Jakintza ez da inteligentzia, artean pazientzia
Mariano Ferrer / El periodismo reflexivo
Koordinatzailea: Elixabete Garmendia Lasa
Sarrerakoa: ez odarik ez adiorik!
1. “Odarik ez, arren” erran diot nire buruari. Nahikoa duzu liburuan. Den-denak merezita. “Ez odarik ez adiorik!” beraz. Alabaina, nola idatzi Mariano Ferrerri buruz, harekiko miresmena aditzera eman gabe? Nola bereizi goresmenak/laudorioak eta Mariano Ferreren Legatua (MFL)? Zer ekar dezaket neronek, liburuan erran ez denik? Printzipioz, liburua iruzkindu behar baitut. Horrela behar du, ezta?
Nola bereizi subjektua eta objektua? Nola azala eta mamia? Zeregin zailak horiek... kazetariaren lanetan. Saia nadin bada, lastoa eta bihia bereizten. Zeregin funtsezkoa zuzen eta artez idazteko, duintasunez informatzeko.
Azalaz bi hitz
1. Liburuaren azalak gatibatu nau. Egilea: Erein. Argazkiaren egiletasunik ez dago, ordea. Anonimatuan berariaz utzi al dute haren izena? Edo ez ote dute norena den jakin. Gatibatu nau azalaren txuri-beltzak. Gatibatu nau Mariano Ferreren begirada urrutikoak. Izan nahi nuke bi emakumezkoen arteko solasaldiaren berri. Zer dabilkio buruan "ordena"-ren zaintzaileari? Polizia ote?
Donostiako Gipuzkoako Plazan daudelakoan nago. Marianoren begirada ez da Rosiren Kioskoraino iristen. Edo bai? Dena dela ere, eguneko gertakarien munta antzeman dut Ferreren buruan. Diputazioaren harroinean bermaturik, biharko iritzi-zutabea eraikitzen ari ote?
Mariano Ferrer gladiadorea Erromako Koliseoaren atarian irudikatu dut, hots. Frankismoko lehoiak baina, kalean dabiltza. Irudiak bakartasun aire bat islatzen du. Engainagarria da, hala ere. Gaur egungo errealitatearen aldean
informazio-aroaren aldian–, egun askoz bakartuago gaude orduan baino.
Oharra: iruzkina idazten hasi berri eta dagoeneko zortzi galdera pausatu dut. Ai aixkidea!
Mamiaz: liburuaren hariko apunteak
1. Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo / Kazetaritza eta konpromisoa. Alegia deus ez! Reflexivo: zuhur, burutsu; gogoetatsu, pentsakorra. Adiera horiek guztiak sartzen dira Ferreren izaeran eta hausnarketan. Ikaspen bat, haren harien ildoan: pentsamendua eta ideologia bereizi behar dira, baldin informazioaren objetibotasuna landuko badugu. Periodismoaz ari gara, journalismoaz, gurera ekarrita: kazetaritzaz. Kazetaritza eta konpromisoa. Kazetaritza eta metodoa.
Ondorioa: konpromisoak konpromiso, ez dago kazetaritza zintzo egiterik, metodorik gabe. Mariano Ferreren metodoa aztergai duzu liburuan. Kazetaria, aldez edo moldez, eguneko 24 ordutan kazetaria da. Oroz gainetik kazetaria. Zorionez edota zorigaitzez.
2. Mariano Ferrer, frankismo garaian abian da jardunean. Trantsizioak trantsizio, demokrazia garaian segitu eta amaitu zuen bere jarduna. Alta bada, nago, demokraziara trantsizioa ez ote den betiereko pasartea. Liburuan “demokraziaren hustuketaz” idatzi dute eurrez. Galdera: demokrazia betea izan al da inoiz? Nago, oraindik ere, ez ditugula “demokrazia” eta “demokraziaren ideia” bereizten. Ideiaz edota ideologiaz ari naiz. Kasurako, demokraziaren ideia –ideala– zabaltzen uste dugunean, “errealaren” suerte bat eraikitzen dugu. Erreala. Kazetaritzan ohiko terminoa: egia. Elkar ulertzeko diot. Erreala ez baitago eraikitzerik. Erreala hor dago, berez. Erreala baina ez dago iristerik, ezta erreala helarazterik ere.
Ondorioa: informazioaren egia etengabeko trantsizioan dago. Gertatutakoaz eraikitzen dugunaren egia azaltzea ez da inoren esku, ez "gure" esku.
Subjektuak eta objektuak: apunteak hauek ere bai
1. Mariano Ferrer kazetaria kazetaritzaren eredua eta euskal gatazkaren informatzaile-maisua izan da –niretzat–. Askoz gehiago izan zen, jakina –errepresaliatuak, etorkinak, emakumeak… oso aintzat hartu zituen eta–. Gaiak pertsonalizatzen eta erreduzitzen ari naiz. Erran dezadan, bada: gaztetan entzuten/aditzen hasi nintzaionean, informazioaren eredua zen eta aldi berean “ETA zale” ginenontzat, gure kontzientziaren astintzaile. Geroago, helduago jada, jabetu nintzen haren gainean erraniko “ona da, baina ez da guretarra” delakoaz.
Mariano Ferrer: entzule/irakurleen kontzientzien astintzailea. Frankismo garaiko txandako gobernadore zibilaren kontzientzia astintzaile izateaz batera, etakideen kontzientzia-astintzaile bihurtu zen demokrazia deitu garaian. Egin egunkariko lehen zuzendaria izan zen, “baten batek” (*) kargutik kendu zuen arte. Alabaina, hogeita bost bat urte geroago, garaiko ETAko buruzagiek –bulegariak, bestela erranik ere– harengana jo zuten bide galduan behar –eta bilatzen– zuten argi eske.
Oharra (*): “baten bat” delako hori izendatzeko frogak behar dira. Kazetaritza kode-etikoarekiko errespetuz, eufemismo-molde horrekin eginen dugu aitzina.
2. “Egia bilatzen duenak hautsa baino apalagoa izan behar du” (Mahatma Gandhi). Gertatuaren egia –erreala– bilatzen duenak umila izan behar du, alegia. Alajainkoa, nolatan umilki jokatu baina –nork bere ideiak alboratuz, bere pentsamendua aztoratuz, objetibotasuna eskaini aldera– objektua ez bada argi definitua eta zehaztua izan? Nolatan aldarrikatu independentzia egunero, gure barneko ezintasunen dependenteak garenean? Galdera balio bekigu informazioaren independentziaz eta Euskal Herriaren independentziaz ari garenean.
Gogoetarako: nola izan nor, objektua eta subjektua bereizten ez badira/baditugu? Nola izan nor, subjektua eraldatzea –kasurako, Euskal Herria delakoa– helburutzat hartzen badugu, informatzea objektua/xedea behar delarik?
3. Liburua iragan belaunaldi batekoon errepresentazio gisa hartu daiteke, eta eredutzat jo ere. Haatik, egungo gazteek kezka handia sorrarazten dute liburuan parte hartu duten askorengan. Informazioaren esparruan formatzen ari diren gazteez kezkatuta daude, baita beste diziplinatan formatzen ari direnez ere. Diotenez, belaunaldi berriek Marianoren MFL delakoa ez dute ezagutzen. Eta, beharbada, MFL ezagututa ere, legatuak ez du gazteengan gure belaunaldikoengan sorrarazitako mira. Ezta urrik ere.
Aburu bat: “Mundua aldatu nahi genuen, munduak aldatu gaitu alabaina”. Jendarteaz ari naiz. Jendarteak –izan– duen desafio handienetako bat belaunaldien arteko transmisioa/trantsizio –izan– da. Botereen trantsizio/eraldaketaz ari naiz. Boterea –botere suerte bat– denon eskutan baitago. Premisa hori ez da hutsala, informatzerakoan dugun botereaz jabetuko bagara. Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean aintzat hartzen dutela, pentsatu nahi dut
4. “Jakintza ez da inteligentzia, anartean pazientzia”. Liburua, besteak beste, adimenaz, jakintzaz eta pazientziaz ari zaigu. Mariano Ferrer kazetariaren ildoan betiere. Haren beste ezaugarri anitz dakarzkigu liburuak, alafede. Ildo horretan, honatx: egungo unibertsitateko fakultateek ez dute ahalmenik, ez bitartekorik –areago informazio zientziaz ari bagara–, egungo munduaren konplexutasuna deszifratzeko.
Munduaren zioa ez da ulertzen gerrarik gabe. Mundua gerran ari da etengabe, beroa batzuetan hotza bestetan, alta bada, gerraren klabeak aldatu dira. Jendartea informazioaren klabetan mugitzen da –Eliza eta jainkoaren klabeetan behiala nola– eta egungo klabeak arras aldatu dira: Internet, sare sozialak…
Espazioa aldatu da eta denboraren abioa ere bai. Erreala espazioaren eta denboraren menpe denez gero, heldu ezina izaki –munduan eman diren aldaketen ondorioz areago heldu ezina–, areago transformatu/transtornatu du pertsonon kontzientzia. Berriz diot, adimena ez da jakintza, unibertsitatea eta jakintza binomioa ez dira nahikoa pertsonon adimenean eragiteko. Anartean, pazientzia.
Gomendioa: komunikazioaren esparruan jardun nahi duen inori ez aipatu konpromiso hitza. Ezta Mariano Ferreren konpromisoa eredu bezala ipini ere. Hitzen balioa/zentzua aldatzen baitira aldian, garaiak aldatzen diren legez.
5. Komunikazioa. Komunismoa. Komunitatea. Hitz horiek erro bera dutelakoan nago. Ferreren baitan komunitatearen zentzua hagitz errotuta zegoen. Komunitatea osatzen saiatu zen komunikazioaren bidean. Alabaina, hitzen balioa/zentzua aldatuz doazen ahala aldatzen dira ere haien izana. Gaur egun, kazetari gai batek komunismoaren-komunitatearen izana eraldatu dela ulertu ezean, nekez izanen da objektiboa. Informatzerakoan ideologiaren zama gainetik uxatzea nekeza bada, are nekezago, norberaren baitan eraldaketa/eboluzio gisako bat eman ez bada.
6. Komunikazioaren gaineko –nire– esperientziaz. Lau kazetaritza-erredakzio bisitatu izan ditut ene bizitzan. Bosgarren bat ezagutu dut. Ofizioaren ezagutzaren parte handiena bertan landu nuen. Hona, handi-handika, inpresioa: ez dut ezagutu inkomunikazio handiagoa informazioaren erredakzioetan baino. Bestela erranen dut, exageratzen ari bainaiz beharbada: kazetaritzaren inguruan ez dut aurkitu jendarteko beste esparruetan baino komunikazio sendoagorik.
Gara-Naiz, Berria, Argia… hau da, neurri txikiko kazetaritza-guneak edota ekimenak, kazetaritzaren eredutzat edo baliokotzat har daitezkeela diote liburuan. Ez dut nik ukatuko. Alabaina. azaldu nahi dudanaren erredakzio-inkomunikazio adibide muturrekoa ekarriko dut hona. Bilboko ETBko erredakzioa: Informazioaren Aireportuen Eredua.
Ironiaz errana: Inkomunikazioaren Abiagunea Komunikatzerakoan.
7. Mariano Ferreren osteko garaia bizi dugu, bestela erranik, egiaren ostekoa. Denok gara ideologia baten jabe, baita botere puska batena ere. Errana dut arestian. Garai hau zer den ez dizut azalduko, liburuan bikain azaldua duzu eta. Alabaina –nire lokuzio magikoa–, bi adibide ekarri nahi ditut ideologiak dauzkan zama eta munta informatzerakoan.
Lehena: euskal gatazkaren ebazpen bidean, ETAk bere jarduera armatua bukatutzat eman zuen eta ondorioz, Bake prozesua delakoa abiatu omen zen. Gara/Naiz, Berria, Argia… eta abar motz batek baino ez zuten Bake prozesua terminoa erabili. ETBk, buruz ari naiz, ez dut uste Bake prozesua zegoela adierazi zuenik. Gainerako guztiek –parte garen bi estatuen hedabideez ari naiz– Bake prozesua –estricto sensu– zegoenik ukatu zuten.
Orain berri, Berriako zuzendari ohi Martxelo Otamendik Naiz-en erran duenez “pendiente daukagu oraindik presoak ateratzea, ez delako bake prozesurik izan".
Argi eta garbi erran du: “Ez da bake prozesurik izan”.
Argia-n ari nintzen Bake prozesua delakoa abiatu zenean. Zer nahi duzue esatea? Bada, hauxe: bake prozesurik ez zegoenaren ikuspegitik idaztea, bake prozesua ez zegoela ziotenen aldean paratzea zela.
Bigarren adibidea. Ikuspegia ez da nirea. Gure herriko euskalgintzan ari den eragile eta pentsalari baten aburua duzu. Gaia generoari buruzko informazioari dagokio. Gaiak balio digu gaur egungo informazioaren zioaz eta taxuaz ideia baten egiteko. Bere hitzak parafraseatuko ditut: “Espainiako Estatuaren egunkari guztiek, La Razónetik Berria bitarte, Hilketa matxista termino bera erabiltzen dute matxismoaren gaiaz ari direnean”.
Oharra: adibide bi horiek bestelako espazio eta denbora eskatzen dituzte. Gaien gaineko artikulu bana eskatzen dute, bistan denez.
Ateratzeko: ez odarik, ez adiorik!
1. Belaunaldiak hizpide. Egungo informazioen fakultateetatik ezin da egungo gizartearen errealitate konplexua deszifratu. Unibertsitatea munduari bizkarra emanda bizi da, hor nonbait. Barka nazatela, unibertsitateko irakasle prestu horiek. Exageratzen ari naiz, hauxe errateko: aurpegia eman gabe, aurpegiari begiratu gabe, elkarri ekin barik, ezin dugu elkarren berri izan, ez eman ere –sare sozialez ari naiz–.
Alabaina, errealitatea horixe duzu. Hori da erreala. Hori da egia. Eta, anartean, berarekin bizitzen eta informatzen ikasi behar dugu.
Hiru bider bildu nintzen Mariano Ferrerekin. Hiruretan kazetari lanetan. Hauxe duzu gogoratzen dudana: “Pertsona distantea zen –ez hotza horregatik– baina zerbaitetaz –zerbaitengatik– ezagutu banindu bezala tratatu ninduen”.
2. Pertsonok beldurra gara –besteak beste, hori ere–. Erran gabe doa, baina errana betiere. Gure boterea galtzearen beldur, beldurrak bizi gara. Baita informazioaren jardueran hala aritu ere. Ez dut autozentsuraz idatziko une eta gune honetan. Beste artikulu bat idatzi behar nuke eta.
3. Baxenabarreko erranairu batekin finitu nahi dut: “Mando hilari uzkitik olo”. Hori bururatu zait liburuaren irakurketaren hainbat pasartetan.
Azkenik, Mariano Ferrerrekin izandako azken elkarrizketaren lerroburua ekarri nahi dut:
“Ezker abertzaleak herriari azalpen bat zor dio”.
Horra! Ez da sekula berant!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: