OROIMENEAN

No profile photo AUMATEGI (Barrundia) | 2009-07-19 13:47

José Placer Martínez de Lecea, EAE/ANVko militantea

 

Gerardo Placer eta Feliciana Mz. de Lecearen familia ugariko lehen semea, Pepe, gure familian deitu eta gogoratzen dugun bezala, Ozaetan jaio zen 1896an. Han bizi izan zen gaztetan, bere aita 35 urtez Barrundiako medikua izan zen hartan.

            Jose Placerrek bere herria laster utzi egin behar izan zuen Gasteizera lanera joateko, Ozaetara askotan joaten bazen ere. Abertzaletasun handikoa eta aurrerakoia izaki, bere militantziaren hasieratik EAE-ANVn afiliatua egon zen. Gasteizen sortzailetako bat izan zen 1931. urtean.

Gasteizko Batzordeko idazkaria izanda, EAE-ANV barruan ezker korrontea bultzatu zuen. Jose Placer, Nazio Komite berriko kidea izan zen Araba ordezkatuz. 1936ko hauteskunde kanpainan parte hartu zuen Gasteizen eta Arabako zenbait herritan. Ezkerra gailendu zenean, Arabako Foru Aldundiko gestora berritu egin zen. Eusko Abertzale Ekintzako kideak, Jose Maria Belaustegigoitia eta Jose Placer izan ziren, Ezker Abertzaleak instituzio horretan izan zituen lehen ordezkariak.

            1936ko uztailaren 18an, “altxamendua” eta gero, Gasteizko zenbait alderdikide atzematen zituzten bitartean, Pepek Elgeako mendietatik ihes egitea lortu zuen. Ofeliak, bere arrebak gogora ekartzen digu: “Egun hartan bakarrik nengoen etxean. Aita Narbaizara joana zen gaixo bat bisitatzera eta amak lagundu egin zion. Goizeko 11k izango ziren. Halako batean nire neba Pepe agertu zen. Gipuzkoa aldera joan nahi zuen menditik, bidea ordea, ez zuen ondo gogoratzen. Galtzeko beldurrez, ea nik berari laguntzeko norbait ezagutzen nuen galdetu zidan. Herriko gazte eta konfiantza handiko mutil baten bila abiatu nintzen. Lagundu egin zion, eta gero Gipuzkoan zela esatera etorri zitzaidan (gerora arazoak izan zituen lagundu izanagatik). Pepek alde egin eta gutxira agertu zen Elgeako basozaina. Pepe non zegoen galdetu zidan behin eta berriz, nik ez nekiela esan nion. Atxilotzera zetorren.”

            Jose Placer Donostian altxatutako faxisten kontra borrokatu zen. Bitartean bere anaia Felix eusko itsas armadan ari zen. Aurrerago, Eusko Indarra izeneko godarosteko komandantea izan zen eta Gernikan borrokatu zen Eloy bere anaiaren ondoan. Han preso hartu zuten Gernikako bonbardaketaren ondoren. Ondarretara eraman zuten. Gasteizera eraman zuten, Gobernuak eskatuta. Carmeliten komentuan preso egon zen Lauaxeta zenarekin batera. Berarekin pasa zituen  azken hilabete latz haiek, izan ere biak heriotzara kondenatuta baitzeuden. Biak fusilatu zituzten egun gutxiko aldearekin: Pepe, 1937ko uztailaren 5ean. Bere azken momentuetan lagundu zion Moreno Aitak azaldu bezala, ausardi handiz hil zen “gora Euskadi askatuta” oihukatuz.

            Beti esker onarekin gogoratuko dugu Jose Placer, Barrundiako semea eta EAE-ANVko militantea, beste gizon eta emakumeekin batera, euren testigantza eta Euskal Herriaren aldeko borrokari lotuta bizia eman zutenak.

 

[Félix Placer Ugarte, José Placer Mz. de Lecearen loba]

 


Utzi iruzkina: