Udaberria lehertu zen nire etxean. A true story (1)
Udaberriaren hasierak bizitza eztanda bat ekarri zuen nire etxera. Egia esateko, aurre udaberri moduko bat izan zen lehenago, negu gorriaren erdian. Egun batzuk eman nituen berogailua ez zebilela, manta batean bilduta handik hona etxean zehar, eta 7 layers burrito bat eginda oherakoan. Egun gutxi izan ziren, baina gogorrak, alajaina. Berogailua bere onera itzuli zenean zorion laino batek inguratu ninduen, arazo inmediato eta praktiko bat konpontzen dudan bakoitzean gertatzen zaidan bezala. Oi, etxearen epeltasuna, leihotik edurra mara-mara jausten ikusten duzula leihotik. Leihoa. Leihoaren hegia. Leihoaren egia. Zer zen leihoaren hegian zegoen egia hori? Txorino bat goratik kantan? Ez, horixe. Itzelezko eulitzarrak! Inoiz ez dut jakin nondik edo zelan zetozen euli lodi eta tuntun horiek, mugitu ere egiten ez zirenak alboan zartada bat joz gero. Bakarrik dakit neguaren bukaeran ohitu egin nintzela hautsa kentzen nuenean eskobagaz euren gorpu potoloak batzen leiho guztien hegietan. Hamabost, hogei, hogeita hamar...
Gero, nioenez, udaberria heldu zen, benetakoa, ofiziala. Berogailua amatatu nuen orduan eta, hara, desagertu egin ziren eulitzarrak. Auskalo, migrariak izango ziren agian eta Berogailulandiara abiatuko ziren paradisu artifizialen bila.
Orduan inurriak etorri ziren. Txikitxoak, gorriak, beti presaka, Aliceren ipuineko untxiaren antzera. Lehendabizi, baten bat ikusi nuen logelan, belarritakoak uzten ditudan mahaitxoaren gainean. Gero lan mahaian azaldu ziren, nire liburuak lotsa barik zapaltzen. Gero, jaten dudan mahaian, eta sukaldean, lurrean, suen inguruan eta suen ondoko gainaldean. Bat, bi, hiru... larregitxo. Hasieran Strogov lagunari ikasitako metodo disuasorio bat erabili nuen gizabidez nire etxea abandonatzera gonbidatzeko. Sukaldeko izkinak gatzez zipriztindu nituen apezpiku gastronomiazale baten keinu solmeneez. Alferrik: edo inurri gatz zaleak ziren edo gatzaren metodoak inurri europarrentzat baino ez zuen balio. Konponbide erabakigarriago baten bila, botikara joan nintzen -laburbiltzeko: hemengo botikak desberdinak dira; hobeto bizitzen laguntzeko gauzez gainera, inguruko guztia akabatzeko produktu ugari saltzen dituzte- eta inurrien kontrako pozoia erosi nuen. Txanpon handi moduko batzuk ziren, barruan amu pozoitua omen zeukatenak eta inurriak bertara sartzeko zulo batzuk. Kutxako azalpenak zioenez, piztitxoak barrura sartu, jan eta gero inurritegira bueltatuko ziren eta kolonia osoa kutsatu, erregina barne. Odola jelatzeko modukoa.
Arma makiavelikoa estrategia tradizionalagoez sendotzeko, etxe guztia lixibaz garbitu nuen lehendabizi, eta gero 8 txanpon halako banatu nituen etxetik. Harrez gero, ez dut inurri gehiago ikusi.
Zalantza eta atzera-aurrera pausoz betea, baina udaberriak jarraitu du nire etxean barneratzen. Tarteka, itzelezko trumonadak eta sustozko hotzaldi bat edo beste izan dira, baina ziur esan dezaket orain argiak bestelako sendotasun bat daukala.
Eta horrekin batera, Wyckoff Streeteko apokalipsiaren hirugarren seilua zabaldu da...
(to be continued)
Iruzkinak
Utzi iruzkina: