Carod, Milá eta bataio berria
Dagoeneko jakingo duzue Josep Lluis Carod Rovira ERCko politikaria beste egunean Espainiako telebistan egon zela. Nahiko agerpen entzuna izan da, ikusleek galdera bana egin ahal dioten programa batean agertu zen alegia. Bi ikusleek, beraien galderak egin aurretik, Don Jose Luis deitu zioten eta Josep Lluisek, arrazoi osoz, bere izena hori ez zela esandakoan nahiko argumentu kaxkarrak erabili zituzten (batek ez zekiela Katalana eta besteak ikasteko interesik batere ez zuela esan baitzioten).
Nik uste dut komunikabide eta alderdi espainolek euskaldun, katalan eta galiziarren aurka, baina bereziki bi lehenengoen aurka, aurreiritzi eta errespetu faltarako soroa landu dutela eta begi bistan dago emaitza, soro horretako edozein artabururi zilegi iruditzen zaiola besteen izena berak nahi duen moduan aldatzea. Noski berea hizkuntza da eta besteena dialektoa. Izenak gazteleraz ez izatea, espainiarrak izorratzeagatik egiten dela jakina baita. Ba, izorrari!
Kuriosoa litzateke, penagarria ez balitz, ikustea nola saiatzen diren burmuinik gabeko hauek gure bizitza antolatzen. Guri sekula ez litzaiguke bururatuko Burgoskoak nola deitu behar diren edo nola gobernatu behar diren esatea, baina Burgosko askok, gu nola antolatu edo nola deitu behar garen esateko eskubide osoa daukatela uste du (eta ez daukat ezer Burgoskoen kontra, aldameneko estatuan bizi diren eta haiekin harreman ona edukiko genukeen bizilagun bezala nahi nituzke).
Eta izenburuaren harira itzuliz. Ikustekoa da Lorenzo Milari “El Pais”en egiten dioten elkarrizketa. Lorenzo hau arestian aipaturiko telebista programaren aurkezlea da eta Carod Rovirarekin zegoen platoan. Esaten ez du bada tipo honek Carodek Esquerrako bozkatzaileengana zuzendu zela batipat eta nahiko gogor eta mikatz erantzun ziela ikusleei?
Pailazo honek zer nahi du? Aurrean zeintzuk dituen aztertuta politikari batek bere iritzi politikoak baztertzea? Blandi-Bloup moduko politikariak nahi ditu? Horretarako badauka Zapatero. Honek bai esaten dituela jendeak nahi dituenak. Baina gero sekulan ez du hitzik betetzen.
Zein erraza den besteak iraintzen dituztenean, gogor eta mikatz erantzun dutela leporatzea. Zer irudituko litzaioke tipo honi bere gainetik daudenak (eta gainetik daude zuk baino botere gehiago daukaten pertsonak, karguak eta estatuek) hemendik aurrera Lawrence, Lontxo edo horrela deituko baliote? Eta izenak aldatzea zilegi bada eta horregatik haserretu behar ez baldin badugu, ez zaio inportako guk Pailazo Mila deitzen baldin badiogu, ezta? Tontakeriak esaten dituen kazetari bat izaera hobeto biltzen duen izena bada behintzat.
Nik bataiatzen zaitut Pailazo Mila izenarekin, Bazkaltzaindiaren eta bere partaide guztien izenean. Amen!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: