Asteburua (I)

basquebasking 1456131385548 Basquing in the sun | 2007-09-11 15:31

Zapatuan Newarkera joan ginen Basque Woman eta biok. Izan ere, Casa Vasca izeneko jatetxera joan nahi genuen, Markinako emakume batena dena. Horrela, bada, trena hartu eta hogei minututan heldu ginen Newarkera. Jatetxearen helbidea geneukan baina ez genekien zelan heldu. Geltokiko denda batera sartu ginen plano batean begiratzeko. Ohar bat zegoen, "Mesedez, ez zabaldu planoak". Hala ere, guk bat ireki genuen. Jatetxearen kalea udaletxetik gertu zegoela ikusi genuen eta, arin-arin, planoa itxi eta alde egin genuen. Kalera irten genuen eta Basque Woman emakume bati galdetzen hasi zen, "Mesedez, esango zenidake non..." "Ez dakit!!" erantzun zion emakumeak, modu txarrean, egia esan. Gure ondoan gizon bat zegoen, dena ikusi zuen eta nora joan nahi genuen galdetu zigun. "Udaletxera", esan nion. "Newarkeko udaletxera?", berak. "Bai". Jakina, pentsatu nuen, ez da izango Sebastopoleko udaletxera. Baina ez nion ezer esan, oso jator portatu baitzen gurekin. Udaletxea nahiko hurbil zegoen eta oinez joateko modua esan zigun.

Igaro genituen Broad Street eta Market Street, eta benetan denda ugari zegoen bertan, eta bazirudien Newarkeko gaztetxo guztiak erosketak egiten ari zirela, bero izugarria egon arren.

Halako batean heldu ginen udaletxera. Hurrengo, Elm Street non zegoen galdetu behar genuen, hori baitzen jatetxearen kalea. Baina Market Street-etik atera ondoren, ez zegoen ia jenderik kalean. Gizon bati galdetu genion. Hasieran ez zigula erantzungo pentsatu genuen, oinez jarraitu zuen-eta, baina animatu egin zen, pentsatzen hasi zen eta, bai, inguru hartatik zegoela esan zigun. Bai, horrenbeste bagenekien guk ere. Handik hurbil eraikin handi bat zegoen, guatximana daukaten horietako bat. Hark guatxiwomana zeukan. Galdetu genion, baina ez zekien oso seguru. Eraikin haren ondoan janarien denda bat zegoen, eta kanpoko kartelak zioen etxeetara banatzen zutela. Tira, hemen fijo jakingo dute, pentsatu genuen. Baina han ere ez zekiten, beste leku batean zegoela esan ziguten. Azkenik, Chateau of Spain izeneko jatetxe bat ikusi genuen eta harantz jo genuen. Bertan galdetu eta mutil batek oso ondo esan zigun, handik irten eta eskuinetara eta gero ezkerretara, hura zen Elm Street.

Poz-pozik joan ginen eta mutilak arrazoi zeukan, hantxe zegoen. Elm Street-eko etxe ia guztiak familia bakarrekoak dira, denda bakan batzuk daude, eta hispanoak eta portugesak bizi dira bertan. Eta, azkenik, Casa Vasca-ra heldu ginen. Kanpoan mahaitxo batzuk zeuden baina ez zegoen argi zein zen sartzeko atea. Saiakera baten ondoren aurkitu genuen eta sartu ginen. Ez zeukan taberna amerikarren itxurarik. Zerbitzariak gaztelaniaz hitz egin zigun, eta jantokia egun osoan dagoela zabalik esan zigun. Eta zeozer edan ondoren, sartu egin ginen.

Ordu hartan (laurak aldera ziren) ez zegoen inor jantokian eta, hemengo ohiturari jarraituta, hotz handia zegoen. Basque Womanek txerrikia eskatu zuen eta nik bakailaoa bizkaitar erara. Errazio itzelak ekarri zizkiguten (niri hiru zati erraldoi) eta ederto jan genuen. Amaitu genuenean, Gemarekin egin genuen berba une batez. Gema Markinakoa da eta 30 urte inguru daramatza hemen. Senarra hil zitzaionean zalantzan egon zen, Euskal Herrira itzuli ala ez, baina geratzea erabaki zuen eta jatetxea zabaldu zuen. Kontatu zigun semeetako bat abuztuan ezkondu dela eta emaztegaiaren guraso bat Valladolidekoa eta bestea Lisboakoa direla. Ezkontza Euskal Herrian izan zen eta hara joan zen amerikar koadrilla bat. Argazkiak eta guzti erakutsi zizkigun.

Gero, agur esan genion eta geltokirantz joan ginen, New Yorkerako trena hartzera.


Utzi iruzkina: