Kasurik ez egitea baino mespretxu handiagorik ez dago
Antonio Espinal, “Antonio Elorza” izen artistikoa duen irakaslearen eta gisa bereko pentsalarien (Savater, Arregi, eta abarren) “iritzi” artikuluak irakurtzen ditudan askotan hauxe datorkit burura: “nahi duenak ezin iraindu, ahal duenak baizik”. Garbi esanda: ez al ote naiz ari oraintxe bertan eurek nahi duten partida jokatzen? Ez ote dira irain hutsak (eta ez artikuluak) horrexegatik, tranpa horretan erorarazi nahi gaituztelako? Nik uste baietz, garbi dago. Kate horretan lotuta eduki nahi gaituzte; ez gaituzte ikusi nahi beste ezertan: abertzaleon artean hizketan, elkarlanean, kultura arloan lanean. Higitu egin nahi gaituzte.
Cocidito madrileño irratsaioa da “Brunete mediatikoari” aurre nola egin behar zaion garbi erakutsi duenetako bat, irain handienei far nola egin behar zaien irakasten diguna. Umorea beti izan baita indar eraginkorra...
Aznar eta bere ondoko eskuin muturreko jendajearen lorpenetariko bat Euskal Herrian Constitución-zaleen antolaketa eta egituraketa politikoo-ekonomikoa izan da. Estrategia hau izan da: Eireko (Irlandako) eredua honera ekarri. Ugartean negoziazioetarako unionistek erdietsitako indarra eurek hemen bereganatzea. Espainiarekin loturik jarraitu nahi duen mugimendu indartsua behar dute Euskal Herrirako, azken negoziazioa iristen denean pisu eta indarra izango duena.
Euskal Herrira Espainiatik bidali dizkiguten Unionisten (Constitución-zaleen) ernatze, erditze eta iraupenerako komunikabideak oinarrizko baliabideak izan dira, ezinbestekoak. Zertarako? Eurak indartzeko ez ezik, abertzaleak horretan nekatzeko, aspertzeko, ni egiten ari naizen horixe bera egiteko.
Hortaz, badakigu neurri batean zer egin behar dugun: kasurik ez! Izan ere, eta esan bezala, nahi duenak ezin iraindu, ahal duenak baizik. Azken batean, kasurik ez egitea baino mespretxu handiagorik ez dagoelako, ezta?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: