara” askatu beharrez ari izan da.
   Ikaspena: ikaspenak hamaika ikuspen barnebiltzen ditu.

Hirugarren solairuan
Nahiak, ahalak eta halabeharrak. Horratx, etxe bat norberarena izateko funtseko bitartekoak. Andre idazleak ez du bizitzaren bitarteak planak izatea gura. Planek bitarteak ordezkatzen dituztenean, bizi-bitarteak bizi-planak bihurtzen direnean, norberaren etxeko planoak txoriburuek daramatzate: “Etxe berrian nola biziko den idazten-amesten ari den bitartean, jabetu da nolakoa den bizitzen ari den bitarteko errealitatea”. Idazlea ez da kaskarina, ez andrea buruarina.
   Ikaspena: denbora ispilu bat baino ez da. Denbora bitarte bat baino ez da. Ispiluak eta bitarteak ikuspenak dira.

Laugarren solairuan
Eskaileran goiti doa, "buru-sabaia" ikuskatzen hasi da: “Amaren heriotzarekin hasten da norberaren zahartzaroa. Amaren heriotzarekin berresten da norberaren heriotza”. Bizitzarako maxima horiek minimoak begitandu zaizkio etxe bat norberarena izan dadin. (Amaren) zaintzaren ekuazioan ixak beti maingu. Amarekiko ixak beti itsu. Hots, ixa inkognita da. Ixa kontzeptu indeterminatua da. Oroitzapenak absentziak dira gaurgero.
    Ikaspena: ikuspen bakoitza sortze berri bat da, azken ikaspena heriok dakar.
Lur berri baterako amuak. Bolada batez diasporan igaro gura izan du andre idazleak. Distantzia batean bere hizkuntza txikia handituko zaiolakoan. Gogoa zabaltzeak eta hizkuntza biziberritzeak etxe-berri bat bide dakar, ekar dezake alegia: (nor) beraren etxe bat, etxe bat norberarena. Etorkizuneko etxea eraikitzen jarraitzeko “kondena” ematen dion itxaropena bizi du.
   Ikaspena: itxaron pena etorkizuneko esperantza da.

Bostgarren solairuan
Gauza politak egiten –bizi– ditu andre idazleak, eta are auzi biziagoak libratu ere auzokide deneko sistema antzuan. Antzutasuna da andreari esleitzen zaion sortzetiko sindromea. Gizonek antzutasuna samurkiago mozorrotzen dute. Gizonok antzutasuna errazago kamuflatzen dugu. Bizitzaren ekuazioan ixak beti amuak dira. Amuak eta mamuak. Sinonimoak ote?
     Ikaspena: ikuspen bakoitza ikaspen diferente bat da. Ikaspena (etxe bat) norberarena denean ikuspena bestelakoa da.
Eskaileran goiti, gora aldera jarraitzean, idazleak habia berrietarako lumak laga ditu solairuz solairu. Aitarekiko inoiz izan zuen sindromea aspaldi amatatu zuen, amarekiko lotura-zauriak bizirik mantenduko ditu etxe berrian. (Eta) gurasorik ezean, etxe bat gura du. Bizitzari baietz esateko, baietz idazteko agindu dio bere buruari. “Sortzeak berpizten gaitu”, idatzi du berea duen etxean. Etxe bat norberarena izan ez ezik, gela bat norberarena ezik, guztiona den sala bat dauka orain idazle andreak.
    Ikaspena: denbora espazioaz gaindi igaro ohi da. Espazioa gainditzen duen ikuspen-ikaspena da denbora.

Etxearen ganbara: "Buru-sabaian"
Sotoko edota etxabeko oroitzapenak igoarazi ditu ganbararaino. Andre idazlearen Etxe bat norberarena imajinatzen dugunean, berau imajinatu ahala ganbara betetzen dugunean, badaukagu gure “buru-sabaia” zerez bete  irakurle lagun horrek. (Eta) orain, urtetan okupa izan ostean, badugu ganbaratik zer hustu apopilo lez. Etxe bat norberarena guztiona denean, badugu etxea betetzea eta hustea. Hustea uztea edota laga denbora berean.
     Ikaspena: ikuspena ikaspenerako bitartea da. Bizitzako solairuetan gora eusteak merezi du ikus pena. Ekinean gauzatu ei da ganbarainoko bitartea. Eskaileran goitiko tartea, gora alderako jarrai-pen-tartea. Ikus pena eta ikas pena. Ikuspenak eta ikaspenak, biek ala biek, merezi dute ikus zoria, ikas zoria.

Etxeko teilatuan
Irakurle apopilo lagun hori, igo zaitez teilaturaino. Habia berrien abia-lekuan izanen zara, naski. Etxe bat norberarena bada, auzokide izateko eskubidea irabazi duzu. Auzokide izaki, zahartzaroko etxean habia berrien abia-lekua egin dezakezu apopilo lez. Zahartzaroan bareagoa da espazioa, nagiagoa denbora. Ba al da norberaren etxe bati Zoriona deitzerik? Ba ote? Bai ote? Zoriona, eiki, saio bizi-zalu-malgu-bizkor-agudo bat dukezu. Zoriona saski-naski molde bat da, haatik.
    Ikaspenaren gaineko (azkeneko) ikuspena: parabola prekario hau paratzen saiatu naiz antena parabolikorik gabeko etxeko teilatuan. Saiakera irudiko saio tipia. Alegoria itxurako bat, agian. Menturaz. Araiz.


Utzi iruzkina: