Udaberria lehertu zen nire etxean. A true story (4)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-06-04 02:15

Gauzak horrela, astelehen hura edozein astelehen baino astelehenago izan zen niretzat. Hiru ordu lo eginda eta nazkaz akabatuta, zorigogorreko ikastarora joan nintzen. Bertara heldu eta nire lankidearekin hustu nituen barrenak. Bere erreakzioak -"Aj, baina hori nazkagarria da, nazkagarria!" ez zuen gozatu berez nekarren aldartea. Tarte batean telefonoa hartu eta arazoa kontsultatu nuen Superboyrekin. Antzeko egoerez zeuzkan ezagutzak baliatuta, Superboyk bietako bat gomendatu zidan: edo Innaki Mecanics-ek aspaldiko egun batean asmatutakoa bezalako zepo elektrifikatu bat egin edo ez hain aspaldi Lost Hawkek erabilitako "superpintza" (hori izan zen Superboyk erabilitako teknizismoa) estiloko tranpara jo. Lehenengo aukera nire ahalmenez haragokoa zen. Mundura ekarri ninduen arren, ez ditut heredatu Innaki Mecanicsen asmatzaile dohainak. Bigarrena eskurago neukan (halakoak salgai egotearen arrazoi sinpleagatik) baina nire burmuineko begiak (my mind eye, hemen esaten duten moduan) erakusten zidan irudiak -piztitxo bat txof eginda- aukera hori baztertzen jarraitzera bultzatzen ninduen. Zeozer "garbiagoa" egon behar zen salgai fauna basatiz betetako megaurbe honetan. Aholkuak eskertuz eta Superboyren barrexka gaixtoei ez entzuna eginez, telefonoa eskegi nuen nire zereginetara itzultzeko.

Ikastaroa eta arratsaldeko lanaldia amaitu nituenean, berunezko oinez jaitsi nituen (igogailuz, hori bai), askatasunera bitarteko hamahiru pisuak. Behera heldu nintzenean, ohartu nintzen irteteko behar dudan txartela bulegoan ahaztuta utzi nuela (a, Freud, Freud) eta ostera igo behar izan nituen (igo... gailuz, jakina), nire patu latza iragartzen zuten hamahiru pisuok.

Azkenean kalean izan nintzenean kafe bat hartzeko urgentzia sentitu nuen. Ez neukan presarik, bistan da, munstruo iletsu bat nire zain zegoen etxe hartara itzultzeko. Joan nintzen, bada, croissant goxoak eta kafe ona ematen dituen Crestanello-renera. Crestanello-ko kamareroak ere badaki bere croissantak oso goxoak direla eta "kafesne bat, mesedez" eskatu nionean, "kafesne bat bakarrik?" galdetu zidan, beste arratsalde batzuetako meriendatxoak gogoan izanda, agian. "Bai, bakarrik", erantzun nion, nire pesadunbre guztia adierazi gura zuen aurpegiera eta doinuaz.

Jesarri nintzen bada mahaitxo batean, eta periodikua hartu nuen kafea prestatzen zidaten bitartean. Ez zidan astirik eman apenas ezer irakurtzeko, berehala ikusi bainuen bandejatxoa mostradorean. Keinu mekaniko batez poltsa zabaldu nuen diruzorroa ateratzeko...

Diruzorrorik egon balitz. Ai ene, ai ene, ai e-ne ba-da!!! Nire burmuineko begitxoak beste irudi bat erakutsi zidan oraingoan: diruzorro beltza, polito-polito bulegoko mahai gainean lotan. Izan ere, nik ez dut inoiz zertan txarrena pentsatu halakoetan. Esan gura dut, ez dut inoiz lapurreta egin didatenik pentsatu behar: nahikoa eta sobera naiz ni neu neure buruari desgraziak ekartzeko, inoren kolaboraziorik gabe. Lantokira berriro heldu, dirua hartu eta bueltatzeko 50 minutu inguru beharko nituen. Ezin nion esan zerbitzariari: "aizu, dirua ahaztu zait bulegoan, oraintxe nator". Begiak barrara zuzendu nituen ostera disimuluan. Han zegoen erretilutxua, hain polita eta hain ezohikoa Manhattan baterako... portzelanazko kikaratxoa, zilarrezko esne ontzitxoa, azukre koskortxo irregularrak... Une horretan kamareroa sukaldera sartu zen. Beste kamareroak urrun zeuden, mahai artean lanean. Nire aukera zen: bat, bi, hiru, kalera!!! Kafetegitik irten nuen eskopetatuta, eta korrika segitu nuen gutxienez bi abenida harago egon arte. Ez nuen atzera begiratu ere egin nahi atzetik kamarero banda bat jarraika izango nuen beldurrez.

Argi zegoen, Vienako doktoreari kasu eginez gero, nire barru-barruan ez nuela etxera joan nahi, baina 50 minutugarrenean kartera hartuta berriz ere kale berean nengoenean (kafetegiaren aurretik berriro ez pasatzeko kontu handiz, hala ere) etxerako metroa hartzea beste biderik ez nuela onartu nuen. Nolanahi ere, nire auzora heldu nintzenean beste bisita bat egin nuen botikako hilgailuen sailera. Superpintzaren ordua zen.


Utzi iruzkina: