Polikronikoak eta monokronikoak (3)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-01-14 17:56

    Edward T. Hall antropologoak plazaratu zituen polikroniko eta monokronikoei buruzko aurkikuntzak aurrenekoz The Silent Language liburuan, 1959an. Gerora liburu gehiagotan sakondu ditu diferentzia kulturalei buruzko ikerketok, bakarka eta Mildred Hallekin elkarlanean.

Hiru kontzeptu nagusiren inguruan tajutzen da Hall eta Hallen eredua:

1. Testuingurua: testuinguru handia vs testuinguru txikia

Testuinguru handiko kulturetan eduki gehiena ez da modu esplizituan hitzez adierazten, testuinguruak ematen du. Hau da, informazioaren parte handi bat "jakintzat" jotzen da ("idatzi gabeko arauak" dira, "mundu guztiak dakiena"). Kultura horietan asko irakurtzen da "lerro artean", asko suposatzen da, gorputzaren adierazpideak garrantzi handia du.

Testuinguru gutxiko kulturetan gauza gutxi ematen dira jakintzat. Edukia mezuan ematen da hitzez modu esplizituan, ez da ezer suposatzen.

Kultura baten barruan ere aspaldiko ezagunek testuinguru handiko komunikazioa erabiltzeko joera dute (gutxiago esplizitatu behar dute hitzez).

2. Espazioa

a) Lurraldetasuna: lurraldetasun handia vs lurraldetasun txikia

Lurraldetasun handiko kulturetan pertsonek garrantzia handia ematen diote lurraldearen jabetzari (etxea, gela, bulegoa, lan mahaia automobila, ordenagailua...) eta lurraldearen mugak ondo zehaztuta izateari. Segurtasun neurriek garrantzia handia hartzen dute, jabetza hori babesteari begira.

Lurraldetasun gutxiko kulturetan ez zaio garrantzi handirik ematen lurraldearen jabetzaren ideiari. Erraz konpartitzen dituzte lurraldeak eta jabetzak. Ondasun materialen jabetzaz ere ardura txikia dute eta "lapurtzearen" kontzeptua ez dute oso garatuta.

b) Espazio pertsonala: espazio pertsonal handia vs espazio pertsonal txikia

Kultura batzuetako indibiduoek espazio pertsonal handia behar dute euren inguruan. Ez dute elkar ikutzen intimitate handiko egoeretan ez bada, eta distantzia fisikoa gordetzen dute elkarrizketetan.

Beste kultura batzuetan ohikoa da pertsonek elkar ikutzea aparteko konfiantza eduki barik, eta oso gertu jartzen dira elkarrizketarako. Espazio pertsonal txikia behar dute.

c) Espazio sentsoriala. Muga espazialak zentzumenetara ere hedatzen dira. Adibidez, kultura batzuetan ozen hitz egitea bestearen espazioa inbaditzearen parekoa da; beste batzuetan, berriz, horixe da espero dena, eta, beraz, ez da inbasiotzat jotzen.

3. Denbora: polikronikoak vs monokronikoak

Denbora monokronikoa (M denbora) duten kulturak: haientzat denbora lerro bat da eta azpiunitateetan banatzen da (orduak, egunak asteak...), hasiera eta bukaera duten unitateetan. Denbora unitate horien arabera antolatzen eta gestionatzen da. Kultura hauetan honako esaldiak esaten dira: "gauza bakoitza bere momentuan", "ez galdu denborarik", "al que come y canta algun sentido le falta", "cada cosa a su tiempo y un tiempo para cada cosa", "time is money".

Denbora polikronikoa (P denbora) duten kulturak: gurutzatzen diren lerro infinituak dira denbora, eta lerro bakoitza continuum bat da, ez du ez hasierarik ez amaierarik. Gauzak aldi berean gertatu eta egiten dira, eta gurutzatu egiten dira. Kultura hauetakoak dira "ahorita mismo" esaldi famatua, Fidel Castroren diskurtsoak eta Ameriketako indioen eta aborigen australiarren bilerak, irauten omen dutenak batek batek zerbait esateko eduki artean.

Hall eta Hallek honela erkatzen dituzte pertsona monokronikoak eta polikronikoak:

MONOKRONIKOAK

POLIKRONIKOAK

  • bakoitzean gauza bat egiten dute

  • gauza asko egiten dituzte aldi berean

  • lanean kontzentratzen dira, ez zaie gustatzen inork etetea
  • erraz distraitzen dira eta ez die ardura beste batek lana etetea
  • gauzak noizko egin behar diren da funtsezkoa
  • zer egin behar den da funtsezoa; epea betetzea desiragarria da.
  • testuinguru gutxikoak dira eta informazio esplizitua behar dute
  • testuinguru handikoak dira eta informazioa biltzen dute testuingurutik
  • lanak dauka lehentasuna
  • giza harremanek dute lehentasuna
  • planei eusten diete
  • erraz eta sarri aldatzen dituzte planak
  • berehala erantzuteak dauka garrantzia
  • pertsonarekiko harremanaren arabera dauka garrantzia azkar erantzuteak
  • epe laburreko harremanetarako joera dute
  • bizitza osoko harremanak egiteko joera dute
  • gutxitan uzten edo hartzen dituzte gauzak maileguan
  • erraz eta sarri utzi eta hartzen dituzte gauzak maileguan



    Testuinguru handiko kulturak lurraldetasun gutxikoak izaten dira, espazio pertsonal eta distantzia txikikoak eta polikronikoak.

    Testuinguru gutxiko kulturak lurraldetasun handikoak izaten dira, espazio pertsonal eta distantzia handikoak eta monokronikoak.

    Hallen arabera, Europako Iparraldeko kulturak eta Estatu Batuetakoak eta Kanadaren parte batekoak monokronikoak izaten dira; Mediterraneoko eta Amerika Latinoko kulturak, berriz, polikronikoak (eta, nik erantsiko nuke, Txinakoak ere bai, behintzat New Yorkeko Chinatownekoak Txinaren errepresentazioa baldin badira). Dena dela, kulturak ez dira monokroniko edo polikroniko hutsak. Japoniarrak, adibidez, polikronikoak ei dira giza harremanetarako eta monokronikoak lanerako.

    Bestalde, kultura bakoitzean bestelako azpikulturak egoten dira, eta gerta liteke indibiduoak ere euren kulturan nagusi den joeraren bestelako kulturakoak izatea. Indibiduo horiek neurri batean egokitu behar izaten dira euren inguruan nagusi den kulturara, baldin eta bazterketaz, etsipenaz edo exasperazioaz hil nahi ez badute. Hau da, ikasi egin behar dituzte kultura horietako gutxieneko jokabide batzuk, edo gizarte horren barruko txoko sozial edo laboral berezi edo malguren bat aurkitu, euren erara bizitzea baimenduko diena, neurri batean bederen...



Utzi iruzkina: