Analfabetoak gara behelaino artean? Galdera ez dut nik asmatu
Astiz abizena du poeta honek. “Motza eta polita”, bi kolpetan ahoskatzeko modukoa: As… tiz. Onomatopeia poetikorako doitua. Iñigo izena du poetak, Loiolakoaren "leinukoa", Nafarroako iruinxemea.
Analfabetoa poemak ematen dio izena liburuari: analfabetoa. Gutiz gehienak, ia denak, denak gara analfabeto. Nahikari arkeologikoen arrastoan jarri gaitu poetak, analfabetoak. Poeta analfabetoak.
Hieroglifikoak dituzu bere poemak, labirinto jitekoak, kronologia nahasgarrian eraikita, historiaren kontakizunaren antzo. III ataletan eskainia. Erromatar zenbakiek salatzen dizkigute poema historia honen mapa karta eta errutak. Errege bideak –errepideak– baino, herritar atsekabetuon ibilbideak dituzu bereak: bidexka, xendrak, bide-zorrak, labirinto deszifratu ezinak. Erran dezagun ez errazak, erran dezagun zailak.
Lehen eta hirugarren atala bi poemek osatuta daude. Bigarrena, berriz, 39 poematan errendituta dago. Alegia, deus ez. Desoreka alegia. Atalen desoreka nabarmena da. Lehen poema laxoa duzu. Orain dela 13.360 urtetik heldu duzu. Lerroburu luzeko poema. Kobazulotatik irten eta bagoaz mende berrian barna, poetak garamatza. Azken poemak –liburukoak– Hogeita bat izenburua du. Izenburu laburrekoa baina barne luzekoa, mamitsua, korapilatsua, labaina. 40 poematan XIII milurteko luzetan jauzi egin dugu: supituki, abantzu zizpuru batean.
Mundua gehiago aldatu da mende bakarrean, XXI mendetan baino. Konstatazio bat duzu. Alabaina, duela 13.360 urteko gizaki hura gara gaur. Orduko suari nola egungo telebistari begiratzen diogu egun. Haluzinatuta. Orduko gauzak eta objektuak ez dira egungoak, baina subjektuaren zioak antzekoak dira. Eguzkiaren printzek sorraraziko esperantzari lotuak geunden orduan, eta digituek argitzen digute bidea gaur egun, baita neuronak ahitu ere.
(Euskal) mendebaldekook kode genetikoaren xerka segitzen dugu mendez mende, hamahiru milurtekoetan aitzina betiere. Kobazuloetako tristezia eta aro industriala eta teknologikoaren tristura hitz eta sentipen kidekoak dituzu, lehengusu-lehengusinak, kusia-kusinak. Portzentajeen araberako gizakiak bilakatu gara, jende hitsa. Ez ginen otso, alta bada, gero eta animalia artifizialagoak gara. Izan garen eta izan ez garen errudun jaidurakoak.
Poeta honek poeta asko du bidaide, poeta gogaide. Poetei jarraikiz, haien argibide zenbait: “Ez fio ideiez, gauzez baizik”. No ideas but in things / ez dago ideiarik, gauzak baizik (William Carlos Williamsen hitzak dira). Mendekuaren zain bizi omen gara, hala dio iruinxemeak. Segi zuk zeuk, irakurle, nihaurk ezin dizut “suntsipenez janzten den oparotasunezko aro hau” ele poetikoaz azaldu, ezta prosaz ere. Gomendio bat hala ere: ez zaitez fidatu Coca-Colaren ideiaz, fida zaitez Coca-Colaz. Besterik gabe. Neroni, berbarako, ez naiz ere ideiaz fio, gaur egungo Gilen eta Antonez fidatzen ez naizen legez. Tira, euren ideiez bederen. III ataleko poemaren barrena bilin-balan ibili naiz, desorekaturik. Hitzak egun kopuruaren arau neurtzen baitira.
Bigarren ataleko poemez pare bat –orga– hitz. Liburuaren erdiko atalaren poemez ari naiz. Gaurko partida erdian jokatzen duzu, erdia bi muturreraino zabaldu baita. Bizitza partida bat da. Tira, burutazio hori ez duzu batere orijinala. Akort. Beste bat, agian burutsuagoa: poesia ur –ulertu ele– zabaletan diluitu da. Engoitik “ez duzu hizkuntzarik ulertu beharrik”. Gaztigatuta zaude. Gaude! Eta! Eta? Euskadi, Euzkadi, 1936ko irudi maiztua besterik ez da. Euskal herria kobazuloetan dago anartean: “Herria da denok herria da inor ez” (Miquel Marti i Pol).
Poeten jatorria, berriz, Niloren sorburua legez, antzeman gabeko laku bat da. Analfabetoak gara behelaino artean? Galdera hori ez dut nik asmatu. Antigoaleko hitzak deszifratzen segitzen dugu. Museoko fosilak gara, kobazuloetako haiek nola, artean munduratu gabeak. Eta oraindik ez gara enteratu. Europaren arkeologia duzu gure esperantza bakarra. Paretetan margotutako zaldiak haiek –haien espiritua, hots– gaurko poliziak gara. Eguzkiaren memoriak itsututa egungo munduaren esanahia bilatzen dugu nekatuta. Areago, gurea omen den planeta hau unibertsoan kokatu ostean, ihes unibertsala da gurea.
XIII milurteko iragan dira eta iniziatuak besterik ez gara. Herria da denok, herria ez da inor ez, haatik, ezinezko aberriaz elikatzen gara. Poetarik poeta, Dylan Thomas bidaide hartu dut. Eternitateaz mintzo da: “Mutiko batzuk udan igeri hondakin artean; eternoak dira”. Iñigo Astiz berriz –abizenaren onomatopeiak laguntzen nau bidean as tiz, as tiz–, haren mintzoaz fio edo ez fio ari duzu, bilin-balan. Dylaren Thomasen eleez elikatzen da halaz ere. Honela deskribatu du Dylanen poema: “Hondakin artean; eternoak dira mutiko batzuk udan igeri”.
Astiz Thomasen arrastoan nola, halaxe ari naiz analfabetoaren hieroglifikoak deskribatu nahian.
Honela dio Astizen poema honek:
Irauten duela zorionak oraindik
Zure keinuek erakusten didate
ze eguzkiarekin esnatu baitzara
iragan uda bateko kantua
ezpainetan eta soinean
soilik atzoko jolasen ondoren
lotarako alderantziz
jantzitako kuleroak
Hieroglifikoan nihaurk atzemana astiz:
Zorionak oraindik irauten duela
Zure keinuek erakusten didate
ezpainetan eta soinean
iragan uda bateko kantua
ze eguzkiarekin esnatu baitzara
soilik atzoko jolasen ondoren
lotarako alderantziz
jantzitako kuleroak
Post scriptum: ez naiz ziur hieroglifikoa “egoki” deszifratu izanaz. Egin ezazu zuk irakurle!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: