Ama bakarra dago, baina ez da inoiz bakarrik

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1670600843986 Begizolia | 2021-01-27 09:56

mikel.asurmendi@wanadoo.fr 1611738037292

Etxeko urak
Leire Bilbao
Susa, 2021 (Poesia)

Leire Bilbaoren lehen liburua da, nik irakurtzen diodan estreinakoa hots. Lotsa apur bat ematen dit aitortzeak, baina bizitza patuaren menpe ere badago, eta zereginak garaia heldu denean sortzen dira, berez. Ni ere, halabeharrez, halaxe nauzue. Horren guztiaren aitorpena egin dizuet, funtsean, Leire Bilbaoren poesiaren aurrean umezurtz sentitzen naizela esateko.

Etxeko urak amaren baitakoak dira. Erditzea, bizitzen hastea, urak botatzen hastea da. Poza eta mina batera doaz hasmentatik, eta jaio denak ama du bizigarri eta euskarri.

Bere poesia amatasunaren ingurumarian isuria ei da liburu gehienetan, alta bada, nik ez dut ur-zurrusta horietatik edan, erran gisan. Beraz, ama eta umea bizitzara nola, halaxe menturatu naiz Leire Bilbaoren poesian.

Etxeko urak

Liburua lau ataletan emana dator. Urak bota da lehena. Alabaina, badu sarrerako poema bat, liburuaren aurresana, askotariko amaren miraila, amaren handitasunaren testigantza. Amaren definizioa (bat) da, nolabait, testua.

Urak bota ostean izendatzen dugu ama, haatik, ama izatearen hasmentan hori abiaburua baino ez da, ama ez da osatzen hil arteraino. Izanik ere, bizitza ateak ireki eta ixte moduko esperientzia da, eta amak, egileak dioenez, “iragate lekuak gara amak”.

Poeta ondarroarra izaki, etxeko urei kresal usaina darie. Kresala hainbatean garratza izaten da, poetaren esperientziak itsas arroka sedimentuetan aldarrikatzen dira, erditutako izara zurietan agerikoa da harrien haserrea: amaren ezpainak flyschak dira, sano ebakigarriak, zaurgarriak arras.

Amaren orografian hartzen du ume batek lekua, munduan hartu ere. Poeta honek, ume horrek, amak horrek lekua hartu duten legez. Alabaina, ume hazi ahala ama ez-lekura itzultzen da, etengabeko transformazioan ari da ama behin erdituz gero. Askotariko larretan bazkaltzen ikasi behar duenez, amak beldur gisako bat bizi du, izu suerte bat esperimentatzen du. Itsasoa basoa da, eta basoa basa itsasoa nola, eta zuhaitzek izutzen dute aldian-aldian. Itsasoan euria nola basoan orbela ari izaten du.

Hots, behin erditu zinen, edo bi bider, edo hiru bider, baina umea munduratuz geroztik, bizitza erditze etengabea da. Jaustea gauza naturala da, erortzea eta jaikitzea da ama baten eguneroko jarduera. Umea erditu eta, txori-ama baten antzera, arrautza oskola hautsi ez ezik, jaiotzeko mundu oso bat hautsi behar dute umeak eta amak.

Aita ez da amaren animaltasunaren heinera inoiz iritsiko. Areago, aita animalia izanagatik, bizitza osatzeko, etxeko urak bota ez ezik, etxeko urak bideratzeko beharrezko gauza sotilak amaren esku izaten dira komunzki.

Listua

Ama bakarra dago munduan, baina ama asko daude ama horien inguruan. Amatasuna osatzen doan heinean badoa apaltzen ama, amatasun sentimendua alegia. Izanez ere, naturala baita ama eta umea erdibanatzea. Erditzeak berak adierazi legez.

Erdibanatze horretan hizkuntza berebiziko –lanabesa– da. Hizkuntza garen neurrian, umearentzako lehen hitza amarena da, amaren hitzak geruzaz geruza gorpuzten doan amatasunaren adierazpena da. Areago, amak bere ama izan zuen eta amak ama izan gura du. Hori ez da gauza berria, halaxe da, poetak dioenez: laurogei amamen deiadarrak heldu zaizkio etxeko urak bota dituen azken amari.

Etxeko urak isuri nola, halatsu isuri ere etxeko hizkuntza. Izan zirelako gara baina ur berriak botatzen osatuko dugu hizkuntza berria. Ume berri batek lengoaia berri bat iradoki behar dio amari: “Hitzez oinez ikasi gura nuke”. Pertsonak ez dio sekula ume izan zena izateari lagatzen, amak are gutxiago.

Heldu, ailegatu, oratu, nagusitu, etorri, gertatu… Horixe duzu bizitza eta berbek duten pisua zurekin eraman behar duzu, eta amak lengoaia daraman legez halaxe darama umeak: “Idatzi, umeak hazi ahala”. Horra premisa. Hona maxima: “Mundua aldatzeko jaiotzeko modua aldatu behar da”. Poetak (niri) iradoki legez, zilborrestea taupaka egiteari uzten dionean elkarkidetasuna mozten da, haatik bizia ernetzen da. Ikaspen horrek baliagarri zaio poetari: poetak idazteko darabilen orria mozten ikasi behar du, haatik, hitz idatziak taupadaka sentiarazi behar dio irakurleari.

Marea

Umea hazi ahala, hezi beharrean, huts eta okerreko bideak pairatu izaten ditu amak. Ama ume horren gidaria da. Bada, poeta honek erakutsi legez, liburu batek oroz gain poetika eskatzen eta eskaintzen dituen legez, lengoaia hitz lauz ematea ez da hutsala, ume baten “hazibidea” amak abiarazten baitu. Berbarako, ama izan nahi ez dutenek, beren hautua libre eta aski izanagatik ere, ez dituzte amaren marruak endelegatzen, amatasunaren alderdi basa bizi ez dutenez gero. Berdin gizonezkoek ere, bizi ez dugunez gero.

“Ama gurea lurrean zarena...” delako poema (51. orrialdekoa), ama, kasuon Leire Bilbao ama eta poeta, "ohartu barik", katebegi baten begia da. Laurogei amamaren katebegiak behar izan dira lurrean dagoena ez dela aita jabetzeko, ama gurea baizik.

Poeta marea gora eta behera dabil, izan nahi ez zuen amarekin borrokan: “Ez ezazu larregi eskatu. Denok gara beranduago espero genuen hura”. Errukizko berbak ere baditu: “Ez dut jakin zabalik zegoen atetik begiratzen, ama”. Amaren intimitatea berebiziko da eta halaxe ageri orriotan: “Zer ete da andra erdiaren zauria?”. Arrapostua: “Sagar errea eta ardao gorria”. Maitasuna du zio amak, maitasuna deitu behar zaion ahotsa bilatzen ari duzu: “Eman egin behar dizut nahi eta nahi ez, zentzua bezala nire egunei maitasuna deitu behar zaion hau”. Itzela!

Harraska

Ama zara, baina ez zara ez bakarra ez eredua. Gainera, hirugarrenez bota badituzu etxeko urak –halaxe duzu kasua–, ezbairik barik, lehen ama hura, ama bilakatua da. Itsasoko urak, basoko urak, amaren urak dira, baita etxeko Harraska-tik doazen urak ere. Amaren baitako urek, munduko ur sorta guzien uren usaina dute, beroak dira, baita epelak eta hotzak ere:
“Etxean igeri egitea ez da kontu erraza”.
“Hizkuntza baten barruan igeri egitea ez da kontu erraza”.
“Inoren barruan igeri egiteaz da kontu erraza".
“Norbere barnean igeri egitea ez da kontu erraza”.

Etxeko urak dastatu ostean, ene azken zurrupada:

Ataletik atalera luzetsi naiz. Ordea, hain da emaro poesia liburu hau. Nik oroz gain poetaren basatasuna eta zintzotasuna azpimarratuko nituzke. Bere baitako umeez erditzeaz batera, bizitzarako amaz nola erditu den azaldu baitigu. Artean, ama izan aurretik amagai hark aldarrikatzen zuen “ez naiz nire ama bezalakoa izango” hark “ama izatea beste amak imitatzea dela” esperimentatzeak eta aitortzeak ematen dizkio liburuari berezko taxu eta tonua, baita distira basatia eman ere. Izan ere, ez ote gara bada, animaliak. Animaliek artean, amek bereziki, berezko basatasuna dute. Etxeko uren zurrusten lekuko! Ama bakarra dago, baina ez dago inoiz bakarrik. Horra nire esperientzia, poeta amaren bizi esperientzia legez inoiz biziko ez dudana.


Utzi iruzkina: