Monokronikoak eta polikronikoak (1)
Kaosa... Kaosa?
Hemen nago berriro aspaldiko partez! Buf, gatxa da gatxa blogariaren eginkizunak fin betetzen jarraitzea... Azken aspaldi honetan, gainera, nire inguruko errealitea zartatzen bezala hasi da, neure buruarengandik hasita: osasun arazoak (arinak, baina molestoak), kale egiten didaten tramankuluak (telebista, berogailua, interneteko konexioa, ur isuriak etxean... DVDrik ikusi behar badut, portatilean izan behar ze, lotsa badut ere esatea, Mr. Flatiron, zuk konexioak egin zenizkidan arren, kableak egun batean askatu nituenetik ez naiz izan kapaz berriro ordenagailua telebistara konektatzeko; ezta portatila bozgorailuei ere, bidenabar esanda, Lost Hawk).
Horiek ez dira gauza inportanteak, badakit, baina herrenka nabil azken aspaldion, zentratu ezinik, eta, gainera, oso labur geratzen zait arratsaldea, eta nire gauzak egiten jarriz gero, goizaldeko ordutan joaten naiz ohera... Eta, zer gertatzen da orduan? "Ba, komeriak goizean ohetik altxatzeko", erantzungo didazue. Bai baina ez: lanera joateko ez naiz oso-oso goiz altxatu behar, 9:00etan hasten bainaiz. Baina zer egiten dut? Ba, dezente lehenago altxaten naiz:
a) denbora malamalkoan emateko etxetik bueltaka (betidanik izan dudan ohitura ulertezin bat. Gainera, denbora zertan ematen dudan ere ez dut beti argi izaten: Flatironek aipatzen zituen ausentziak izan ohi ditut)
eta
b) Skypez berba egiteko Ms Aperry eta Kamarada Strogoffekin (jakina, niretzat goizeko zazpiak direnak ordubata da eurentzat).
Oh, goizaren zoragarria, esango didazue b) arrazoiari erreparatuta. Eta zinez, bai. Suerte handiko BasqueWomanInNewYork naiz, egunero lagun onekin gosaltzeko suertea izanda, Atlantikoa tartean dagoela kontuan harturik. Baina, zer gertatzen da? Ba, goizeko solasaldi hori + nire ausentzia goiztarrak = lanera berandu heltzea. Inor premia barik ez larritzeko, aurrera baino lehen esango dut ordutegi malgua dudala, eta nahikoa dudala arratsaldean beranduago irtetea nire kontuak erakundearekin garbitzeko. Ai, baina hortxe daukagu gurpil zoroa: berandu irten, berandu heldu etxera, berandu egin etxeko lanak, berandu jesarri idaztera, berandu ohera...
Seguru nago nire lagunei ez litzaiekeela hori sekula santan gertatuko. Berba edo txat egiten dugun aldien %99,99an, asma ezazue nork EZ duen esaten harako esaldi hura...:
"Bueno, oso gustora nago zurekin berbetan, baina orain utzi egin behar zaitut (ordubete barru klasea daukadalako/ohera joan behar naizelako/burua garbitu behar dudalako/autobusa galduko dudalako...). Pa, agur!!".
BINGO!! ! Hamar puztarri! Action Basquing Behia da mugarik jarri ezin duena, gosaria ad infinitum luza lezakeena, unearen plazerrak itsututa "hurrengo autobusa hartuko dut" pentsatuko lukeena...
Zergatik ote daukate nire lagunek halako jasa esaldi hori momentu egokian hain airoski botatzeko eta nik ez? Zergatik ni beti nago prest zinearen ostean zerbait hartzera joateko, hurrengo egunean lan egin behar izan arren? Zergatik uste dut bost mila gauza egin ditzakedala eta arratsalde berean bost pertsonarekin geratzen naiz banan banan zerbait hartzeko, eta gainera zazpi errekadu egiteko planak egin, aldez aurretik onartu beharrean gehienez ere pertsona bakarrarekin egon eta errekadu bi baino ezin ditudala egin? Zergatik eskuartean lan bat daukadanean galdetzen badidate ea gainera beste lan bat ere prest eduki nezakeen egun horretarako, optimistegia izaten naiz ia beti eta baietz esaten dut, muga errealak ikusi barik eta aldez aurretik ezetz esan ordez?
Zergatik da nire irudimenean denbora txikle kiribildu horietako bat, luzaaaaaaaaaatu eta luzaaaaaaaaaaaatu daitekeena, eta zergatik ez naiz kapaz aukera batzuk beste barik baztertzeko, arnas estuka eta izerdi patsetan beti korrika ibili beharrean inora ere ondo ez heltzeko, eta helburuak bete ezinaren frustrazioak jota bukatzeko?
Zergatik lanean nagoenean tarteka izugarrizko gogoa sartzen zait bloga idazteko, pastela egiteko edo XXI. mendeko Literatur Lana idazteko, edo nire argazkiak antolatzeko, museora joateko, ensaio bat irakurtzeko, are eta prakei barrenak hartzeko ere? Zergatik daukat burua hainbeste leku eta denboratan aldi berean, zergatik interesatzen zaizkit hainbeste gauza batera, zergatik gertatzen zait gero eta premia handiagoa dudala eskuartean ataza bat baino gehiago aldi berean eta tarteka izateko?
Tuntuna naiz? Desordenatua naiz? Alferra naiz, desastrosoa? Burua galtzen ari naiz? (Bai, Kamarada Strogoff: praken barrena jostearena irakurri duzunetik erabaki duzu burua galtzen hasi naizela).
Bueno, goiko horietatik zati bana izan nezake, bai, baina nire autoestimua salbatzeko, Edward T. Hall antropologoak beste azalpen bat eman dit. Ni, lagunok, polikronikoa naiz, zeharo polikronikoa. Hori berez ez da txarra; harro esan nezake jende polikroniko interesgarri askoren eskutik helduta noala nire ibilbide polikronikoan: Hegoamerika eta Ertamerika, Europako Ekialdea, Mediterraneoko herriak, Txina, Japon bera ere zatika...
Hala ere, ezaugarri hori dramatikoa suerta daiteke (snif) norbera polikronikoa denean gero eta monokronikoagoa den kultura batean, gizarte kapitalista baten erdian norbera komunista izaten saiatzea bezain erdiragarri eta bakartia... Mundu monokronikoan kale egingo duzu zure ekimen guztietan (ez baduzu aterpea bilatzen arlo "malguago"ren batean, hala nola arteak), konturatuko zara txisteak egiten dituztela zutaz, ez zaituztela oso serio hartzen...
Baina zuk, Mr. Hall, ondotxo dakizu arazo kultural bat besterik ez dela, kultura ulertuta gizarte zientzialariak termino hori erabiltzen duten zentzuan: "gizakiek informazioa sortu, transferitu, gorde eta prozesatzeko garatzen dituzten sistemak, sistema horien barruan sartzen direla sinesteak, ohiturak, portaerak, arteak, zientziak eta tradizioak". Eta zuk badakizu gizarte bakoitzaren barruan kultura asko daudela, eta seguru nago bihar lagunduko didazula azaltzen zertan diren kultura polikronikoak eta kultura monokronikoak, eta ahhha ze logura, esplikatuko didazula zelan monokronikoa ez den berez hobea edo azkarragoa edo emankorragoa ahhhh ze nekatuta nagoen baina segurutik mmmmhhhh onartu beharko dizut neurri batean gure inguruan nagusi den kulturara ahhhhh neurri batean behintzat egokitzea beste biderik ez dugula iraun ahal izateko, edo, bestela, babestuko gaituen txoko sozialen bat aurkitzea, edo bizimodu doblea izatea, japoniarrek omen duten bezala... Mmmm ze goxo hemen, begiak itxita, basquing in the....
Iruzkinak
Utzi iruzkina: