SENDABELARRAK
Anagallis arvensis
Pasmo-belar loregorria
Bubanik emandako izena: Anagallis arvensis
Beste izen batzuk: amorru-belar, izukeslea, igaberatxa, txori-belarra, izugestes.
Deskribapena
Grekoko izen zaharra da, barre egitea adierazten
duen anagelein hitzetik eratorria. Landare honek eragin bizigarria,
zirraragarria zuela uste zen. Lakoizketaren ustetan, izukeslea izena
beldurra kentzeko balio duelako da. Baliteke halaber, amorruaren kontra
erabili delako izatea.
Toxikotasunarekin kontu izan da, gordinik edo
prestatuta, hostoak espinaka bezala erabil daitezke, baita entsaladan
ere. Kimu berriak ere egositako barazki bezala jan daitezke
Landarea zukututa, bainurako eta garbiketarako xaboia egiten dute Nepalen.
Oso erabilia izan da, eta da, Euskal Herrian sendabelar gisa.
Azaleko gaitz eta zauriak sendatzeko ukenduak egiteko erabiltzen da.
Baita
egosi (7 minutu irakin eta ondoren pixka batean utzi) eta infusioarekin
sinusitisa bezalako arnasbideetako gaitzak sendatzeko ere. Askotan
abereei jaten ematen zaie, barrenak garbitzen laguntzeko.
Landare hau ezagutzeko modurik argiena bere zurtoin karratu formakoei erreparatzea da. Normalean loreak laranja kolorekoak dira.
Zenbait
landarek bapateko (eta iraunkorra ez den) eraldaketa baten bidez, lore
urdinak ematen dituzte eta Anagallis generoko beste espezie batekin
nahas daitezke.
Angelica syvestris
Mendiko aingeru-belarra
Bubanik emandako izena: Angelica slvestris
Deskribapena
Aingeru batek, San Gabrielek, genero honetako landare batekin izurri beltzari aurre egiten erakutsi omen zion jakintsu bati; hortik angelica izena.Gose garaian elikagai garrantzitsua izan zen, XX. menderarte behintzat.
Hosto, kimu gazte eta zurtoinak entsaladetarako gehigarri aromatiko dira, eta sukaldatuta barazki bezala. Zurtoin, hosto eta haziak gozogintzan erabiltzen dira.
Sustrai eta haziak Benedictine, Vermouth, ginebra, absenta eta Chartreuse bezalako likoreei zapore emateko erabiltzen dira. Angelicarekin egiten ziren lehenengo goxoki berdeak.
Ehotako fruituak buruko parasitoak hiltzeko balio du
Armeria euskadiensis
Itsas krabelina
Bubanik emandako izena: Armeria pubescens?
Deskribapena
Frantsesez krabelin bati ematen zaion armoire izen latinizatua.Landare honen berezitasun nagusia Euskal Herriko kostaldean bakarrik aurki daitekela da. Hortik euscadiensis izena. J. Donabille eta P. Vivant botanikari frantziarrek deskribatu zuten lehen aldiz Donostiako Urgull mendian, 1976. urtean.
Itsasaldeko silize-labarretan eratzen diren larre naturaletan bakarrik bizi da. Badirudi hori dela Frantziako zein Kantabriako kareharrizko kostaldeetan ez hedatzearen arrazoia. Hain ezaugarri ekologiko bereziak behar dituenez (itsasoaren eragin zuzena eta labar silizeoak), desagertzeko arrisku bizian dauden landareen katalogoetan jasoa dago. Arrisku hau areagotu daiteke bere bizitoki nagusia den Jaizkibelgo itsasaldeko labarretan egin asmo den portu erraldoia burutzen bada.
Lurpeko ipurdi sendoa du, eta horren gainean hosto sorta irteten da. Udaberri-uda hasieran loratzen da lehen aldiz, kolore gorrixka duen lore anitzeko buru trinkoa sortuz. Askotan, udazken hasieran berriz loratzen da.
Arum maculatum
Sugebelarra
Bubanik emandako izena: Arum vulgare
Beste izen batzuk: ilarrondokoa, erre-belarra, suge gerezia, suge artoa, sugerama, sugrama, iaroa,.
Deskribapena
Loraldiaren ondoren ematen dituen baia gorri
deigarriak oso pozointsuak dira, batzuei alergia ere eragiten die.
Horregatik lotuko da euskaraz hainbeste sugearekin. Hala ere, jangarria
da modu jakin batzuetan, fruitua inoiz ez ordea. Sustraietako almidoi
kantitateari esker, irina egin daiteke beraiekin. Horretarako hostoak
sortu aurretik bildu behar dira sustraiak. Sustrai eta tuberkuloak
elikagai bezala erabili izan dira, baina beti ere ondo lehortu edo
prestatuta, bestela toxikoa izan bai daiteke. Negu bukaeratik aurrera
dauzkan hostoak ere jangarriak dira, ondo eginda.
Ingelesez izen bitxi asko dauka sugebelarrak, haien artean “Lords and Ladies” bezalako izen bitxiak.
Intsektuak
lore arren ileetan preso geratzen dira une batez, eta ihes egitea
lortzen dutenean polena garraiatzen dute beste landareetako lore
emeetara.
Hauts bihurtutako sustraietatik aurpegiko zimurrak kentzeko
krema bat egiten da. Sustraietatik ateratzen den almidoiak arropak
gogortzeko ere balio du.
Asphodelus albus
Anbulu zuria
Bubanik emandako izena: Asphodelus albus
Beste izen batzuk: anbulu zuria, porrostia, anpulu zuria, kunbulloa, anbuloa, ambolin, zelaikoporrua, txerri-patata, sorgin-porrua, ambala.
Deskribapena
Alkohola ere egiten da, zain lodikotea hartzituz.
Hostoak zerrientzako janari bezala ere erabiltzen dira.
Calystegia sepium
Ezkerte zuria
Bubanik emandako izena:
Beste izen batzuk: birigane zuri, birigain zuri edo lurruntz zuri,ezker-aihen zuri ,aixen aundi, txori mahatsa, lurruntzi, pipila, ezkiluntza.
Deskribapena
Ezkerte zuriaren (Calystegia sepium) eta ezkerte
beltzaren (Convolvulus arvensis) euskarazko izenak nahastuta azaltzen
dira maiz.
Izena grekoko kalyx, kaliza, eta stêgôn, estalki,
hitzetatik dator. Lore honen kaliza ezkutatzen edo estaltzen duen
brakteak direla eta. Eta sepiumek hesi esan nahi du.
Loreak gauez itxi eta egunez irekitzen dira.
Beste
landareen inguruan kiribiltzen da eta hil arte itotzen ditu. Lekuren
batera iritsitakoan oso zaila da kanporatzen, sustrai oso sakonak bai
ditu eta lurrazpian geratzen den edozein sustrai zatitatik birsortu
daiteke. Horregatik, oso belar txar gogaikarria da lorategi, baratza eta
soroetan.
Zurtoin eta sustraiak ondo garbitu eta prestatuta, zapore
goxoko jakia da, azukre eta almidoi askokoa. Behazunaren jarioa
areagotzen du sustraiak.
Zurtoinak malguak dira eta larrialdiko loturak egiteko balio du, gogorra baina ez oso iraunkorra izanik
Carlina vulgaris
Kardua
Bubanik emandako izena: Calluna vulgaris
Deskribapena
Kardu ugari da gure mendietan. Karezalea da eta berau duen edozein belardi lehor, baso epel, harri tarte edo landu gabeko edozein bazterretan bizi da. Bi urteko landarea da; lehenengoan hostoak eman eta jakiak pilatzen ditu, hurrengo urtean uztailetik iraila artean, giroa lehorra denean, loratzen da. Eztitarako oso egokia izaki, erleek gustuko dute.Carlina izenaren jatorriari buruzko iritzi ugari dago. Zabalduenaren arabera, Carlomagnori azaldu zitzaion aingeru batek karduaren sustraia erakutsi zion eta honekin Erroma harrapatzeko ahaleginetan ari zen bere armadan hedatzen ari zen gaixotasun bati aurre egin eta sendatu zuen. Izen hau XVI mendean Andrea Cesalpino (Arezzo 1.519-06-06, Erroma 1.613-02-23) botanikari toskanar ezagunak proposatu zuen.
Sendagai gisa izerditzea errazten du eta libragarria da.
Asian tindagaiak egiteko erabili izan da
Cardamine pratensis
Xanpora
Bubanik emandako izena:
Beste izen batzuk: bumika, buminka, burminka.
Deskribapena
Maitagarrientzat sakratua den lorea izaki, etxe barrura ekartzeak zori txarra dakar.
Hosto
eta kimu berriak (gordinik zein prestatuta) oso aberatsak dira mineral
eta bitaminatan (batez ere C bitamina). Hostoak udaberrian goiz bildu
behar dira, eta kopuru txikitan, entsaladetarako gehigarri bikainak
dira. Lore eta lore begiek berroaren antzeko zaporea dute. Lore zuri
hauek entsaladetarako gehigarri atsegin dira.
Udaberriaren hasieran
bildutako hostoekin egindako infusioa asmarentzat erabil daiteke eta
baita indigestioari aurre egin eta gosea sortzeko ere.
Clematis vitalba
Aihen zuria
Bubanik emandako izena: Clematis vitalba
Beste izen batzuk: aihena, aihen-belarra, aihenturi, ezkerraihen, aihenezker, aixenezker, burukage, autina, metu, amarauna.
Deskribapena
Latinez duen “vitalba” izenak “vitis” (aihen edo
mahatsondo) eta “alba” (zuria) esan nahi du, euskaraz bezalaxe.
Zuritasuna luma-itxurako loreek ematen diote.
Gazteleraz eta
frantzesez “hierba de pordioseros” eta “herbe aux gueux” ere esaten
zaio, garai batean eskaleek beren buruei zauri eeta orbanak eragiteko
erabiltzen bai zuten, horrela ingurukoen errukia jasotzeko.
Landare
igokaria da, eta beste landareen gainean kiribiltzen da gora egiteko.
Hauek hil arte ito ditzakeenez, Deabruarekin eta sorginekin lotu izan
da.
Beste leku batzuetan Ama Birgin eta Jaungoikoarekin lotu da, bere loreen zuritasuna dela medio.
Zelanda Berrian espezie inbasorea bihurtu da, bertako landaredian kalte handiak eraginez.
Zortena, zigarroa bailitza, erre izan da.
Aihena bera lokarri gisa erabili da.
Convolvulus arvensis
Ezkerte beltza
Bubanik emandako izena: Convolvulus minor
Beste izen batzuk:
ezkerte beltza, ziurda, txildurka, biurda, belarlatz, sapabelarra,
kanpantxila-belar, kanpantxilar, pipila, lurruntza, lurruntze
txiki,txurrutx, txurrusta-belar, lehuntz, pipalore, amabirgin atorra,
birunga, hedetxo, kentidonia, odolbelar, s.
Deskribapena
Britainia Handiko irletan diote lorea biltzen
duen emakumearen maitea hil egingo dela; baita, lorea hartzen duenari
ekaitza eroriko zaiola.
Barazki eta bizigarri bezala erabiltzen da Turkian. Hostoekin egindako sendagai batek behazunaren jarioa areagotzen du.
Noyeau izeneko likore bati zaporea emateko ere erabiltzen da.
Lehortutako zurtoinak beste landareentzako zurkaitz gisa erabil daitezke, malguak eta gogorrak dira baina ez dute asko irauten.
Egun eguzkitsutan loreek usaina zabaltzen dute.
Cornus sanguinea
Zuhandor gorria
Bubanik emandako izena: Cornus sylvestris
Deskribapena
Zuhandorraren latinezko izena Cornu hitzetik,
adarra, dator; adarra bezain gogorra den egurra bai du. Sanguinea,
sanguis, odol, hitzetik, honen koloreko azala duelako.
Kondaira
kristau batek dioenez, Jesus gurutziltzatu zuten gurutzea zuhandorraz
egina zegoen (beharbada horregatik euskarazko beste izena, Judasen
egurra). Historioak dio garai haietan zuhandorrak askoz handiago eta
gogorragoak zirela, Jerusalem inguruan handienak. Gero Jainkoak, egungo
jitea eman zion, adarrak moztuz, gurutzeak egiteko gehiago erabil ez
zedin. Loreak ere gurutziltzearen irudi bihurtu zituen, gurutze formako
lau brakteekin. Estamina gorriek Jesusen arantzazko koroa adierazten
dute eta fruitu gorriek bere odola. Agi danean.
Gizakiontzat usain desatsegina badute ere, loreak oso erakargarriak dira intsektu ugarirentzat.
Azalak sukarrari aurre egiteko balio du eta baita tindagaiak egiteko ere.
Hazietatik, xaboia egiteko eta argiztaketarako erabil daitekeen olio bat egiten da.
Adaska
gazteak otargintzarako erabiltzen dira; eta adarretako egurra gogorra
denez, tresna txiki, orkoi eta aterkietako heldulekuak egiteko
erabiltzen da. Egurra bera erregai bikaina da, eta baita ikatza egiteko
ere.
Crataegus sp. (laevigata?)
Elorri zuria
Bubanik emandako izena: Oxyacantha dioscoridis o matthioli
Beste izen batzuk:
abilluri, arantzuri, ilurri, illurritze, ainurriatze, arantza,
arantzalar, gabilluri, arantzuri, ilurri, illurritze, ainurriatze,
arantza, arantzalar, gurrillona, aranzibia.
Deskribapena
Grekoko kratos, indartsu, sendo, hitzetik,
datorkio izena. Bere eite arantzatsua eta zur gogorra direla eta.
Laevigata hitzak azal leun dotore eta irristakorra duela dio.
Landare
honek ondo eusten die haize indartsu eta kutsadurari, baina kresalak
kalte handia egin diezaioke. 500 urte arte bizi daiteke eta oso
erabilgarria da hesiak egiteko. Mizpira eta udare mentuoin edo txertagai
bezala erabiltzen da.
Fruituekin mermelada eta kafearen ordezko bat
egin daiteke. Fruituak lehortzen direnean eta irinarekin nahastuta ogia
egin daiteke. Hosto berriak entsaladarako gehigarri bezala eta tea
egiteko erabil daitezke.
Gaitz askotarako balio duen garrantzi
handiko sendabelarra da, baina batez ere bihotzaren inguruko
kontuengatik da goraipatua. Herri kulturan aspalditik erabiltzen bazen
ere, XIX. mendetik aurrera ikusi zen benetan erabilgarria zela bihotzeko
gaitzentzat. Gaur egun, elorriaren loreak 200 sendagai baino gehiagotan
aurki daitezke eta azterketa askok erakutsi dute bere
erabilgarritasuna. Bihotz erritmoa erregulatzen du, zirkulazioa hobetu
eta bihotza bera indartu. Hipotensorea da, kardiotonikoa, estresaren
aurkakoa eta lo eragilea.
Ginkgo bilobarekin batera, memoria
kaxkarraren aurka erabiltzen da, burmuinerako odol jario indartuz.
Azalarekin malaria eta beste sukarren kontrako sendabideak egiten dira.
Egur
oso gogorra du. Tresna txikiak eta beren heldulekuak egiteko interes
handikoa. Erregai bikaina da. Egur honekin egindako ikatza nahikoa omen
da burnia urtzeko, beste ezeren laguntzarik gabe. Beren gogortasuna dela
eta arantzak iltze bezala erabili izan dira.
Crocus nudiflorus
Azafraia
Bubanik emandako izena: Crocus pyreneus
Beste izen batzuk: azaparan, hupa, safrana.
Deskribapena
Grekoz azafraia adierazten duen krôkôs hitzetik;
hau karkom semitikotik eratorria. Hebraierako karkôm, aramearreko
kurkuma eta pertsiera eta arabierako kurkum hitzen tankeran. Landare
izen zaharrenetakoa omen da.
Crocus generoak 100 espezie baino
gehiago biltzen ditu, asko lorategietan estimatuak loreen kolore
aniztasunagatik. Denetan ezagunena azafraia espezia egiteko erabiltzen
den Crocus sativa.
Azafraia munduko espezia garestiena da. Berau
egiteko lorexakiak (estigma) bildu behar dira, loreak hiru egun eskas
irauten du eta 160.000 lore txigortu behar dira kilo bat azafrai
lortzeko.
Oso zaharra da bizigarri bezala erabiltzeko ohitura.
Mesopotamian, 5000 urte baino gehiago dituzten zeramiketan agertu da
idatzita beste zenbait espeziaren artean. Loreak ere margo zaharretan
agertu dira Kretako irlan.
Egipton esentzia aromatiko bezala zen
erabilia, eta Grezian lo hartzen laguntzeko. Ikerketa berrienek
gogo-aldartearen alterazioak, depresio zein antsietatea, jasaten
laguntzen duela frogatu dute.
Zapore mingotsa eta usain gozo sarkor eta berezia izateaz gain, kolore hori bizia ematen die jakiei.
Hainbat
mito greziarretan azaltzen da. Horietako batek dio Krokos, Hermes
jainkoaren maitea zen mutil gaztea hil eta Hermes-ek lore bihurtu zuela
betiko bizi zedin.
Dianthus hyssopifolius
Krabelina
Bubanik emandako izena: Diosanthos
Beste izen batzuk: baratx, jiroflei, klabelina, larra-klabelina, mao, mau, rabelina, txanelina, txulufrai, txulufrina, julufrei, txiliprai.
Deskribapena
Grekoko diosanthos zaharretik eratorria, dios,
Zeus edo Jove jainkoa eta anthos, lorea. Hau da Dianthus, krabelinaren
generoaren izenaren jatorria.
Hyssopifolius, Hyssopus officinalis, isipu-belarraren antzeko hostoak dituelako.
300
espezie baino gehiago da Dianthus generoan. Gainera, badira beste
hainbat azpi-espezie eta hibrido ere, asko lorategietarako sortuak. Oso
lore ezaguna da, naturan ia edonon aurki daitekelako eta lorazaintzan
duen erabilera zabalagatik. Udaberria eta udan loratzen da, nonahi
ikusten da, edozein motatako lurra duten baso sare, belaze eta
abarretan.
Landare honen erabilera nagusia, lorategietatik at, bere
esentziarena da. Usain fin nabarmena du eta milaka urtetan ustiatu izan
da esentziatarako. Begietarako ur edo kolirio
sonatua egiten da berarekin, hortik ote dator frantsesezko oeillet , begitxo, izena?
Krabelin hauek beratzen izan dituen ozpinak izurri beltzari aurrea hartzen omen zion.
Erica cinerea
Ainarra purpura
Bubanik emandako izena: Erica tenuifolia
Deskribapena
Txilarren generoan 700 espezie baino gehiago da; 20 cm. garai direnetatik hasi eta Erica arborearen 6-7 metroetarainokoak. %90a Hego Afrikakoa da.Txilarrak lur azidoak maite ditu. Lehorrak izan edo ur-asetutakoa, beti azidoa.
Lurrak ontzen ditu eta animalia ugariren jakia da.
Suak pasatako lurrei eusten die eta erraz berritzen da.
Andui edo ipurdi lodikote bat lurpean, gogorra oso eta betarik gabea. Erica arborea espeziearen ipurdi hau erretzeko pipak egiteko bereziki estimatua da. Bouloternèren, ekialdeko Piriniotan, XX mendearen lehen erdian jende ugari bizi zen bertan zegoen txilar-pipa lantegiari esker. Korsikan eta Magreben egundo ere egiten dira.
Borden eta txabolen estalkiak eta hormak egiteko erabili izan da.
Zeta sortzeko, harrak txilar adarretan jarri izan dira.
Adarretako zarbekin erratzak egiten dira, txilar-erratzak. Baita abereen azpietarako gaia ere.
Adarrekin txardengoak egiten dira.
Karobi, ogi-labe eta bestelako labeetan bapateko su gar handi eta beroa egiteko aproposa da.
Ikatz bizia egiten du, burdina lantzeko estimatua.
Erleek oso gogoko dute bere lorea eta txilar-ezti berezia egin ohi da.
Mitologian landare magikoa da, eta Erika emakume izena bezala erabiltzen da.
Erica izena, grekoko “ereiken”, hau da, hauskor hitzetik omen dator, adarrak halakoak bait ditu.
Kantauri Itsasoaren inguruan Klima Aldaketak nola eragiten duen jakiteko erabili den neurrietako bat txilarren loraldia da. Azken urte hauetan aurreratzen ari da.
Euphorbia helioscopia
Euphorbia helioscopia
Bubanik emandako izena:
Deskribapena
Esneantzeko izerdia ixuriko du ebaki ezkero. Hortik esnebelarra inondik ere.Euphorbiazeoen familiari Linneok jarri zion izena, Numidiako Juba erregearen mediku zen Euphorbus greziarraren omenez. Helioscopia, helios (eguzkia) eta skopein (zaindu) latinezko hitzengatik, landare honek egunean zehar eguzkiaren mugimenduari jarraitzen bait dio.
Esne itxurako izerdia toxikoa da eta garatxoak desagertarazteko balio du.
Indian, hazien olioa eta hosto eta zurtoinen dekokzio bat erabiltzen dute heste zizareak kanporatzeko.
Landutako edo utzitako nekazal lurretan aurkitzen da.
Helleborus viridis
Otsababa emea
Bubanik emandako izena: Helleborus viridis
Beste izen batzuk: pika baba, lipu-belarra, lupi-belarra, lupu-belarra, baladrea, mingaizto-belarra.
Deskribapena
Neguaren amaian eta Udaberriaren atarian loratzen da lore handi eta berdez.
Medizinan eta sorginkerietan erabilia izan da.
Oso landare toxikoa da. Horregatik, sendabelar bezala nolanahi erabiltzea ez da gomendagarria nahiz eta badituen zenbait onura.
Arriskutsua den arren, zainen egosketa arkakuso eta zorrien aurka erabiltzen da.
Alexander Handia sendatzeko hartutako landare honen sobredosi batek hil ote zuen diote.
Baratza eta lorategietan, zorri eta antzeko parasitoen aurka erabiltzen da.
Humulus volubilis
Lupula
Bubanik emandako izena: Humulus lupulus
Beste izen batzuk: ezker aihena.
Deskribapena
Clematis vitalba-ri ere horrela esaten zaio batzuetan)
Izena
lurreko humus hitzetik eratorria dela uste da. Lupulus otsotik etor
liteke, otsoak ardiak bezala landare honek azpian harrapatzen dituen
beste landareak akaba bai ditzake.
Landare igokaria da, eta zurtoinean ateratzen zaizkion bilo sendoak erabiltzen ditu heldu eta gora egiteko.
Lore ar eta emeak landare ezberdinetan izaten dira.
Lore
emeak jaso eta garagardoa egiteko erabiltzen dira. Batetik,zapore
berezia ematen dio, eta bestetik, Gramm bakterien aurka eginez,
legamiaren eragina sustatzen du. Maltaren zapore gozoa berdintzen du
mingots puntu bat emanez, (nahiz eta prozesuaren eta lupulua ze
barietatetakoa den arabera ezberdina den eragin hau.KENDU EGINGO NUKE)
Egositako
hostoEK eta kimu berriek zapore berezi eta atsegina dute. Maiatza
aurretik jasotako hostoak gordinik jan daitezke entsaladan.
Ilerako tindagai marroia eta aurpegiko azala leuntzeko krema egiten da.
Zurtoinetik kalamuarenaren antzeko zuntzak atera daitezke erropagintzarako.
Hypericum androsaemum
Orkatxa
Bubanik emandako izena: Hypericum bacciforme
Deskribapena
Orkatxa, euskarazko izena, landarearen kiratsa orkatzarenaren tankera duelako dela dio Lakoizketa botanikariak.Sendabelar ezaguna da, eta makina bat ukenduren osagai da. Gazteleraz “sanalotodo” eta ingelesez “tutsan” (frantsesezko toute saine-tik) ere deitu izan zaio.
Urteko egunik luzeenetan loratzen denez, “San Juan belarra” bezala ere ezaguna da genero honetako beste landare bat, Hypericum perforatum.
I mendeko Dioskorides sendagileak idatzitako “De Materia Medica” bost liburuetako hirugarrenean dioenez, loreak eta fruituak eskuetan marruskatuz gero odolaren tankerako zukua ematen du. Hortik grekoko “Androsemo”, gizakiaren odola, alegia.
Ilex aquifolium
Gorostia
Bubanik emandako izena: Aquifolium spinosum
Beste izen batzuk: korosti, garratz, garratx, garatzaina.
Deskribapena
Ilex artearen izen latinetik omen dator, Quercus ilex. Hostoetan antza handia dute. Aquifolium berriz, acus, arantza, eta folius, hostoa, hitzetatik dator.Zuhaixka eder hau gaur egun babestua dago, eta debekatuta dago mendian dauden gorostiei adarrak moztea. Zuhaixkak arrak edo emeak dira. Neguan landare emeek ematen dituzten fruitu gorriek egiten dute hain erakargarri, eta hainbat urtez gabonetako apaingarri gisa erabili izanak kalte handia egin dio.
Ebanoa pieza beltzetarako erabiltzen den bezala, historikoki xake fitxa zuriak gorostiarekin egiten ziren. Druida zelten zuhaitzik sakratuena zen eta kristautu aurreko Erroman, Saturno jainkoaren irudia. Kristauentzat Jesusen jaiotzarekin zerikusia du, gorosti baten atzean ezkutatu baitziren Maria eta Jose Egiptora bidean soldaduetatik ihesi. Mariak bedeinkatu egin zuen eta ilezkortasunaren seinaletzat, urte osoan hostoak izatea ahalbidetu zuela diote.
“Hollywood” toponimoak, gure gorostidi edo gorostutzak... bezala, gorosti basoa esan nahi du.
Egosi eta hartzitutako azalarekin txoriak harrapatzeko erabiltzen den kola moduko “liga” egiten da.
Kolesterola jaisten laguntzen du. Hostoak gosea eragiten du, aperitiboa da.
Hostoak lehortuta tearen ordezko bezala erabil daitezke eta txigortutako fruituak kafearen ordezko bezala.
Alsazian, fruitu hartzitu eta destilatuetatik alkohola ateratzen da.
Kantitate handian (25 aletik gora) hilgarria izan daiteke, bihotz, urdail eta nerbio sistemari kalteak eraginda.
Hosto gogor eta arantzadunak dituen arren, zenbait animaliak neguan, elurragatik belarrik ez denean, jan egiten du. Hauen hortzen eran dituen beheko aldeko hostoak ditu arantzatsu, goiko adarretan, haiengandik libre arantzarik gabea
Knautia arvensis
Hatz belarra
Bubanik emandako izena: Knautia arvensis
Beste izen batzuk: atze-belar.
Deskribapena
Hazteria (sarna) eta izurrite beltzak eragindako
azaleko zauriak garbitzeko erabilia izan da. Hazteriaren kontrako
erabileragatik datorkio euskal izena, hazteri-belar edo hatz-belar.
Dauzkan taninoei esker infusio eran hartuta odola garbitzeko balio du,.
Hostoak barazki plateretan, zopetan eta tortiletarako erabil daitezke, betiere loraldia baino lehen bildutakoak.
Izen
zientifikoa Christoph Knaut (1.638-1694) botanikari alemanaren omenez
batetik, eta arvensis lurra landutako sailetan hazten denari dagokio.
Lilium pyrenaicum
Zitoria horia
Bubanik emandako izena:
Beste izen batzuk: zitori horia, zitori gorria, melira.
Deskribapena
Grekoko leirion , lirio, hitzaren latinez dagokion hitza da lilium. Pyrenaicum, Pirinioetakoa, alegia.
Badirudi
euskarazko izenak bere baitan duela “horia” kolorea. Kolore nagusia
horia izaten du gehienetan, nahiz badiren gorrirako joera dutenak ere.
Pirinioetako belardi eta harri tarteetan ugari izaten da udan lore eder hau.
Kiratsa
dario loreari, horregatik gazteleraz “lirio fétido” bezala ere
ezagutzen da. Lis lorearen eredu, Borbondarren kastaren ikurretako bat
da.
Lotus corniculatus
Mendiko usobelarra
Bubanik emandako izena: Mullaghera communis
Deskribapena
Hirusta itxurako landare herrestaria da. Abereentzako bazka ona da, sustratu ezberdinbetara moldatzen iaio eta ganaduak zuzenean bazkatzeko edo ontzeko egokia delako. Britainia Handian hemen baino erabiliagoa da.Apikulturan ere badu garrantzia, apirilean loratzen denean erle asko hurbiltzen bai da larreetara bere nektarraren bila.
Loreak zianuroa (gai guztiz toxikoa) sortzeko gai dira defentsa mekanismo bezala, bereziki onddoen aurka.
Ameriketako Estatu Batuetako zenbaitetan eta Australian espezie inbaditzailetzat dute.
Lythrum salicaria
Egur-belarra
Bubanik emandako izena: Chabrea vulgaris
Deskribapena
Hostoak egosita jan izan dira, karetan aberatsak dira.Antibiotiko ona da, batipat tifusaren aurkakoa. Azala garbitzeko sendabelar aproposa da. Bularreko haurren beherakoa sendatzeko bereziki egokia. Sudurreko odol jarioak eteteko, sudur-zuloa belar honekin betetzen da.
Lur eskasetan eta batez ere hezeetan bizi da. Landarea ikusiz gero, ura dagoen seinale.
Lythrum izena, itxuraz, grekoko “lythron” hitzetik datorkio, honek odola esan nahi du, loreen kolorea dela eta, nonbait...
Bere loreak mihi luzea duten intsektuek –tximeletek, erleek...- polinizatzen dituzte.
Landare bakar batek hiru milioi hazi eman ditzake urte bakar batean. Haizeak eta urak zabaltzen dituzte. Inbaditzailea da eta behin asentatuz gero kendu edo galtzen ikaragarri zaila.
Dirudienez, batetik bestera dabiltzan itsasontziak orekatzeko lasta gisa jartzen zen lur eta uretan zabaldu da mundu osoan.
Mentha suaveolens
Menda
Bubanik emandako izena:
Beste izen batzuk: batana, astamenda, astobatana, kukusobelar, mendeza, txortaloa, ardi-belar, erraldo-belar.
Deskribapena
Grekoko minthê hitzetik dator latineko mentha.
Egundo erabiltzen den landare izen zaharrenetakoa omen, 4.000 urte
behintzat baditu, nonbait. Mitologia grekoan Persefonek landare honetan
bihurtu zuen ninfa bat zen.
Egiptoarrek hileta errituetarako
erabiltzen zuten. Erromatarrentzat, inteligentzia areagotzeko
erabilgarriak ziren eta etxeetako menda usainak abegikortasuna
adierazten zuen. Erdi Aroan, ahoko zauri, zakur hozkada eta intsektuen
aurka erabiltzen zen eta baita hortzak zuritzeko eta baita esnearen
gatzatzea ekiditeko ere.
Arratoi eta saguek ez dute mendaren usaina
gogoko, eta horregatik karraskariak hazi biltegietatik urrun mantentzeko
erabili izan da.
Genero honetako beste landare guztiak bezala, etxeko sendagai bezala erabiltzen da gaitz askoren aurka.
Hostoekin
gelatina bat egiten da eta baita plater askori zapore eman ere,
adibidez kus-kusari. Tea egiteko ere erabiltzen da eta baita entsaladak
gozatzeko ere. Tomate eta azarekin ondo uztartzen da.
Menda hostoen estraktua eltxoen aurkako lozio bezala erabil daiteke
Menda olioa intsektizida jasangarri edo ekologiko bezala erabiltzen da, erle, liztor, txingurri eta kakalardoen aurka.
Euskal
Herriko zenbait lekutan, sorta bat hartu eta logelatako zoko guztiak
berarekin pasatzen ziren eta gero ohepean utzi, arkakusoak uxatzeko.
Horregatik kukuso-belarra.
Narcissus bulbocodium
Lilipa
Bubanik emandako izena: Narcissus turgidus
Beste izen batzuk: txutxupraka , anbulo gaiztoa, narkiso.
Deskribapena
“Narcissus” Pertsiako hizkuntza zahar batetik
dator. Nargesse, begia, zenaren historiari lotua. Greziar mitologian
Écho ninfak, Narcissus harroputz handiustearen arbuioarekin etsita,
mendekuaren jainkosa Nemesisi erregu bat bidaltzen dio. Narcissus,
erreka batean ikusten duen bere islaren aurrean belaunikatzen da. Bere
buru-estimu ikaragarriak kateatuta, hantxe geldituko da bere imajinari
begira hil arte. Hil zen hartantxe bere odoletik sortu zen nartziso
lorea, behera makurtua.
Bulbocoium, grekoko bôlbôs, erraboila, eta kodion, artile, hitzetatik dator.
Europan
40 lilipa espezie inguru dira. Oso lore erabilia da lorategietan, eta
moztuta saltzeko, dituen kolore eta formagatik estimatua. Mendi eta
basoetan, neguaren amaieran, sasoi berriaren atarian lehenengoetako
lorea da, zenbaitetan paisaia harrigarriak sortuz.
Oxalis acetosella
Barrabas belarra
Bubanik emandako izena: Oxys pliniana
Beste izen batzuk:
basoetako mingotsa, ahago, ahagorri, andera-belar, andera-garratz,
arbi-azal, azanun, basoetako murigatsa, belar garratza, gazi, hiruorri,
mongots, irorri mingatz, irorri minkaitz, matxin-belar, matxin garratz,
mineta, mineta, mingarratz, mingots, ozpin-belar, pago
andereke,pin-belar, txomin-belar.
Deskribapena
Generoa oxys (gogor) eta hals-etik (gatza) eratorria da. Acetosella, acitum, ozpinetik dator, hostoek duten garraztasunagatik.
Hostoek
duten formagatik, askotan hirustarekin nahasten da eta horregatik St
Patrick eguneko opari da. Gauez eta euria ari duenean, hosto eta loreak
uzkurtu egiten dira. Udako egun beroenetan ere, hostoak biltzen ditu,
eguzki izpi indartsuenak ekiditearren. Hostoak biltzen hasten denean,
ekaitza datorrela iragarriko dio begirale aztiari.
Hostoetatik
ateratako zukua, tinta eta herdoil orbanak kentzeko produktuak egiteko
erabili izan da industrian. Baita autoen erradiadoreetan desinkrustante
bezala, eta beste metal batzuk garbitzeko.
Erdi Aroa arte zopa eta
entsaladei zaporea emateko erabiltzen zen, ozpina bailitzan. Hostoetatik
edari freskagarri bat atera daiteke, limoizkoaren antzekoa. Lehortzen
utzitako erreboilak ere gozoak dira.
Pinguicula grandiflora
Muki-belarra
Bubanik emandako izena: Pinguicula grandiflora
Beste izen batzuk: ametz-belarra, mokobelarra.
Deskribapena
Lore deigarriak emateaz gain, hostoen gainean
izaten duen mukiak ematen dio berezitasuna landare honi, baita
euskarazko izena ere. Landare haragi-jalea, edo hobe esan intsektu-jalea
da. Horretarako du mukosa, lur gainean zabalduta dituen hostoen
gainetik igarotzen diren intsektuak mukian itsatsita harrapatu, ondoren
hostoak bi ertzetatik erdialdera bildu eta liseritzeko. Bakterizida
indartsu bat ere jariatzen du, mukian harrapatutako intsektuak liseri
artean usteldu ez daitezen. Bakterizida hau ezaguna izan da, aziendari
zauriak sendatzen laguntzeko muki-belarraren hostoak jartzen bai
zitzaizkien. Europako iparraldean -Norvegia, Suedia...- hosto hauek
esnea gatzatu edo mamitzeko erabiltzen da
Zoko hezeetan eta erreka bazterretan izaten da.
Potentilla erecta
Zazporria
Bubanik emandako izena: Potentilla erecta
Deskribapena
Zazpitan banatutako hostoa du, hortik zazporria izena.Zain lodikotearekin beherakoa gelditzeko lozio bat egiten da. XVIII mendeko itsasgizonek fede handia zioten.
Potentilla izena, sendagai bezala duen indarragatik datorkio, latineko “potentia”-tik. Lehen Tormentilla deitzen zitzaion, haginetako mina kentzeko ere usu erabiltzen bai zen.
Kosmetikan, kremak, xaboiak, desodoranteak etab. egiteko enplegatzen da.
Premia izanez gero jan ere egin da sustraia.
Sustrai hau bera, larrua gorriz tindatzeko ere erabili izan da.
Lur azidoetan bizi da, eta lur mota hau non denaren adierazle ona da.
Potentilla reptans
Zaingorri bostorria
Bubanik emandako izena: Potentilla reptans
Beste izen batzuk: antzarra-belarra, bostorria, zangorri, zingorri, bostosto.
Deskribapena
Euskal izenek gehienetan badute izana ere, eta
kasu honetan argia da. Zazpiorriak (Potentilla erecta) zazpitan
banatutako hostoak dituen eran, zaingorri bostorriak bostetan ditu
banatuak.
Potentilla hitzaren jatorria, potentia (senda belar bezala
duen indarragatik) eta illa (diminutiboa) hitzak dira. Hau da, ezaugarri
sendagarri handia lore txikian. Reptans bere lur gainean zabaltzeko
joeragatik.
Loreak erdi itxita geratzen dira eguraldi lainotsuarekin
eta guztiz itxita gauean. Honela autoernalketa gertatzen da, anterek
estigmak ukitzen dituztelako.
Hosto berriak entsaladetarako osagai bezala egokiak dira.
Zimurren aurkako krema askoren osagaietako bat da bostorria.
Primula vulgaris+Primula veris
San Jose lorea
Bubanik emandako izena: Primula suaveolens+ Primula veris
Deskribapena
San Jose lore goiztiarra, udaberri lore goiztiarra, bedats lilia, bitxileta, ostaiska, ostorika, pitxilindra, udaberri lorea,
Latinezko primus izenak udaberriko lehenengoa adierazten du, udaberrian lehen loratzen dena alegia.
Mitologian, Bertha jainkosak umeak bere jauregi magikora erakartzen zituen San Jose lore ederrak erakutsiz.
Erabilera
zabala du sukaldaritzan. Hosto berriak, gordinik edo prestatuta jan
daitezke, baita zopen gehigarri bezala ere. Uki latza izanagatik zapore
arina du. Loreak entsaladetarako gehigarri bezala erabiltzeko egokiak
dira eta baita barazki bezala ere. Ireki berritan jasotako loreak, ura
eta azukretan hartzituta ardo goxo bat egiten da. Hosto zein loreekin
sirope eta teak egin litezke.
Haziekin olioa egiten da. Olio hau oso
erabilia da sukaldaritzan. Gainera, ezaugarri terapeutiko asko ditu,
zenbait azido graso eta omega 6 famatua dituelako. Primula olioa
lagungarria da bihotzeko gaixotasunak ekiditeko, defentsak indartzeko
eta emakumeetan hilekoa erregulatzeko edo menopausian laguntzeko,
besteren artean.
Smilax aspera
Endalaharra
Bubanik emandako izena: Smilax aspera
Deskribapena
Basoetako sastraketan landare igokaria da. Arantza ederrez heltzen die aldameneko landareei. Landare arrak eta emeak bereiziak dira. Udazkenean emea nabarmena da, hostajea soildu eta fruitu gorri distiratsuz osatutako mordo zintzilikarioak erakusten bai ditu.Udaberriko puntta berriak zainzurien gisara jaten dira.
Bere sustraiekin egiten da zarzaparrilla deituriko edaria. Espainian du jatorria eta, dirudienez Coca-cola edariaren sorburu izan eta oraindik ere osagai du. XIX mendean freskagarri ezagunenetakoa izan zen.
Sifilia eta gaitz ugariren aurka erabili izan da.
Saponinak ditu, xaboiaren lana egiten dute eta era berean toxikoak dira. Dirudienez, osagai honek onddoen erasoetatik babesten du landarea.
Zarzaparrilla izena, sasia adierazten duen “saras” arabeak eta igokaria esan nahi duen “parrilla”-k osatzen dute.
Tamarix sp
Milazka frantsesa
Bubanik emandako izena:
Deskribapena
Ura maite du eta gatzak kalterik eragiten ez dionez itsasertzean eta errioetan bizi da. Bertan ez badu ere, ura bilatzen iaioak diren sustraiak luzeak hondoratzen ditu.Lur sakonetako gatza uretan nahasita hartu eta hostoetan pilatzen du. Hostoak lurrera erortzean gatzak aldameneko landareak kaltetu eta konpetentzia kentzen du. Gaitasun hau baliatuz, lur gaziak garbitzeko eta beste landare gutxi bizi daitezkeen sailak landatzeko erabiltzen da.
Haziak zabaltzen ditu, baina sustraietatik ematen dituen altsumak sortuz eta lurra ikuitzen duten adarrak itsatsiz ere ugaltzen da.
Suteetara ongi egokituta daude eta erretako sailetan erraz berritzen da.
Era berean, bere egurra sutarako eta zurgintzarako ona da.
Hostaje berezia eta loraldi deigarria dituenez, lorategi eta parkeetan erruz erabiltzen da.
Taraxacum officinale
Txikori-belarra
Bubanik emandako izena:
Beste izen batzuk: aitañi-lili, galkidea, gardanbera, lumabelar, txuntxumela.
Deskribapena
Pertsieratik arabierara pasa eta jasoa, belar
garratza adierazten duten talkh chakok hitzetatik. Aipatzen da, baita
ere grekoen taraxos, gaitza, eta akon, sendagai, hitzetatik ote
datorren.
Landarea Santa Brigidaren zeinua da. Esne itxurako
izerdiak, garatxak kentzeko balio du eta esaten dutenez txekor eta
arkumeak elikatzeko egokia da.
Oso erabilpen zabala du sukaldaritzan
eta A, B1, B2, B3, C eta E bitaminen iturri ona da. Espinakek baino
burdin eta kaltzio gehiago du.
Hostoak gordinik edo prestatuta jan
daitezke. Normalki entsaladan jan izan dira, nahiz eta pixka bat
mingotsak izan (neguan gutxiago). Argirik gabe hazten utzi ezkero ez
dira hain mingotsak baina ez dute mineral eta bitamina kopuru bera.
Ireki gabeko loreak entsaladan, txigorrak (buñuelos) egiteko eta ozpinetan gordez gero kapar (alcaparra) bezala erabil daitezke.
Zenbait lekutan ardo eta garagardoa egiten da berarekin.
Sustraiekin egindako kafeak (kafeina gabea!) edo hostoekin egindako teak gibeleko gaitzak sendatzeko balio du.
Ligulekin egindako ur destilatuak azala argitzeko eta bereziki zimurrak kentzeko balio du.
Diuretiko
bezala oso garrantzitsua da; duen potasio gatz kopuruagatik beste
diuretikoekin galtzen diren gatz hauek ordezkatzen bai ditu.
Landare honen loreak konpostaketa azkartzeko erabiltzen den hauts baten osagai dira.
Orain gutxi, erregai konpainia bat bere lantegiak prestatzen ari da txikori-belarrarekin bioetanol moduko bat egiteko.
Landare honek etileno gasa askatuz inguruko landareen garapena eragozten du, baita haien fruituen umotze goiztiarregia.
Metro beteko sakonera arte zabal ditzake sustraiak, eta ondorioz lur sakoneko elikagaiak bereganatu.
Suteen
osteko kolonizatzaile bikaina da, lurrean egoten den hazi kopuru
handiagatik. Hazi hauek 9 urte arte egon daitezke lo zorroan garatu
arte.
Iruzkinak
Simón Artano Garmendia 2013-04-27 19:14 #1
Utzi iruzkina: