WHAT'S IN A NAME (3)
"Hizlariak aktibismoaren sektore
desberdinetakoak ziren", jarraitu zuen BWRek, "eta
afroamerikarren artean hain indartsua den komunitate-bizitzako
ordezkariak: unibertsitateko ikasle taldeetako kideak, zinegotziren
bat, institutuko irakasleren bat, abokaturen bat, aktibismo hutsean
ziharduten pertsonak...
Batzuk oso pisu handikoak ziren.
Esaterako, Nana
Soul Bronxeko poeta eta aktibista, Immortal
Technique hip-hop taldeko partaide bi eta, txalo zaparraden
artean heldu zen Pam Africa, Philadelphiako Move
taldekoa eta Abu-Jamalen aldeko kausaren buruzagi nagusia Estatu
Batuetan. Harold
Wilson ere bazegoen, heriotzaren korridorean 17 urte egon eta
gero aske irtendakoa, ADN frogek errugabea zela erakutsi zutenean.
Guztien artean, baina, niri bat egin zitzaidan harrigarriena: Brother
De Lacy Davis sarjentua, Black
Cops against Police Brutality taldearen sortzailea eta burua.
Hogei urteko zerbitzuaren ostean, De Lacy sarjentuak New Jerseyko
polizia utzi zuen 2006ko ekainean.
"Ekitaldia eliza batean
egiteaz gain eta komisaria baten aurrez aurre, hizlarietako bat
poliziako sarjentua zen, beraz... Hara, hara, hara", sartu
nintzen.
"Bai ba. Ekitaldia eliza
batean egitea ere ez da huskeria: elizaren inguruan antolatzen dira
erlijioarekin batere zerikusirik ez duten komunitate-bizitzako ekimen
asko afroamerikarren artean. Kohesio plaza bat da. Eta oso buru
txarra daukazu, Basque Woman in the Sun, gogoratzen ez baduzu gauza
bera gertatzen zela euskaldunen artean, hain aspaldi ez dela. Non
eratu ziren lehen ikastolak?"
"Bai, hori egia da...", onartu nion.
"Adibidez, elizako kortxoan jarrita zeuden karteletako batek zioen astean behin doaneko medikua dagoela auzoko jendearentzat: pentsa ezazu, doako medikua. Badakizu hori zer den hango familientzat?" Doinu professoriala hartzen hasia zen BWR, hainbestetan gertatzen zaion bezala. Zer egingo diogu ba. Horrekin bizi beharko.
"Esaten nuenez, Brother De Lacy Davis jauna polizia izandakoa da, orain dela gutxi erretiratua, gaztea izan arren. Oso prestakuntza sendoko gizona da (lizentziatura bat eta bi master edukitzeaz gain, idazlea eta musikaria ere bada), poliziaren barruan karrera bikaina egindakoa (instruktorea zen), baina bere aktibismoagatik (polizien basakeriaren aurka jotzeagatik eta batez ere, Abu Jamalen aldeko jarrera agerikoagatik) persona non grata jotakoa polizia erakundean. Horrek bultzatu omen zuen azkenean bertatik irtetzera. Philadelphiako Polizien Elkarteak bere izena eta helbidea argitaratu ei ditu bere web orrian, poliziaren etsaitzat.
Hizlariak banan banan atera ziren aurrera, bost-hamar minutuko mintzaldiak egitera. Onak ziren, jendearengana heltzen trebeak. Hasteko, kontsignaren batez agurtzen gintuzten entzuleok (Black Power! Power to the people! Free Mumia!) eta gero hitzaldiari ekiten zioten, apal eta astiro hasieran, sendoago eta beroago gero, entzuleen txalo eztandak eten arte. Batzuetan jendeak ozen adierazten zuen bere adostasuna, Harlemeko mezetan egiten duen bezala: Yes, indeed! That's right! A-men!
"Eta zuk? Zuk ere bai?" zirikatu nuen maltzurki.
"Zera, nik baiezko irmoak egiten nituen buruaz".
"Ah, orain ulertzen dut zuri desorraztuena".
BWRek karpeta kolpe batez itxi zuen bekoki ilun-ilunarekin.
"Barkaaatu, barkaaatu. Segi kontatzen, mesedez", erregutu nion.
"Hizlari guztiek berba egin zutenean etena egin zuten, ekitaldiaren bigarren zatian Immortal Techniqueko MCak (hau da, kantariak) eta DJak (hau da, diskoetan txirri-txarra egiten duenak) eskainiko zuten emanaldirako gauzak prestatzeko. Bitartean, esan ziguten beheko pisura jaitsi gintezkeela refreshmentak hartzeko".
"Ze, ondo, BWR. Hainbeste lan egin eta gero, buruarekin baiezko sendoak eginez eta abar, ondo etorriko zitzaizkizun patata frijitu batzuk eta baso bat Sprite!"
"Ba begira, Basque Woman Simplicissima: jakin dezazun, Harlem aldean oso serio hartzen dute food for thought delako esapidea; ez patatatxorik ez Spriterik: indabak, arroza, oilaskoa, fruta eta ardoa".
"Kontxo, afaria!"
"Bai ba. Gura izan zuenak hortxe eduki zuen afaltzeko aukera: platera hartu, mahaietara joan eta nahi beste aldiz bete. Esan dizut komunitatea zaintzen dutela".
"Eta zuk bertan afaldu zenuen?"
"Nik sagar bat jan nuen dotore-dotore bazterreko mahaietan zeuden egunkari eta panfletoak irakurtzen nituen bitartean. Ondo deritzozu?"
"Primeran, zu beti estiloso, BWR. Eta gero, zer?"
"Ordu erdi inguru pasatutakoan gora deitu ziguten. Han zeuden Immortal Technique-koak prest: DJa aldarean atzean bere jiradiskoekin eta Master of Ceremonies edo MC delakoa normalean elizako irakurgaiak leitzen diren atrilaren aurrean".
"Ikusgarria izango zen!"
"Itzela. Ez nuen sekula imajinatuko holako gauza bat ikusiko nuenik. Aitortu behar dut itzelezko subidoia ematen zidala raper bi, euren kamiseta XXXL eta txanoekin, han goian ikusteak...".
"Ui, ui, ui, BWR... Transportatu egin zintuen hip-hoparen errebeldiak? Hunkitu egin zintuen undergroundeko kultura espazio esklusibo horren jabe eginda ikusteak?"
"Egia esateko, bi horiek hor aldarean ikustea hain zen... zera... lizuna. Guztiz erotikoa iruditzen zitzaidan!".
"Ooorrrggg!!!" esan nuen, aurpegia esku biekin estaliz etsipenez. "Eta gero zer egin zenuen? Kalera atera zinen eta rotuladoreaz zakil bat pintatu horman graffittian iniziatzeko?"
"Baj, aspergarriaren aspergarriaz hilko zara, BWS. Enfin. Zure interesekoa izango delakoan, esango dizut emanaldia hasi aurretik MCak ere hitzaldi txiki bat egin zuela, izenen kontu horrekin oso lotua. Aipatu zuen nola Columbia University eraiki zutenean Harlemera ematen duen alderdian ez zuten aterik jarri nahi izan, horma itsua baino, eta salatu zuen nola udaletxeko agintariak ari diren saiatzen auzoaren izena ezabatzen, antzinako etxeak botata egiten dabiltzan bloke berrietako apartamenduak hobeto saltzeko. Betidanik South Harlem izandakoari orain Morningside Heights deitzen diotela, baina, berak esan zuenez:
What the fuck is Morningside Heights?!! What the fuck is Mornignside Heights?!!"
Basque Woman Reporterrek betozkoa jarrita eta besoa luzatuta errepikatu zituen esaldiok, hatzamar lodia, erakuslea eta txikia agerian eta beste biak barrura bilduta.
"Gero kontzertua hasi zen, eta itzelezko giroa sortu zen. Askok kantetako hitzak zekizkiten (Immortal Technique Harlemekoa da) eta kantariarekin batera esaten zituzten. Nik, tamalez, ez nekizkien, baina haiekin zutundu nintzen txaloka markatzeko erritmoa".
"Baina dotorezia galdu barik, seguru".
"Jakina. Eta ez dakit nora zoazen neska azkarraren doinu horrekin. Ni behintzat Harlomen nengoen ekitaldi politiko batean, zu bitartean hor etzanda zeundela, betiko moduan...
Basquing in the Sun...".
"
Iruzkinak
Utzi iruzkina: