WHAT'S IN A NAME? (2)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-09-16 19:25

Kostatu egin zitzaidan begiak zabaltzea. Gorputz osoa gogortuta neukan, eta geruza urdinska batek estalia. Ikaragarrizko ahalegina egin nuen, amets maltzur bat uxatu guran legez, ahoa zabaldu eta hitz egiteko.

"Bas-que Wo-man Re-por-ter", xuxurlatu nuen, Marlon Brandorena zirudien ahots batez. "Bas-que Wo-man, i-tzar-tu!" Mihia lija bezala sentitzen nuen.

Beso kartonatuetako bat luzatu nuen, ahal bezala, alboan neukan moltso informeari astindua emateko. Basque Woman Reporterrek ere lizun berdeak hartutako ogi kurruskua zirudien. Mugimendu prehistorikoez, begi bat zabaldu zuen.

"E-ee-e?" erantzun zuen, buru antzeko masa hark nigana astiro jiratuz herdoil zarata batez. Bere esku berdetuak boligrafoa zeukan itsatsita.

"B-W-R", jarraitu nuen, berbak arazo handiz ahoskatuz. "Hiru... hilabete... pa-pasatu dira zure o-harrak kon-tsultatzen... hasi... zinenetik. So-sofarekin bat eginda g-gaude ia".

"Oharraaakk, baaai", erantzun zuen ahopeka, gogoeta sakonean galduta bezala. Lizunezko bizarrek inondik inora ez daukan jakituriaren zantzua ematen zioten, fartsante halakoa.

Gandalf planta horiekin ikusteak sutan jarri ninduen. Indar guztiak batuz zutundu eta sorbaldetatik hartu nuen.

"BWR, joder!!! Amaitu Mumiarena, hostia!!!!!"

Sustoaren sustoaz, BWR ere zutundu zen eta bekokia bekokiaren kontra jo genuen. Eskua eroan genuen biok burura, minduta, batez ere ni, BWRen burua nirea baino askoz ere gogorragoa delako. Eskerrak begiak operatu nituela, osterantzean betaurrekoak geratuko zitzaizkidan Mortadelori bere jefeak jipoia eman ostean bezala .

Edozelan ere, kolpeak balio izan zuen eteteko ehun urteko lotaldia bihurtzeko bidea zeraman sorgortasun hura. Goroldioa, hautsa, lizuna eta mamarro batzuk kendu genituen gainetik eta elkarrizketarekin jarraitu genuen.


“Nioenez, Harl'meko eliza batean zen ekitaldia” jarraitu zuen BWRek. “Hurbilen geratzen zen metro geltokian jaitsi nintzen, eta, mapa hartuta, lekua topatzeari ekin nion. Ez zitzaidan asko kostatu nire informazioak zehaztutako kalera heltzea, baina halako batean aurrera begiratu eta zalantza egin nuen, aurrera jarraitu ala ez jarraitu”.

"Zer ba? Zeozer arraroa ikusi zenuen?"

¨ “Behar nuen zenbakira hurbildu ahala, konturatu nintzen gero eta automobil eta, oro har, ibilgailu zuri gehiago zeudela inguruetan aparkatuta…”

“Eta?”

“Guztietan NYPD jartzen zuela”.

“Poliziarenak? Poliziak hartuta zegoen lekua?”

“Bai eta ez: autoak, motorrak, furgonetak, patineteak... denetarik zegoen... baina hutsik! Izan ere, metro batzuk aurrerago polizia etxe bat zegoen. Eta beste espaloian, aurrez aurre, eliza bat".

“Zuk behar zenuen eliza?”

“Ateak zabal-zabalik zituen, eta nabarmena zen barruan jendea zegoela… Ateraino joan nintzen eta izena irakurri nuen: Saint Mary´s Church. Disimuloan poltsatik deialdiaren panfletoa atera nuen, begiratu eta... hara non Saint Mary´s Church zekarren. Atzera begiratu nuen. Polizia etxea zabalik zegoen, argi guztiak piztuta. Elizara sartu nintzen eta berehala konturatu nintzen toki egokian nengoela. Sarrera alboko mahaitxo batean -nire herrian orri parrokialak egoten ziren lekuan- Mumia Abu-Jamali eta antzeko gaiei buruzko informazio orriak zeuden. Bankuetan jende piloa zegoen, eta aldarearen aurrean jarritako aulki batzuetan entzuleei begira, hizlariak, sei bat. Hastear zegoen ekitaldia, eta gizon bat ienbe bat jotzen zegoen. Giroa oso animatuta zegoen…”

“Ezin dut sinetsi, BWR: orduan heldu zinen?”

“Suertatu zen antolatzaileak polikronikoen nazioko kideak izatea, my brother and sisterrak alegia, eta, beraz, deialdian 6:00etan jartzen zuen lekuan, "6etan hasten den tarte horretan" ulertu behar zela. Jakina, hori iniziatuok bakarrik ulertzen dugu.

Jendartean afroamerikarrak ziren nagusi, baina baziren latinoak, asiarren batzuk eta zuri batzuk, azken hauek desorraztuak. Une bat ematen badidazu, hizlarien izenak esango dizkizut; utzidazu nire paperak aztertzen...”

“Oh, BWR, beldurra ematen didazu. Tartetxo bat hartu zenuen azken aldia gogoratuta, igual azaroan amaituko duzu kontaketa!"

“Ez ba, ez ba... Azaroan azarokoak. Gauza handiak gertatu behar dira azaro aldean, BWS. Baina orain oraingoa"

BWR fotokopia batzuk atera zituen karpetatik.



Utzi iruzkina: