HIZKUNTZA NORMALKUNTZAKO PLANA

No profile photo AUMATEGI (Barrundia) | 2009-07-19 14:10

            Euskararen Erabilera Arautzen duen Oinarrizko Legea 1982ko azaroaren 24an onartu zen. Bertan, hainbat eskubide aitortzen zaizkie herritarrei, eta betebehar batzuk ezartzen zaizkie herri-agintariei hizkuntzaren esparruan. Lege horren arabera, herri-agintariek beharrezko neurriak hartu behar dituzte Administrazioaren zerbitzura diharduten langileak euskalduntzeko, eta Administrazioaren lanpostuen zerrendetan jaso behar dute zein lanpostutan den nahitaezkoa hizkuntza ofizial biak jakitea.

 

            Lege hori onartu zenetik 25 urte igaro badira ere, Barrundiako Udalean 2008ko azken osoko bilkuran onartu zen Euskara Plana, batez ere Udalaren barruan euskararen erabilera bultzatzeko eta areagotzeko. Plan hori abiarazteko eta bilatutako helburuak lortzeko, nahitaezkoa da behar diren baliabide guztiak jartzea, eta hala egingo dela espero dugu. Lehenengo eta behin, hizkuntza-normalkuntzako teknikari berri bat kontratatu beharko litzateke, izan ere, plana egin zuenarekin ez da kontratua berritzeko akordiorik lortu eta oraindik ez da inor hartu bere ordez.

 

            Plan hau aho batez onartu zen, nahiz eta ezker abertzaleak agerian jarri zituen huts eta gabezia batzuk:

 

  • Datuak zaharrak dira, 2001. urtekoak. Erroldan ez da, dagoeneko, euskararen ezagutzari buruzko daturik eskatzen eta horrek errealitatea ez ezagutzea dakar. Barrundiaren kasuan, segurua da euskaldunak 2001eko erroldan agertzen direnak baino gehiago direla.
  • Gai hauetan, Administrazioak herritarren aurretik joan beharko luke, eta asmo handiagoak eduki beharko lituzke helburuei dagokienez.
  • Epeak jarri beharko ziratekeen plan hau betetzeko, eta bertako xedapenek “gomendio" hutsak baino gehiago izan beharko lukete.
  • Plana langileek lehendik egiaztatuta zituzten hizkuntza-eskakizunen arabera egin da. Beraz, oso deigarria da jendaurrean dauden bi langileetatik bati bakarrik eskatzea euskaraz jakitea, biei eskatu beharrean.
  • Plana egitean, ez dira kontzejuak aintzat hartu, eta komenigarria litzateke barruan egotea, batez ere herri bakoitzeko biztanleei bidaltzen dieten informazioa euskaraz ere egon dadin.
  • Gure udalean ibiltzen diren teknikariak ere ez dira kontuan hartu (arkitektoa, aparejadorea, gizarte-langilea, gizarte eta kultura-teknikaria, artxibozaina) eta ez da horietaz ezer esaten. Koadrilak egindako kontratazioetan, kontuan hartu beharko litzateke euskararen ezagutza.

Eragozpen horiek gorabehera, plana onartzea onuragarria da. Orain, Barrundiako biztanle guztiok barneratu behar dugu eskubide osoa daukagula gure hizkuntza, euskara, kalean eta udaletxean erabiltzeko.

 


Utzi iruzkina: