Bertsoak

atano 1456131130965 atano | 2008-06-02 13:45

Banoa!

 

1. Nahiz eta oso gustura nengon

    dut hemendik joan beharra

    esan beharra daukat leku hau

    dela munduan bakarra

    buruan ditut une gozoak

    ta begietan negarra

    bihotz barnean hor darabilkit

    urduritzen nauen harra.

 

2. Hemen barruan sentitu arren

    marraskiloen erara

    ate aurrean irteteko prest

    jarri naiz bada ez bada.

    Hona barrura ohituta nengon

    hemen lortzen nun patxada

    ta horregatik horra irteteko

    sentitutzen det ikara.

 

3. Beldurra daukat! Ez dut irten nahi!

    Kanpokoa zer ote da?

    Hemen barruan egondua naiz

    okupa baten antzera

    nere babesa inguru hau da

    ez dut nahi horra atera

    zeba ez naute pakean uzten?

    Hori da nere galdera.

 

4. Horra irtenda sentituko naiz

    babesik gabe bezela

    amarengandik kendu nahi naute

    a ze momento krudela!

    Ahantzi gabe esan behar dut

    jaio-gabe bat naizela

    gaur edo bihar utziko baitut

    nere amaren sabela.

 

5. Gura ez arren beherantza noa

    ez nago oso gustora

    ama ta biok indarka gabiltz

    hura behera ta ni gora

    indarrik ez dut, beraz banoa,

    zuzenean hor kanpora

    hau bezain ona ez da izango

    baina zerbait egongo da…

 

6. Bidean noa ta entzuten det

    medikuen oihartzuna

    irten naizenez, begietara

    heldu zait argitasuna

    ama ta aita begira ditut

    dena da ezezaguna…

    Baina jaio naiz ta jaso nahi dut

    gurasoen maitasuna.

 

7. Zilbor hestea eten digute

    akabo gure lotura

    kostata baino gaur askatu det

    amarekiko aingura

    lehenengo amak ondoren aitak

    nabil eskutik eskura.

    Barruan epel egoten nintzen

    ta hemen hau da freskura.

 

8. “Ene txikia, ai politt hori”
    zenbat laztan ta fereka,

    bi aste hauetan neregan dago

    ingurukoen arreta.

    Nahiz ta amaren sabel barnean

    egon nahi nukeen tarteka

    jaio izanaz ez naiz damutzen

    egiz merezi du eta.


Utzi iruzkina: