Apartheid politikoa, urtebete beranduago (Mozioa).
Ehundaka herri kandidatura legez kanpo utzi ondoren, milaka Euskal Herritarren ahotsa isildu nahi izan zen duela urtebete, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian egin ziren Udal hauteskundeetan. Ordutik gaur egunera bitarteko gertaeren kokapena egin eta egoera honen aurrean erabaki politiko bat hartzeko helburuarekin, AUZOARTEKO herri plataformak, honako MOZIO hau aurkezten du, Osoko UdalBatzarrean eztabaidatua eta onartua izan dadin.
2003-ko maiatzaren 25a, Euskal Herriaren historia garaikidearen egunik tristeenetariko bat izan zen. Urtebete pasa da eta egun hartan herriari egin zitzaion iruzurrak indarrean jarraitzen du gaur egun ere. Milaka dira, egun hartan iritzia eman, eta bere erabakia, beste behin ere, errespetatua ikusi ez zuten herritarrak. Gaur da eguna, urtebete pasa ondoren, eta hainbatek herri honentzat aldaketa handiak eman direla aldarrikatzen duen arren, iruzur hark ehundaka udaletan indarrean jarraitzen duena.
Eskubide zibil eta politikoak desagertarazi eta apartheid gordina ezarri zenetik, urte bat beteko den honetan badira batzuk udaletan demokraziaren berrezartzearen 25. urteurrena lotsarik gabe ospatzen dutenak. Francok orain 40 urte, bakearen 25 urte ospatzen zituen bezala. Francok ospatzen zuen bakea, isiltasun inposatuan oinarritzen zen, kanposantuetako bakea zen, egun ospatzen duten demokrazia, eskubide politiko eta zibilen desagerpenean oinarritzen da, bunkerretako demokrazia da.
2.003ko udaberri hartan, espainiar faxismoak herri honen ahotsa debekatuko zuenaren zantzu handiak egonik ere, herriak kalera irten zuen, antolatu egin zen, sinadurak bildu zituen eta guztiaren gainetik, faxismoaren legalitateari baino, herriaren borondateari men egingo ziola aldarrikatu zuen. Zailtasun hauek guztien gainetik, ezkerreko hautu abertzalea zabaldu eta landu nahi izan zuten herritarrek, kanpaina egiteko debekuak, mota guztietako karga polizialak, isunak eta hainbat ukazio gehiago jasan behar izan zituzten
Maiatzaren 25a heldu zen, eta Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaiko herritarrek, beraien borondatea adierazi zuten. Inon ez bezala, herritarren iritziak legalitate antidemokratikoen gainetik jartzen asmatu zuen, beste behin ere, faxismoak herrien iritzia desagertarazteko duen helburua porrotera bidaliaz. Desagertarazi nahi izan zituzten milaka bozka agertu ziren Hego Euskal Herriko hautesontzietan. Bozka horietako bakoitzaren atzean, Euskal Herriak nazio gisa dituen eskubideak errespetatuak izatearen aldeko hautu bat zegoen. Atzerriko edozein legalitateren gainetik, herriaren eta herritarren hitzaren balioan sinesten duten herritarren hautua. Euskal Herriak aurrera egingo badu, espainiar eta frantziar estatuen bidean jartzen dizkiguten kate guztien gainetik pasa beharko dugula, aspalditik dakiten herritarren hautua.
Legalitatearen mozorropean frankismoaren erreforma burutu zuten faxista berberek, gaur egun ere, Madrilen egindako legea erabiltzen dute Euskal Herria estatu espainiarraren baitan preso mantentzeko, herriari borondatea adierazteko bideak ukatzeko, egunkariak ixteko, hizkuntza eskubideak zanpatzeko,...
Eta legalitate hori bera izan zen, 2003ko ekainaren 14an, ehundaka udalen osaketa egunean erreferentzia gisa hartu zena. Herritarrek hautesontzietan emaniko iritziari bizkarra emanaz, Madrilgo faxistek baliogabekotzat jotako milaka herritarren borondatea baztertu zuena. Hautesontzietatik desagertzerik lortu ez zuten errealitatea, Udaletatik desagertarazi nahi izan zuten; milaka herritar, hautatzeko edo hautatua izateko eskubiderik gabe utziaz eta eskubide politikoak ukatuz, bigarren mailako hiritar izatera kondenatuaz.
Gaur da eguna, herritarren borondatea desitxuratu eta demokraziari iruzur eginaz, duela urtebete hautatutako udal horiek, herriaren hitza eta borondatearekin zorretan daudena.
Hori guztia kontutan izanik, honako puntu hauek aurkezten dizkiogu Osoko Udal Batzarrari bertan eztabaidatuak eta onartuak izan daitezen:
1.- Udal honek, tristuraz gogoratu eta ozenki salatzen du, duela urtebete Madrilek gure herriaren eta herritarren eskubide politikoak urratzeko egindako saiakera. Zoritxarrez, ez lehena eta azkenekoa ere izan ez dena.
2.- Udal honek, herritar oro eskubide zibil eta politiko guztien subjektu dela aldarrikatzen du. Era berean, Euskal Herritar orori dagokigu gure herriaren etorkizuna erabakitzea, eta hori lortzeko eta benetako demokrazia bat lortzeko alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile eta instituzio guztiei elkarrizketa eta konponketarako konpromisoa eskatzen die. Udal honek, herritarren hitzaren eta borondatearen gainetik dagoen inongo legalitaterik ez du onartzen.
3.- Plataforma eta herri kandidatura guztien eskubide gabetzearen baitan sortu den egoeraren aurrean protesta egiteko datorren Maiatzaren 25ean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi die udal honek herritarrei.
2004-ko maiatzean.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: