2006AN ABANTOKO UDALAK ONARTUTAKO EUSKARAREN ORDENANTZAK

axolaelkartea 1456131269956 Axola Euskara Elkartea | 2007-05-09 13:12

2006ko otsailaren 23an ospatutako udal-batzarrean, Abantoko Udalak euskararen-ordenantzak onartu zituen.

Interesgarria iruditu zaigu ordenantzak plazaratzea eta abantotar guztion eskura jartzea.

Ordenantzak betetzea eta paper errean ez geratzea guzti-guztion zeregina da, horregatik erabaki dugu blog honetan jartzea.

Honen inguruko zalantzaren edo kritikaren bat baldin baduzue, jakinarazi mesedez ahalik eta azkarren eta guk bideratuko dugu.

Eskerrik asko beti bezala zure laguntzagatik.

 

            EUSKARAREN ERABILERA SUSTATU ETA NORMALIZATZEKO UDAL ARAUDIA

               

ABANTO-ZIERBENAKO UDALA

Aurkibidea

Sarrera 

1. ATALBURUA: XEDAPEN OROKORRAK

2. ATALBURUA: EUSKARAREN NORMALIZAZIOA UDAL ADMINISTRAZIOAN

2.1. Administrazio egintzak eta jarduerak

2.1.1. Udalaren idazkun, errotulu eta seinaleak

2.1.2. Udal erregistroko agiriak

2.1.3. Administratuekiko harremanak 

2.1.4. Instituzio eta erakunde ofizialekiko harremanak 

2.1.5. Udalaren ebazpenak eta argitalpenak

2.1.6. Batzarrak eta aktak 

 

2.2. Udal langileak eta udal atalak euskalduntzea

2.2.1. Langileen euskalduntzea eta trebakuntza 

2.2.2. Hizkuntz eskakizunak eta derrigorrezko datak 

2.2.3. Udalaren atal elebidunak eta udalaren euskara plana 

2.2.4. Udal langileen eta zerbitzuen kontratazioa 

 

3. ATALBURUA: EUSKARAREN ERABILERA UDALERRIAN 

4. ATALBURUA: UDALAREN AZPIEGITURA 

5. ATALBURUA: XEDAPEN GEHIGARRIAK

6. ATALBURUA: XEDAPEN INDARGABETZAILEA

7. ATALBURUA: AZKEN XEDAPENA

Eranskinak


Sarrera

Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak dioenarekin bat, euskara eta gaztelania dira Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak, eta erkidegoko herritar guztiek badute hizkuntza ofizial biak jakin eta ahoz zein idatziz erabiltzeko eskubidea.

Bestalde, hizkuntza dela-eta inork bereizkeriarik jasan ez dezan, lege orokorrek Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-botereei esleitzen diete, haien eskumenen esparruan, bai hizkuntza ofizial bien erabilera bermatu eta arautzeko eskumena, bai eta ezagutza eta normalizazioa bizkortzeko neurriak ezartzeko ahalmena ere.

Hortaz, indarreko legeria oinarri harturik, Abanto-Zierbenako Udalak, herritarren hizkuntz eskubideak bermatu eta hizkuntz egoera normalizaturantz abiatzeko beharrezko urratsak egin gura dituela, ontzat ematen du Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Araudi hau indarrean jartzea, bertan jasotzen baitira udalak barne jardunbidean, herritarrekiko eta beste instituzio edo erakunde ofizialekiko harremanetan eta gizarte-bizitzan euskararen erabilera suspertzeko eta normalizatzeko bete beharreko arauak.
 

1. ATALBURUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua Euskara, Euskal Herriko berezko eta jatorrizko hizkuntza eta haren nortasun ezaugarri nagusia den aldetik, Abanto-Zierbenako herritarren eta udalerri honen ondare kulturalaren ukaezinezko atala da.

2. artikulua – Euskara eta gaztelania, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialak, Abanto-Zierbenako udalerriaren eta Abanto-Zierbenako udal administrazioaren hizkuntza ofizialak dira.

3. artikulua Hizkuntz ofizialen erabilerari -eta bereziki euskararenari- dagokionez, Abanto-Zierbenako Udala eta haren menpeko organo eta erakundeak indarreko legeriari eta araudi honetako xedapenei lotuko zaizkie, barne jardunbidean nahiz administratuekiko hartu-emanetan edo udalerriko ekimenetan.

Era berean, hizkuntza ofizialen erabilerari dagokionez -batik bat, euskararen erabilerari dagokionez- udal zerbitzuak betetzen dituzten enpresek men egingo diote indarreko lege orokorrek eta araudi honek xedatzen dutenari, udalaren zerbitzua betetzean administrazioarekin nahiz herritarrekin sortzen diren harreman guztietan.

4. artikulua – Euskaraz bizi edo jardun nahi duten herritarren hizkuntz eskubide eta aukeraketa errespetatu eta, aldi berean, udalerriko esparru guztietan euskararen berreskurapena eta normalizazioa areagotzeko helburuz, Abanto-Zierbenako Udalak elebitasunaren aldeko hizkuntz politika sustatu, zehaztu eta garatuko du.

5. artikulua – Abanto-Zierbenako Udalak eremu bereizi biren arabera zehaztu, antolatu eta gauzatuko du bere hizkuntza politika: udal administrazioa eta udalerria. Udalak eremu bakoitzeko helburu, neurri, erritmo eta baliabiderik egokienak finkatuko ditu, hizkuntz egoera eta beharrizanak aztertu ostean.

 

2. ATALBURUA

EUSKARAREN NORMALIZAZIOA UDAL ADMINISTRAZIOAN

6. artikulua – Euskararen erabilera eta normalizazioa arautzen duen indarreko legeriari jarraituz, Abanto-Zierbenako Udalaren administrazioko hizkuntz normalizazio prozesuaren hiru oinarri nagusiak honakoak izango dira: administrazio egintza eta harremanen eskaintza euskaraz bermatzea, lanpostuen hizkuntz eskakizunak eta derrigorrezko datak esleitzea eta euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta garatzea.

 

2.1. ADMINISTRAZIO EGINTZAK ETA JARDUERAK

7. artikulua – Euskarak Abanto-Zierbenako udal administrazioaren zerbitzu hizkuntza -eta, hala badagokio, lan hizkuntza- izan behar du. Udaleko lanpostuetan barruko zereginak zeinahi hizkuntzatan betetzen direla ere, administratuei zuzenduriko edo administratuekin lotutako administrazio egintza eta jarduera guztiak euskaraz ere eskaini eta burutu beharko dira.

 

2.1.1. Udalaren idazkun, errotulu eta seinaleak

8. artikulua – Abanto-Zierbenako Udalaren arlo, sail, bulego eta lanlekuetan ikusten eta erabiltzen diren idazkun guztiak ele bitan agertuko dira:

a)      Bulego eta langeletako errotuluak eta bestelako adierazleak.

b)      Udalaren orri, inprimaki eta dokumentu guztien idazpuruak.

c)       Gomazko zigiluak, seiluak eta antzeko tresnak.

d)        Udal langileen jantzietan txertatutako idazkunak.

e)        Udalaren ibilgailu, garraio eta makineriako idazkunak.

9. artikulua – Kale eta auzoen izenak ageri diren plakak, trafiko seinaleak, bide eta zeharbideen adierazgarriak eta, oro har, udalak jarritako herri-bideko iragarpen guztiak hizkuntza ofizial bietan idatziko dira, betiere ulergarritasuna eragotzi barik eta nazioarteko arauei jaramon eginez.

2.1.2. Udal erregistroko agiriak

10. artikulua – Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak agintzen duen legez, udaletxera sartzen eta udaletxetik ateratzen diren agiriak jatorriz idatzita dauden hizkuntzan edo hizkuntzetan inskribatuko dira udal erregistroan.

11. artikulua – Udal erregistroak egiten dituen ziurtagiriak eta bestelako agiriak euskaraz eta gaztelaniaz idatziko dira.

 

2.1.3. Administratuekiko harremanak

12. artikulua – Udal administrazioarekiko harremanei dagokienez, Abanto-Zierbenako Udalak honako oinarrizko hizkuntz eskubideok aintzatesten dizkie bere administratuei, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzezko 10/1982 Legeak arautzen duenarekin bat:

a)   Udalarekin eta haren menpeko edozein erakunderekin euskarazko ahozko eta idatzizko harremanak izateko eskubidea.

b)   Bai udalaren argitalpenak bai udalak egunkari, aldizkari, irrati eta beste edozein komunikabidetan argitara ematen dituen jakinarazpen eta xedapen guztiak euskaraz jasotzeko eskubidea.

c)   Udalaren osoko bilkura eta batzarretan euskaraz egiteko eskubidea.

d)   Udalak antolatzen, kudeatzen edo bultzatzen dituen ikasketak euskaraz egiteko eskubidea.

13. artikulua – Egoitza Abanto-Zierbenako udal mugartean, Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroako lurralde euskaldun eta mistoan daukaten pertsona fisiko zein juridiko eta pribatuentzako berri-emate eta agiri guztiak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, interesdun pribatuek beren beregi Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bakarrean jasotzea hautatu ezean.        

14. artikulua – Udal administrazioak ontzat eman beharko ditu pertsona fisiko nahiz juridiko eta pribatuengandik jasotzen dituen euskara edo gaztelania hutsezko berri-emate eta agiri guztiak.

15. artikulua – Inprimaki guztiak hizkuntza ofizial bietan eskainiko dira.

 

2.1.4. Instituzio eta erakunde ofizialekiko harremanak

16. artikulua Abanto-Zierbenako Udalak dokumentazio guztia hizkuntza ofizial bietan bidaliko die Euskal Autonomia Erkidegoko eta euskara hizkuntza ofiziala duten Nafarroako Foru Erkidegoko herri-administrazio eta erakunde ofizialei.

 

2.1.5. Udalaren ebazpenak eta argitalpenak

17. artikulua – Udalaren bandoak, araudiak, ordenantzak, edozein motako ebazpen eta erabakiak, iragarkiak eta, oro har, jendaurreko argitalpen guztiak hizkuntza ofizial bietan argitaratuko dira. Bestalde, udalaren web orri, aldizkari, berripaper, gida eta antzeko argitalpenetan euskararen erabilera gaztelaniaren parekoa izan dadin bermatu beharko da.

 

2.1.6. Batzarrak eta aktak

18. artikulua - Abanto-Zierbenako Udalaren osoko bilkuretan, gobernu batzordearen batzarretan edo informazio batzordeen batzarretan, partaideek nahi duten hizkuntza ofiziala erabili ahal izango dute, eta hala jakinaraziko die organoko arduradunak. Behar izatekotan, organo bakoitzak aztertu eta erabakiko du zein bitarteko baliatu hizkuntza dela-eta bileraren funtzionamendua oztopatu ez dadin eta kide guztien adierazpenak modu zehatzean entzun eta jaso daitezen.

19. artikulua - Abanto-Zierbenako Udalaren osoko bilkuretarako nahiz gobernu batzordeetarako deialdiak eta aktak hizkuntza ofizial bietan argitaratuko dira.

20. artikulua - Udalaren informazio batzordeetarako deialdiak eta aktak batzorde bakoitzaren ohiko hizkuntzan idatziko dira. Hala ere, pertsona, erakunde edo elkarteren batek deialdiak eta aktak beste hizkuntza ofizialean edo ele bietan jaso gura baditu eta idatziz hala eskatzen badu, batzordeak erabakiko du zein bitarteko jarri haren hizkuntz eskubideak berma daitezen.

 

2.2. UDAL LANGILEAK ETA UDAL ATALAK EUSKALDUNTZEA

2.2.1. Langileen euskalduntzea eta trebakuntza

21. artikulua – Euskadiko Funtzio Publikoari buruzko Legeak eta 86/1997 Dekretuak xedatutakoa betez, Abanto-Zierbenako Udalak taxuzko neurriak hartuko ditu bere zerbitzura lan egiten duten pertsonek euskaraz ere jarduteko gaitasun egokia lor dezaten. Horretarako, udalak langileen euskalduntzea eta trebakuntza bultzatu eta erraztuko ditu.

 

2.2.2. Hizkuntz eskakizunak eta derrigorrezko datak

22. artikulua – 86/1997 Dekretuak araututakoa betetzeko, Abanto-Zierbenako udal administrazioko lanpostu bakoitzari hizkuntz eskakizuna esleituko zaio eta, hala badagokio derrigortasun-data ere bai, betiere dekretu horrek ezarritakoekin bat.

 Lanpostuen hizkuntz eskakizunak eta, hala badagokio, derrigortasun datak udalak urteko aurrekontuekin batera eman beharreko lanpostu zerrendako zehaztapenetan ageriko dira.

 

2.2.3. Udalaren atal elebidunak eta udalaren euskara plana

23. artikulua – 86/1997 Dekretuari jarraituz, Abanto-Zierbenako Udalak euskararen erabilera normalizatzeko plana diseinatu, onartu eta gauzatu beharko du. Modu berean, administrazio atalen sailkapena egin eta, erakundearen hizkuntz helburuen arabera, zenbait administrazio atal elebidun izendatuko ditu.

 

2.2.4. Udal langileen eta zerbitzuen kontratazioa

24. artikulua – Udal langileen kontratazio politikaren bidez, Abanto-Zierbenako Udalak bultzada emango dio erakundeko hizkuntz normalizazio prozesuari, batez ere euskalduntzearen beharrizanik handiena duten atalei dagokienez. Horrela, bada, jendaurreko administrazio-unitateetan nahiz gizarte-izaerako ataletan edozein lanpostu sortzean, kontratu mota edozein dela ere, hizkuntz eskakizuna egiaztatu beharko da.

25. artikulua – Aurreko artikuluan aipatutako administrazio ataletakoak ez diren lanpostuak betetzerakoan, euskara merezimendua izango da hautespen probetan, eta puntuazio osoan 86/1997 Dekretuak ezartzen duen portzentaia izango du, ondoko eran:

 

          1. HE eta 2. HE: %10; 3. HE eta 4. HE: %20

 

26.- artikulua - Aldi baterako lanak egiteko lan-kontratuko beharginak aukeratzeko deialdietan, euskara ezagutzea eskatu edo baloratuko da, betiere 86/1997 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarrian finkatutakoei jarraituz.

Gerta daiteke hirugarren batek zerbitzuak eman behar izatea udalaren ordez, eta horietan herritar edo erabiltzaileekin zuzeneko hartu-emanak eduki behar izatea. Halakoetan, zerbitzu-emaileak udalari dagozkion hizkuntza-beharkizun berberak bete beharko ditu, eta hala jasoko da beren beregi administrazio-klausula berezien pleguan.         

27. artikulua – HAEE-IVAPek kasuan-kasuan erabakiko du euskarari buruzko ebaluazio-proben era eta edukia zelakoak izango diren.

 

3. ATALBURUA

EUSKARAREN ERABILERA UDALERRIAN

28. artikulua – Abanto-Zierbenako Udalak beharrezko neurri eta bitartekoak jarriko ditu udalerrian euskararen hedapen demografiko, geografiko eta funtzionala bultzatu eta lortzeko.

29. artikulua – Abanto-Zierbenako euskaldunen kopurua %15 eta 50 bitartekoa izanik, udalak ahaleginak egingo ditu helburu bi jadestearren: 1) herritar euskaldunen kopurua handitzea; 2) herritar euskaldunei euskarazko zerbitzuak eskaintzea, gizarteko hainbat esparrutan euskaraz jardun eta, ahal den neurrian, euskaraz bizi izan daitezen. Hori guztia egingo du erabileran arreta berezia jarriz eta familiak plangintzetan inplikatuz. 

30. artikulua – Goiko artikuluan zehaztutako helburuak modurik sistematizatu eta eraginkorrenean lortu ahal izateko, Abanto-Zierbenako Udalak udalerrian euskara berreskuratu eta normalizatzeko plan estrategikoa diseinatu, onartu eta garatuko du Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko B1 ereduaren jarduera-lerroei jarraituz.

31. artikulua – Abanto-Zierbenako Udalaren udalerri mailako plan estrategikoak berebiziko garrantzia emango die Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak euskaldun kopuru txiki-ertaineko udalerrientzat lehenesten dituen gizarteko jardute-esparruei: irakaskuntza, helduen alfabetatzea eta euskalduntzea, euskararen ondorengoetaratzea familia bidez, administrazioa, aisia, komunikabideak eta kulturgintza. Hala eta guztiz ere, planak euskararen sustapena jorratu ahal izango du beste zenbait esparrutan ere: teknologia berriak, lan mundua, kirola, erlijioa, euskararen corpusa, liburugintza eta publizitatea.

Atalburu honek duen helmugari eutsita, beste esparru batzuetan hartuko diren neurriez gain, honako hauek indarrean sartuko dira udal araudi hau onartua den unetik aurrera:

 

a)       Euskara idatziaren erabilera sustatzeko, Udalerriko elkarteei eta taldeei Udalak publizitate-euskarrietako testuen itzulpenak egiteko zerbitzua eskainiko zaie.

b)       Udalak diruz laguntzen duen edozein kultur edota kirol ekitaldi iragartzeko  erabilitako euskarri guztiak elebidunak izatea ezinbesteko baldintza izango da dirulaguntza jasotzeko.

c)       Udalak diruz laguntzen ez duen Abantoko eremuan egingo den edozein kultur edota kirol ekitaldi iragartzeko euskarrien kostuaren % 25 ordainduko du, baldin eta aipatutako euskarriak elebidunak badira.

d)       Udalerriko jai guztietan, musika arloari dagokionez, udalak euskal musikaren  %50 eko presentzia ziurtatuko du.

 

4. ATALBURUA

UDALAREN AZPIEGITURA

32. artikulua – Araudi hau modurik eraginkorrenean gauzatu eta garatzeko beharrezkoak diren neurriak proposatu, aztertu eta abian jartze aldera, Abanto-Zierbenako Udalaren barne organigrama honako era honetan era daiteke: udal euskara batzordea, euskara kontsulta taldea eta euskara normalizatzeko udal zerbitzu teknikoa:

a)   Udal euskara batzordea euskararen berreskurapen eta normalizazioarekin zerikusia duten gaiez arduratzen den antolakunde politikoa dugu. Bi zeregin nagusi izan behar ditu: batetik, udalak hizkuntz politikaz hitzartutako akordioak, hartutako erabakiak eta onartutako planak aditzera eman eta betearaztea, eta bestetik, euskara batzordea dinamizatu eta bizkortzea.

b)   Euskara kontsulta taldea hainbat gizarte esparrutan euskararen normalizazioaren alde diharduten pertsonek, taldeek, elkarteek, gizarte-erakundeek eta ikastetxeek osatu behar dute. Bere egiteko nagusia ondokoa izango da: euskararen normalizazioari eta sustapenari dagozkion arlokako egitasmoak eta plangintzak zelan ezarri, zelan koordinatu eta zelan hobetu proposatzea eta adostea. Honetaz gain, araudi honen betetze mailaren segimendua egingo du,  horretarako urtero ebaluazio txostena idatziko du. Txosten hau udalerriko alderdi politiko, elkarte eta talde guztiei bidaliko die udalak.

c)   Euskara normalizatzeko udal zerbitzu teknikoak, jendaurreko administrazio egintza eta jarduerak hizkuntza ofizial bietan agertzeko behar diren itzulpen eta testu-zuzenketez arduratzeaz gain, administrazio nahiz udalerri eremuetan udalak planifikatutako hizkuntz politikako neurriak antolatu, koordinatu, gauzatu eta balioztatu beharko ditu. Orobat, euskara zerbitzua udalaren aholkularitza zerbitzu ofiziala izango da euskararen normalizazioaren inguruko gai tekniko guztietan, hala soziolinguistikoetan nola estandarizazio prozesukoetan.

 

5. ATALBURUA

XEDAPEN GEHIGARRIAK

33. artikulua – Udalak etorkizunean ematen dituen ebazpenek eta udal arlo edo organoek abian ipintzen dituzten egitasmoek araudi honetan jasotako manuak errespetatu beharko dituzte.

Euskara arloko kargudun politikoa arduratuko da udal sail eta zerbitzu guztiei araudi honen indarrean jartzea jakinarazteaz, araudiaren xedapenei buruzko argibideak emateaz eta hizkuntz normalizazioa aintzat hartzearen garrantzia ulertarazteaz.

34. artikulua – Euskararen Erabilera Sustatu eta Normalizatzeko Araudi hau indarrean sartu eta bost urteren buruan udalak haren berrikuspen orokorra egingo du: emaitzak aztertu eta, beharrezkotzat joz gero, komenigarri diren aldaketak proposatuko ditu.

Dena dela, berrikuspena lehenago egin liteke lege orokorretan zein egoera soziolinguistikoan aldaketak egongo balira, baita udalerriko euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuarentzat garrantzi handikoa izan litekeen beste edozein ziogatik ere.

 

6. ATALBURUA

ALDI BATERAKO XEDAPENAK

35. artikulua – 4. atalburuko 32. artikuluko  C atalak zehatzen duen zerbitzu teknikoa 2006ko abenduaren 31 baino lehenago osatuko da.

36. artikulua - 3. atalburuko 31. artikuluak aipatzen duen  euskara berreskuratu eta normalizatzeko plan estrategikoa diseinatu eta onartuko du Udalak 2006ko abenduaren 31 baino lehenago.

 

7. ATALBURUA

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

37. artikulua – Berez indargabetuta geratzen dira araudi honek xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen eta erabakiak oro.

 

8. ATALBURUA   AZKEN XEDAPENA

38. artikulua – Araudi hau indarrean hasten den unetik bertatik Abanto-Zierbenako Udalak eskumena izango du xedapenok ezarri eta garatze aldera beharrezkoak diren arau, erabaki edo egitarau bereziak manatu eta sustatzeko.

 

Eranskinak

1.   Euskara sustatzeko neurriak udalerriaren eremuan.

2.   Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-      administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.

3.   EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmena, toki erakundeei laguntza       teknikoa emateko izen toponimikoen arloan.

 

ERABILERA SUSTATZEKO NEURRIAK UDALERRIAREN EREMUAN

Abanto-Zierbena

 

    IRAKASKUNTZA

 

Ÿ        Belaunaldi gazteak kalitatezko hezkuntzaren bidez euskalduntzea udalerriko hizkuntz normalizazioaren bermerik handiena izango da. Zio horregatik, Abanto-Zierbenako Udalak irakaskuntza sistemako euskal ereduak ezagutarazteko eta prestigiatzeko informazio saioak, kanpainak eta abar bultzatuko ditu.

 

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak beharrezko proposamenak egingo ditu herriko ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko planak diseinatu eta gauzatzeko, baita planen jarraipen eta koordinazioa bideratzeko ere.

 

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak beharrezko proposamenak egingo ditu udalerriko ikastetxeetan eskola-orduz kanpoko euskarazko jardueren eskaintza bermatu eta urtez urte gehiagotzen joan dadin.

 

 

HELDUEN EUSKALDUNTZEA

Ÿ   Euskarazko derrigorrezko hezkuntza eta familia bidezko geroratzearen ondotik, udalerrian helduen euskalduntzea eta alfabetatzea dugu euskara berreskuratzeko hirugarren bide nagusia. Hortaz, euskaraz berba egiteko gai diren herritar helduen kopurua handitzeko xedez, Abanto-Zierbenako Udalak  euskalduntze-alfabetatzearen aldeko ekintzak eta kanpainak sustatu eta babestuko ditu.

 

Ÿ       Abanto-Zierbenako Udalak urtean-urtean diru-laguntzak eskainiko ditu euskara ikasten duten herritar helduei euskaltegiko matrikula ordaintzen laguntzeko asmoz.

 

Ÿ Udalerrian euskaraz berba egiteko ditugun aukera eta gune eskasez jabeturik, Abanto-Zierbenako Udalak bultzatu eta lagundu egingo die udalerrian euskaraz egiteko guneak eta egoerak eskaintzen dituzten egitasmoei.

 

Ÿ Euskalduntze-alfabetatze esparruaren barruan, atalase-maila gaindituta dutenentzako eta familientzako egitasmoak lagundu eta bultzatu egingo ditu udalak.

 

 

EUSKARAREN GERORATZEA FAMILIAREN BIDEZ

Ÿ       Familiak eginkizun garrantzitsu eta erabakigarria joka dezake seme-alaben euskalduntze prozesua hobetzeko nahiz belaunaldiz belaunaldiko euskararen jarraipena ziurtatzeko. Horretaz jakinarazi eta sentiberatu nahian, Abanto-Zierbenako Udalak, gurasoen eginbeharrei buruzko informazio eta aholkuak ez ezik, umeak familiaren ingurunean euskaraz hezten lagun dezaketen zenbait zerbitzuren berri ere emango die udalerriko bikote gazteei.

 

Ÿ        Familia euskaldunei begira, euskararen erabilera sustatzeko jarduerak bultzatu eta lagundu egingo ditu udalak.

 

INFORMAZIO ETA KOMUNIKAZIO TEKNOLOGIA BERRIAK

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak euskarazko informatika-programak instalatuko ditu eta euskararen erabilera bultzatuko teknologia berriak ezagutu eta erabiltzeko eratzen dituen egitasmoetan, bereziki gazteei zuzendutakoetan.

 

 

LAN MUNDUA

Ÿ       Abanto-Zierbenako Udalak sentsibilizazioa landu eta laguntzak eskainiko ditu, batetik, udalerriko enpresa eta merkataritzako establezimenduetan hizkuntz paisaia euskaratu eta publizitate iragarkiak euskaraz egiteko eta, bestetik, euskalduntze-plana abian jartzeko.

 

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak neurri egokiak hartuko ditu udalerriko garraio eta gune publikoetako errotulu, ohar, inprimaki, publizitate eta adierazpen guztietan erabiltzaileen hizkuntz eskubideak errespetarazteko.

 

Ÿ        Udalak euskarazko errotuluak jartzeko diru-laguntzen berri emango die udalerrian saltokia zabaltzeko eskabidea egiten duten pertsonei.

 

AISI, KULTUR ETA KIROL JARDUERAK

Ÿ       Udalak eta haren menpeko arlo eta organoek antolatu edo sustatzen dituzten ekitaldi publiko guztietan, euskararen presentzia bermatu beharko da, bai ekitaldian bertan bai publizitatean, aurkezpenetan, agurretan eta abarretan.

 

Ÿ        Edozein pertsonak, taldek edo erakundek ekitaldi publikoak antolatzeko udal instalazioak, hesiak, oholtzak eta edozein udal azpiegitura edo material erabili nahi badituzte, euskararen presentzia bermatu beharko dute, eta hala jakinaraziko die erabiltzeko baimena ematen dienak.

 

Ÿ        Udalak laguntza emango die udalerriko aisi, kultur eta kirol taldeei euskarazko taldeak sor ditzaten.

 

Ÿ        Udalak edo haren menpeko arlo eta organoek ume edo gaztetxoentzat antolatzen dituzten aisi, kultur edo kirol jardueretan euskara izango da hizkuntza arrunt eta lehentasunezkoa.

 

Ÿ        Udalak edo haren menpeko arlo eta organoek helduentzat antolatzen dituzten aisi, kultur edo kirol jarduerei dagokienez, euskarazkoen kopuruak udalerriko euskaldunen ehunekoari eutsiko dio.

 

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak, gehienbat euskara arloaren eskutik, aisi, kultur eta kirol jarduerak eta ekitaldiak antolatuko ditu euskal kultura zabaldu eta euskararen erabilera suspertzeko helburuz.

 

CORPUS PLANGINTZA ETA EUSKARAREN KALITATEA

Ÿ        Abanto-Zierbenako Udalak bere eskumen eremuan finkatuko ditu Abanto-Zierbenako kale, plaza, auzo, auzune, bide, mendi eta erreken izen ofizialak, baita, ahal den heinean, udalerri osoko toponimia guztia ere. Gernikako Autonomia Estatutuak eta Euskararen Oinarrizko Legeak xedatzen duten legez, izendegiko toponimo tradizionalek eta neotoponimoek idazkera bakarra izango dute, euren jatorrizko hizkuntzaren grafia akademikoari dagokiona. Izendapen edo idazkerengatik auzirik sortzekotan, udalak ebatzi beharko du, Euskaltzaindiari kontsulta egin ondoren.

 

KOMUNIKABIDEAK

Ÿ       Abanto-Zierbenako Udalak neurriak hartuko ditu euskarazko hedabideen erabilera sustatzeko, bereziki, eskualde mailakoen erabilera.

 

HITZARMENGINTZA ETA DIRU-LAGUNTZAK

Ÿ       Azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera, udal administrazioari dagokio neurri egokiak hartzea udalerriko gizarte eremu guztietan euskara erabili dadin. Ondorioz, Abanto-Zierbenako Udalak hitzarmen edo konpromiso zehatzak izenpetuko ditu gizarte, kultur, kirol, erlijio, aisi eta merkataritza alorretako erakunde eta taldeekin, euskararen presentzia eta erabilera erakundean bertan nahiz udalerriko gizarte-bizitzan susper dezaten.

 

Ÿ        Udalaren diru-laguntzak jasotzen dituzten gizarte, kultur, kirol, erlijio, aisi edo merkataritza alorretako erakundeek euskararen presentzia eta erabilera bermatu beharko dute bai publizitate eta berri-emateetan bai antolatzen dituzten ekitaldietan, eta hala jakinaraziko die diru-laguntza onartzen eta ematen dien udal organoak.

 

 


Utzi iruzkina: