BWR: ALL THE TRUTH ABOUT...manifestazioa Washington DC-n

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-02-10 05:46

    Urtarrilaren hasieran ZMagazinen Irakeko inbasioaren kontrako manifestazio baterako deia ikusi nuen. Gerora, hainbat iragarpen entzun nituen Pacifica irratian. Urtarrilaren 27an izango zen, Washington DCn. Ezinegonaz bete nintzen. Ez dakit inoiz esan dudan, baina nire lantokian ez didate uzten inongo adierazpen politiko publikotan parte hartzen. Antza, neutralak izan behar gara. Eta halakoetan parte ez hartzea neutrala izatea dela iruditzen ei zaie. Jamaika ikusteko jaio gara.

    Kontuak kontu, ez nintzen ausartu manifestaziora joaten. Ez dut nire lanpostua kolokan jarri gura, aizue. Beraz, telefonoa hartu eta nire lagun BasqueWoman Reporterri deitu nion. Jende aurrean, emakume normala da, ez da ezergatik nabarmentzen. Baina bere jaka eta gonaren azpian, traje berezi bat dauka eta, bueno, ez dut jarraituko, ze, total, ez didazue sinestuko...

BasqueWoman Reporterri ez zitzaion ideia txarra iruditu, baina, jopela, zapatu batean goizeko 4.45ean altxatu behar izatea ere... Tira, baina lagunak lagunak dira, eta, mesede xelebrea bada ere beste inoren ordez manifestazio batera joatea, adiskideak horretarako daude, eta gainera, bere interesez ere joango zen, ze hortik kronikaren bat ere atera zitekeen Daily World-erako.

BasqueWomanReporter (aurrerantzean BWR) behar zen orduan altxatu zen, beraz, urtarrilaren 27an. Brooklynetik ateratzen zen autobusa, baina urruntxu bera bizi den etxetik. BWRek joera dauka etxetik irten aurretik biribuelta batzuk malamalkoan emateko, eta, horri gehitzen badiogu logurak eragindako moteltasun orokorra, berehala ulertuko dugu zergatik atera behar izan zen etxetik tximista bezala, zergatik joan behar izan zen korrika eta izerdi patsetan metrora (eskimo fashion zegoen jantzita gainera, ez dago eguraldia-eta tontakerietarako) eta zergatik azkenean taxi bat gelditu behar izan zuen autobusaren lekura sasoiz heltzeko.

Zorionez, lortu egin zuen garaiz heltzea. BWRek dioenez, aktibista amerikarrak hain dira antolatuak, non, Brooklynetik ateratzen ziren sei autobusen alboan, mahaitxoak zeuden kafe eta te termoekin eta gailetatxoekin. Ilaran ipini zen eta berehala sartu zen autobus batean. Alboan mutil gazte bat zeukan, 23 urte ingurukoa, oso lotsatia ematen zuena. Entzungailuak jantzi eta leihoari begira jarri ei zen BWRi begiratu ere egin barik. Abiatu ziren bada. Autobuseko jendea oso animatuta zegoen. Autobusak antolatu zituen elkartea Brooklyn Parents for Peace izenekoa zen (sortzaileak guraso batzuk izan ei zirelako, gaur egun denetariko kideak dauzka, argitu zutenez). Elkartearen pankarta ofizialaz gainera, jendeak bere pankarta partikularrak zeramatzan, makiletan inkatutako kartulinez eginak gehienak. BWRek ez zeukan, ahaztu egin zitzaidalako ematea, katxis... BWRek bere alboko mutilarekin berba egiteko saio bat egin zuen, jaka eta gainerakoak goiko konpartimenduan ipintzea eskainiz. Mutilak, baina, ezetz esan zuen modu onean, eskerrik asko baina ez, motxilan klaseko liburuak zituela eta irakurri egingo zuela. Gero periodikoa eskatu zion BWRek, eta hark oso amable utzi, baina besterik ez. "Ba bale," esan zuen BWRek bere artean. Mutilak eskuartean zeukan liburuari begiratu eta izena irakurri zuen: Eliza Erdi Aroan."Historiakoa izango da", pentsatu zuen BWRek.

DCrainoko bidaiak 4 ordu t'erdi iraun zuen, tarte bat eginda restop batean. Autobusean bazegoen neska bat oso ondo abesten zuena eta mikroa hartu zuen guztion artean kanta bat prestatzeko, jendearen gogo aktibista berotzen joate aldera. "Baina", esan zidan WBRek, "neskak praketan txiza egiteko moduko ahotsa zeukan eta kanta espiritual antzekoa zen, eta, ja, ea nork jarraitzen zion" (BWRek ez zituen bere botereak mundu guztiaren aurrean erabili gura). Berez, mortal normal baten moduan jardun ei zuen, hots, ahal zuena eginez. Kantaren hitzak oso errazak ziren:

Buses are coming, oh yeah!

Buses are coming, oh yeah!

Buses are coming, oh yeah!

Buses are coming, ohhh yeaaaaaah!


Adi, ze bigarren estrofa ere bazeukan:


They are coming into Washington, oh yeah!

They are coming into Washington, oh yeah!

They are coming into Washington, oh yeah!

They are coming into Washington, oohhh yeaaaahhhhh!!

Autobusa Marylandera heldu zen azkenean (DCren alboko estatura; autobusak hor aparkatuko zituzten, gero han metroa hartzeko DCra). BWR akordatu zen ni sasoi batez Marylanden bizi izan nintzela, eta bere ordezkari papera ondo-ondo bete gura zuenez, apur bat sentimental jarri zen metroa College Parketik pasatu zenean, eta DCrainoko bide guztian ere bai. Bazekien ze zoriontsua izan nintzen ni han.

Metroa itxaroten zuten bitartean, BWR eta bere lagunek jende aurrean abestu zuten autobusean prestatutako kanta, eta txalo zaparrada ederra jaso zuten. Gero jendea animatu zen eta beste batzuk abesten jarraitu zuen, baina BWRek ez zekizkien. Harrigarria da zelako hutsuneak dauzkan kazetaritza karrerak gaur egun.

Heldu ziren bada DCra eta National Mallera abiatu ziren. Ibiltoki erraldoia da, pelikula askotan ateratzen den hori, atze-atzean Kapitolioa daukana. Hortxe egin ziren megamanifa historikoak, Martin Luther Kingek bere I have a Dream hitzaldia eman zueneko hura, eskubide zibilen aldekoa; Vietnameko gerraren kontrakoa (Forrest Gump pelikulan modu nardagarrian desitxuratuta agertzen dena, BWRen eta neure iritziz: bat gatoz horretan).
    Tira, eta hementxe hasten da The American Demonstrating Experience... Nahi duzu hurrengo atalean irakurri, while we lie goxo-goxo Basquing in the sun?


Utzi iruzkina: