Bizitzeko eta hiltzeko eskubidea
Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena onartu zela 60 urte betetzen dira gaur, eta oinarrizko giza eskubide bat indarrean jartzeak hautsak harrotu ditu Britainia Handian. Gaur gauean, herrialde horretako Sky Real Lives kateak eutanasiari buruzko dokumentala eskainiko du, eta bertan azaltzen da nola bere buruaz beste egiten duen argazkiko gizon horrek, Craig Ewert-ek. Baina berak bakarrik ezin egin, gaitz neurologiko sendaezina duelako, eta Suitzako ospitale bateko medikuen laguntzarekin egiten du, familiakoak ondoan dituela.
Right to die dokumentalaren egileak esan du ez duela morboa bilatzen, eutanasiaren inguruko hausnarketa baino ez duela eragin nahi. Nik ikusi dut dokumentalaren aurrerapen bat, eta ez zait iruditzen morboa edo irudi mingarririk jasotzen duenik. Neri behintzat dokumentalaren emisioak eta horren inguruan sortu den polemikak eman dit zer pentsatua eta zer hausnartua.
Eta argi dut: bizitzeko eskubidea oinarrizko giza eskubidea da, baina haren ondo-ondoan dago modu duinean hiltzeko eskubidea. Craig Ewertek Suitzara joan behar izan du bere borondatea betetzeko, bere herrialdean legezkoa ez delako. Gainera, bere poltsikotik ordaindu behar izan du tratamendua. Euskal Herrian ere ez da legezkoa oraindik eutanasia. Oraindik tabu eta aurreiritzi gehiegi dago gure artean heriotzaren inguruan. Rigth to die bezalako dokumentalek gai horren inguruko hausnarketa pertsonalak eta kolektiboak eragin badituzte, ondo etorria da.
Gure telebista publikoak ere egin beharko luke ahalegin txiki bat, gure artera dokumental hori (eta haunarketa hori) ekartzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: