EH itzulia 09
EUSKAL HERRIKO ITZULIA 2009
2009. urteko aurreneko lehiaketa irabazi nahi duenak, aurreneko multzoan fin ibili beharko du txirrindulariak hautatzerako garaian. Bertatik lau gizon aukeratu behar direla kontuan izanda, garailea eta honek gertuen izango dituenak asmatzea ia ezinbestekoa izango da gainera. Baina honezkero partaideek soberan dakitena esaten gehiegi luzatu gabe, joan gaitezen harira, hots, multzoa osatzen duten txirrindulariak aztertzera.
- Alberto Contador: aurkezpenik ez du behar espainiarrak. Iazko Itzulian bera izan zen garaile, eta aurtengoan ere hautagai nagusitzat har daiteke. Aste bakarreko itzuli gehienetan bezalaxe, ibilbidea lagun izango du. Gauzak normal direla, hartzen ez duenak hanka-sartze handi xamarra egin izango du.
- Andy Schleck: anaietan gazteenak ez du oraindik berarengandik espero den mailarik eman aurten. Tirreno-Adriaticon baxu xamar azaldu da, eta horrek zalantzak sortarazten ditu bere sasoi-puntuari dagokionez. Gainera, erlojuaren aurkako saioan faborito gehienak baino ahulxeagoa da. Hori bai, berezko talentuak eta igoera motz baina gogorrek bere alde egiten dute. Arriskatu nahi duenak aukera hobeak ditu beste batzuengan dena den.
- Antonio Colom: Itzulian podiuma zapaldutako gizona da mallorcarra. Denboraldi hasiera indartsua darama, eta berez hau zuen sasoiko lehen erronkarik nagusiena. Euskal errepideetan motibazio berezia topatzen du, eta horrek eta bere jarrera erasokorrak beste batzuekiko erlojuaren aurka gal lezakeen denbora berreskuratzen lagun liezaioke. Apustu fidagarria, baina podiuma zapaltzeko ere arazoak behar lituzke.
- Cadel Evans: iragan urtean bezalaxe, Coppi-Bartali-n lortu du bere aurreneko garaipena australiarrak, dagoeneko onenen artean egoteko prest denaren seinale. Nekez ikusiko dugu erasoan, baina bere dohainak lasterketa irabazteko aproposak dira. Erabakiorra izango den erlojupekoan gutxi izango ditu aurretik. Apustu seguru antzekoa; Contador bera baino faboritoago da, baina hortik aurrera ez da Silence-Lottokoa bezain txirrindulari osorik. (more…)
Aurreko ostegunean eman zuten Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia bateratzearen berri. Aurreko urteetatik baitzirudien horrelako zerbait gertatuko zela, izan ere, Euskal Bizikletako antolatzaileek gero eta zailtastun handiago baitzituzten txirrindulariak ekartzeko. Txirrindularitza zaleok ez gaitu erabakiak harritu.
2009ko lehen ekitaldian 6 etapaz osatutako lasterketa prestatu dute. Bi elkarteek adostu bezala (Diario Vascoko Kirol Antolakuntza eta Euskal Bizikleta Elkartea), etapa horietako bat Arraten amaituko da. Aurtengoan 3. etapa izango da. Protourreko lasterketa apirilak 6an hasiko da Ataunen eta Zallan amaitu apirilak 11ean. Hona hemen lasterketaren laburpena:
1. etapa (apirilak 6): Ataun-Ataun
2. etapa (apirilak 7): Ataun-Villatuerta
3. etapa (apirilak 8): Bilatorta-Arrateko santutegia
4. etapa (apirilak 9): Eibar-Gueñes
5. etapa (apirilak 10): Gueñes-Zalla
6. etapa (apirilak 11): Zalla-Zalla (bakarako erlojupekoa)
Urtero legez, aurten ere Tropela.net-en Euskal Herriko Itzuliaren inguruko lehiaketa izango dugu, urteko lehena. Beraz, adi izango gara lasterketa honen inguruan izango diren gora-beheren inguruan.
Tropela Elkartea Orioko erlojupekoa jarraitzen izan zen. Bertatik David Herrero irteeran izango ez zela jakinarazi genizuen, eta zoritxarrez, gaur esan dutenaren arabera, hilabetez korritu ezinda izango da txirrindulari bizkaitarra. Beraz, ezin izango du Euskal Bizikletan parte hartu hasieran espero zuen bezala. Gure animorik beroenak Davidi!
Orion bizi izan genuena bideo honetan bildu dugu. Espero dugu gustukoa izango duzuela!
Vuelta al Pais Vasco
Atzo Orion izan ginen egun pasa beste zaletu asko bezala. Xaloa tabernan bazkaltzeko asmotan geundela herriko Karkara aldizkariari begirada bat eman guztiz identifikatuta sentitu ginen zutabe-artikulu bat topatu genuen Euskal Herriko Itzuliari buruz eta hona ekartzea erabaki genuen. Artikulua Ana G. de Txabarrik idatzia da eta hemen daukazue oso-osorik:
Vuelta al Pais Vasco
Euskal Herritik pasa behar duenean ahaleginak eta bi egiten dira munduko txirrindulari proba handienak ere aitor eta erakus dezan euskaldunen herrian gaudela. Izugarrizko garrantzia ematen diogu, gutxi bada ere, Tourrean zerbait euskaraz agertzeari: toki izenak elebitan ikusteari, arrivem>-rekin batera helmuga azaltzeari. Txirrindulari saiatuei eta gogorrei animoak emateko ikurrinen koloreekin betetzen ditugu Pirineotako zelaiak: jakin dezatela nolakoa den zaletu euskaldunaren grina.
Hemen dugu gurea, Euskal Herriko izena daraman txirrindulari itzulia, handia izan nahi duena, bertako periodiko batek antolatua, etxeko erakundeek lagundua, herriko jendeak eskuzabal musutruk bultzatua? eta aterako ditugu ikurrinak eta grinak, zaleez gainezka beteko ditugu Aiako eta Orioko zelaiak, baina bideko bazter batean ahaztuta utziko dugu euskararen herrian gaudela: Hitz bat bera ere ez dator euskaraz Organizaciones deportivas El Diario Vascok emandako txosten eta argibide liburuan.
Tori Itzulia!
Nork emango dio buelta horri?
Tropela Elkarteak irteeran jakin berri duenez, David Herrero ez da irteeran izango. Badirudi atzoko erorketaren ondorioz izan dela.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: