Innerarity HUHEZIn
Daniel Innerarity-ren hitzaldia
Mondragon Unibertsitatearen 10 urteurrena aitzakiatzat hartuta, hainbat hitzaldi eta ekintza programatu dira fakultate desberdinetan. Urtebete daramate unibertsitatean horrelakoak egiten. Aurreko ostegunean, hilak 21, Daniel Innerarity-ren hitzaldia izan zen HUHEZIko areto nagusian.
Daniel Innerarity aurkeztu zuten Jose Mari Aizeagak, MUko errektoreorde akademikoak, eta Joseba Azkarragak, HUHEZIko irakasleak. Zaragozako Unibertsitatean klaseak ematen ditu eta azken urteetan pentsalari garrantzitsutzat jo izan dela azpimarratu zuten. Bere azken liburua argitaratu berri du Innerarityk, eta sari ugari jaso ditu bere karrera profesionalean zehar. Besteak beste: Espasa saria, Miguel de Unamuno saria... el país egunkarian artikuluak idazten ditu aspaldian.
Ordua eta gaia kontuan izanda, laster egin zuen broma ironikoa: “14,30tan eta filosofiaz hitz egiten? Nola da posible?” . Bertan argi geratu zen bere umore ona. Bat-batean, eta areto guztia aho bete hortz lagaz bota zuen bere hitzaldiaren tesia. Informazioaren gizarteak tontotu egiten gaitu. Bai-bai, tontotu. Informazio ugari edukitzeak gehiegizko informazioa dakar eta hori desinformatzea da. Horrelako gizartean nola biziraun izan zen ardatza.
Jarraiki, gure aitona-amonen garaiekin alderatuz bere tesia argudiatu zuen. Garai batean, jendeak jakin zezakeen guztia zekien eta horregatik jakitunak ziren. Egun, ezinezkoa da jakin daiteken guztia jakitea eta horrek tontotu egiten gaitu. Frustrantea da liburutegi batera sartu eta ikusi zenbat jakin genezake baina ez dugula denboraz ohartu.
Garai batean, gainera, dena lehen eskutik zekiten. Bizipenetan oinarritzen ziren gure arbasoak. Gu, aldiz, bigarren eskuko informazioaz baliatzen gara Innerarity-ren hitzetan. Aparatu teknologikoak gutaz jabetu dira eta ez alderantziz. Beraiek dira gure kontrola dutena. Gu argibideak irakurri gabe ezin dugu gaur eguneko aparatu gehienak martxan jarri. Baina hau ez omen da gizartearen aurrera pausoa erakutsi behar duena, benetan gizarteak behar duena prozedura inteligenteak dira, eta horiek erakusten dute garapena.
Amaitzeko, desinformazio egoera hau gainditzeko aholkuak eman zituen:
- Arreta kudeatu: Bi gauza batera egin ezin dugunez, arreta banatu eta kudeatu behar dugu.
- Ahazteko gaitasuna: Informazio guztia gorde ezin dugunez eta datuak pilatzea komenigarri ez den heinean, gauzak ahaztea komeni zaigu.
- Gu geu izan: Gizartea beti besteek pentsatzen duten gauzetan oinarritzen da. Guk gure konklusioak atera behar ditugu, propioak.
- Konparaketa: Aurrezpena bilatzen duten sistemetan konfiantza izan behar dugu. Horretarako, ezinbestekoa dugu konparatzea metodologia desberdinak.
- Laburrak izan: Hemen omen dago gakoa. Sintesi ahalmena.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: