EZ DEZAN INOIZ BAKARRIK DAGOELA SENTITU
Etxetik ateratzera zoaz zure burua bidaia luze baterako prestatuz; berriro ere errepidea, berriz kilometroak, istripuren bat izateko beldurra… baina oituta zaude; jada ezinegona ez zaizu arrotza egiten, badakizu zer izango duzun suge beltza amaitzean, begirada berdez osaturiko hormaren atzean, tristura sentsazioaren jabe zara; baina guztiaren gainetik ikusi egin nahi duzu, IKUSI. Iritsi zara basamortura, libre izan nahi duten arimen gotorlekura; sartu zaituzte barrura, gela ilun eta hotz batetara. Itxaroteko esan dizute, zain egon behar duzu, segunduak ordu iruditzen zaizkizu eta itxaroak amaierarik ez duela uste duzu; NOIZ ARTE? Korridoreetan barrena zoaz mamuen laguntzaz, laster iritsiko da unea, ez da asko falta berarekin egon ahal izateko. 40minutu dira baina ez dio axola; badakizu zerbait ezer ez baino gehiago dela, iritsiko da zurekin egongo den eguna, ordurarte dagoenarekin konformatu behar. Atearen aurrera iritsi zara; urduri zaude, ez dakizu zer esango diozun, denbora aprobetxatu nahi duzu, nola ordea? Ikusi duzu azkenean, ezinegona baretu da zure barnean, kezka guztiak alde batera utzi dituzu, garrantzitsuena berarekin egotea dela ulertu duzu. Egun batean agertzeari utz zeniezaiokela otu zaizun momentuei agur esan diezu; laster etxean izango duzu, baina bitartean hor jarrai ezazu, EZ DEZAN INOIZ BAKARRIK DAGOELA SENTITU.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: