Aiseki irakurtzen den nobela, berriz ere
Erein, 2020 (Nobela)
Tango urdina da Aitziber Etxeberriaren lehen eleberria. Olivetti, berriz, laugarrena, hauxe alegia. Artean, 31 Baioneta eta Nomada dituzu. Eleberrigile da. Ene gardiz, edo ustez, kritikak ez dio kasu handirik egin idazle honi. Bere lanen kritika guztiak irakurri gabe ere, uste dut, kritikak ez dituela bere lanak bereziki aintzat hartu.
Tango urdina iruzkindu nuen bere garaian, hamazazpi urte joan dira harrezkero. “Xumea, xumean eleberri soziala: norbanakoen izaeraren petrala”, (Irunero, 2004-04) idatzi nuen lerroburuan: “Bere xumean oso jite eraginkorrak ditu. Eleberri soziala izendatu dut horregatik, norbanakoen izaera petralaren agerikoa baita”, idatzi nuen, besteak beste. Zarauztarraren lehen nobela zen, eta nire iruzkin lehenetarikoa izan zen, edota kritika izan zen, ausart nadin hori esaten.
Olivetti nobelaren protagonista Ingrid da. Bizitza “aldrebesa” izan duen emakume heldua. Alabaina, artean heldutasuna iritsi ez duena. Erretxindua bizi da. Ama haur zelarik hil zitzaion, eta berriki aita hil zaio. Irene da bere ahizpa, baina aspaldi aldendu zen bere bizitzatik –eta mundutik–.
Testamentua jaso berri du Ingridek, eta horrek, ustekabean, bere bizitzan aldaketa ekarri(ko) dio. Dusty bikotekidea eta Matilde dira beste protagonista inportanteak. Luis ere, gurasoen gazte garaiko laguna, pertsonaia gakoa da nobelan.
Olivetti idazmakina ere gakoa da nobelan, testamentuaren "harian" jasoa. Istorioaren taxutzeko eta gorpuzteko ustekabean aurkitzen duten arrastoa edota gailua duzu Olivetti; Dusty eta biek aurkitu ere.
Eman dezadan labur zurrean nire aburua. Nobelak eskaintzen digun istorioa interesgarria da, nobela bat eraikitzeko eta taxutzeko balekoa, balekoa baino gehiago izan ere, naski.
Nire gusturako baina, nobelaren tramara iristeko eta berau harilkatzeko –edo des-harilkatzeko– moduek ez naute kantitzen. Eleberri batean pertsonaien arteko dialogoak funtsezkoak dira, eta niretzat, elkarrizketen eta deskribapen arioan pasarte betegarri asko daude –sobera egon ere– eta solasaldiaren parte batzuek ez diote indarrik ematen kontakizunari. Alderantziz eta kontrara.
Hots, hainbatetan, literaturan esaten ez denak esaten denak baino munta handiagoa dauka. Edo hala behar luke izan. Tango urdina nobelaren kariaz, paternalismo moduko bat agertu zen ene iruzkinean, eta oraingoan berriz, ezin halakoari itzuri. Nago, nire burua ez ote den ildo beretik ari? Nahiz eta alderantziz eta kontrara jardun ere!
Iruzkin edota kritika bat egitean –batzuetan nireak gehiago dauka iruzkinetik kritikatik baino, eta beste batzuetan, alderantziz– espiritu kritikoa jalgitzen zait. Eta hauxe duzu kasua.
Usaian, eta hala berean, irakurleari zuzentzen natzaio zuzen eta artez, eta horregatik ere oker zuzendu naiteke. Erran nahi baitut, Tango urdina nobelaz erran nuenak balio du ere oraingoan: “Erraz irakurtzen den nobela da. Xede handirik gabekoa. Xumea. Literatura irakurri berrientzat aproposa”.
Horrek pizten badizu liburua irakurtzeko gogoa, aitzina. Eta barka nazazue, berriz ere, eta bereziki Aitziber Etxeberri eleberrigileak ene paternalismoa.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: