Polikronikoak eta monokronikoak (2)
Bereizketa honen berri 1999an izan nuen lehen aldiz. TOEFL azterketa (unibertsitate amerikarretan sartzeko gainditu behar den ingeles azterketa) prestatzeko testuliburu bat neukan eskuetan, eta hor artikulu bat zegoen, ez dakit nork idatzia, polikroniko eta monokronikoez. Itzelezko aurkikuntza iruditu zitzaidan, harrigarria, "zelan ez dut orain arte honen berri izan!" pentsarazten dizuten horietakoa. Denboraren kontzepzio desberdin bi zeuden hor azalduta, eta haiei lotutako portaera kultural diferenteak. Mundu bi, bai alajaina. Zergatik ez zidaten hori eskolan irakatsi?
Sasoi hartan lagun bat etorri zitzaidan egun batzuetarako bisitan Costa Ricatik. Bertan zegoen bizitzen, lan kontuak direla eta. Oso pozik zegoen, asko gustatzen zitzaion herria eta jendea, baina... bitxiak ei ziren gauza batzuetan costaricatarrak gero! Esaterako, ez zegoen seguru jakiterik noiz helduko ziren hitzordura, edo, etorri ere etorriko ziren.
Lagunak kontatu zidan behin festa bat antolatu zuela etxean, eta laneko lagun bat gonbidatu zuela. "Etorriko zara?" esan zion. "Baai... baaii" erantzun zion lankideak ahots leun eta begi ameslariez. "Bai ala ez? Seietan da. Etorriko zara?" tematu zen argitzen eta zehazten nire laguna. "Bai, laguna, baaai... zera... etorriko naiz... bai...", erantzun zion berriro lankideak goxo eta apal, baina lehengo doinu lausoari eutsiz. Nire lagunak amore eman zuen etsita, "Bai, 6etan. Etorriko naiz" esan ezin bide zuen lankidearen lausotasunaren aurrean.
Heldu zen eguna, hasi zen festa, gonbidatuak azaltzen hasi ziren... Lankidea ez zen inon ageri. Orduak pasatu ziren, jana jan zen, edana edan zen, musika entzun zen eta jendea (europarrak) etxeratzen hasi zen. Eta hara non, plastikozko basoak erretiratzen hasteko sasoian, nire lagunaren lankidea han agertu zen irribarretsu. "Ene bada! Baina zelan zu hemen?" galdetu zion pozik baina haserre ikuttu batez nire lagunak. "Bai ba, adiskidea, esan nizun etorriko nintzela!", eratzun zuen lankideak. "Baina, bederatziak dira gero! Esan nizun seietan zela!", nire lagunak. "Bai, buenoooo, ni festara nentorren, ezta? Orduan kalera irten eta nire osabarekin elkartu naiz. Bakarrik zihoan eta galdetu diodanean nora, medikuarenera zihoala esan dit. 'Baina osaba, zelan bakarrik?' esan diot. 'Ezta pentsatu ere, neuk lagunduko dizut'. Zelan utziko nion osabari medikuarenera bakarrik joaten? Nagusia da eta... Bertara joan naiz berarekin, eta gero etxeraino lagundu diot, gizajoa. Eta festara etorriko nintzela esan nizunez, hemen nago. Adiskidea, ze festa ederra, eskerrik asko gonbidatzeagatik!".
"ARRAIOA, polikronikoak dira costarricatarrak!!!" egin nuen jauzi nire lagunak bere istorioa amaitu zuenean, argia ikusi duenaren entusiasmoaz. Laguna interrogatzen hasi nintzen, eta gauza interesgarri gehiago kontatu zizkidan. Ez, costarricatarrei ez zitzaizkien halako galderak gustatzen ("6etan etorriko zara?" erakoak, alegia). Areago, nire lagunak zioenez, ez zen hainbeste ez gustatzea nola ezin erantzutea. Ikaragarrizko beldurra zioten zakarrak izateari, eta halako galderak egiten zizkietenean (europarrek normalean) costaricatarrak saiatzen ziren asmatzen galdegileek zer entzun gura zuten eta huraxe erantzuten zuten besteari gustua emateko, baina gogoz kontra edo zalantzaz beteta bezala, galdera horiek (bai/ez galderak, batez ere) eurentzat erantzunezinak balira legez, ez prozesagarriak. Ondorioz, txarto ulertu asko sortzen ziren, costarricatarrek edukatuak izan guran emandako erantzuna ez baitzen gero beti betetzen, edo ez behintzat galdegile europarraren estandarren arabera.
Urte batzuk geroago Bulgariara joan nintzen oporretan, eta hor ere jokabide polikroniko zoragarriekin egin nuen topo. Adibiderik garbiena autobusen ordutegiei buruzko galderak ziren. Galdetuz gero ea autobusik zegoen halako lekura eta halako orduan, erantzuna baiezkoa zen beti. Ai, ze gosari luzeak eta hitz aspertu ederrak egin ditudan Bulgariako estazioetan Lost Hawkekin! Eta ze sorpresa atsegina halako batean inondik inora iragarrita ez zegoen autobus bat agertzen zenean zuk nahi zenuen lekura eramateko prest! Eskerrak etxekoen artean bezala nengoena! Odol polikronikoaren tanta bat baino gehiago dabil nire zainetan, aurrekoan aitortu bezala, eta zelan ez zuen ulertuko polikroniko askoa den batek polikroniko radikal bat? Euskaldunberria izanda euskaldunzaharren artean egoten naizen bezala nengoen, hala esateko: miretsita eta erreberentziaz betea haien jatortasun perfektuaz...
Iruzkinak
Utzi iruzkina: