Udaberria lehertu da nire etxean. A true story (2)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-05-15 04:44

Aurreko asteko zapatu gauan gertatu zen, sofa gainean etzanda DVD bat ikusten nengoela. Bide nabar esanda, DVDa edo beste edozein gauza betaurrekoen atzetik ikusiko nuen azken zapatua zen, hurrengo ostegunean miopia operazioa egingo baitzidaten. Tess D'Urbervilles zen ikusten nengoen filma, a ze film ederra. Orduan ikusi nuen. Bestea, esan nahi dut. Korrika pasatu zen nire ezkerretara, baina sofan etzanda nengoenez, egongelako mahaiak eta aulkien hankek ez zidaten ondo ikusten utzi. "Ai ene, ai ene!!",  egin nuen aldarri ziplo zutundurik.

"Ai ene, ai ene!!!", errepikatu nuen, nire pisua hanka batetik bestera pasatuz behin eta berriro. Nire aurrean dena zegoen lasai eta isilik. Tess D'Urbervillesek aurrera jarraitzen zuen portatileko pantailan, ezer pasako ez balitz bezala. Orduan arindu handi bat jausi zitzaidan gainera, euri lanbro goxo baten gisara: ez dut ezer ikusi, hau ez da gertatu, ez dut sagu bat ikusi nire egongela zeharkatzen. Eskerrak! Orain pelikula ikusten jarrai dezaket.

Ez dakit zergatik hartzen dudan jokabide hori, orain arte konponbide pasakorrak eta lastimagarri laburrak baino ez baitizkit eman bizitza osoan. Uste dut errealitate horrible bat nire burmuinari gaina hartzekotan dagoenean erabiltzen dudala, esango banu bezala: arazo honi oraintxe bertan aurpegira begiratzen badiot, hil egingo naiz, burmuinak ihes egingo dit horrorizatuta buruko zuloren batetik (belarria? sudurtzuloa?). Beraz, atzeratu egingo dut kontua pixka bat, joango naiz buruaren atzealdean -banbalina artean esatea legez- entsaio jenerala prestatzen eta bihar jarriko naiz histeriko gala handi bati dagozkion atributu guztiekin.

Edozer dela ere, kontua da erabaki nuela ez nuela ikusi ikusi nuena. DVDa ikusi nuen, hori bai, eta ohera joan nintzen.

Hurrengo eguna, domeka, etxean ematea erabakita neukan, gauza asko neuzkan-eta egiteko. Beraz, ohetik altxatu, ederto gosaldu, apur bat irakurri eta gero errusiera ikasten jarri nintzen. Horretan nengoela -zehatz esanda, errusierako zenbakiak 1etik 100era ikasteko borrokan- xehetasun bitxi batek harrapatu zidan begia. Zirudienez, bezperan jausi egin zitzaidan hautsontziko errautsa sofa gainean, nire manta laranja zoragarrian ageri ziren arrastoen arabera. Ze txerrikeria. Erretzailea bai, baina erretzaile txukuna naiz eta nazka handia ematen dit etxetik zigarrokinak edo errauts izpiak aurkitzeak. Errusierako zenbaki beldurgarrietatik tarte batez aldentzeko aukerari abegi eginda, hautsok garbitzera joan nintzen. Hautsa izan balitz!

"Ai ene, AI ENE BADA!!!", aldarri egin nuen, bertatik bertara ikustean. Arrazoia zeukan Pio Barojak: zenbateko desanparoa adierazten duen oihu horrek.

Esan gabe doa sofan, nire manta laranjaren gainean, ez zegoela zigarro trazak bezalako gauza zibilizaturik, bezperan ikusi ez nuen saguaren eginkariak baizik: beltzak, txikiak, obalatuak. Une hartatik aurrera etxe hori ez zen gehiago nirea. Konpainian nengoen. The Sixth Sense-ko umearen antzera, nik ere esan nezake: batzuetan saguak ikusten ditut.

(To be continued)


Utzi iruzkina: