Israelek herri palestinarraren aurka burutzen ari den erasoaren aurrean
Ezker Abertzaleak gogorki salatu nahi du israeldar armadak Gazan
burutzen ari den neurrigabeko erasoa. Ehunka pertsona hil eta zauritu
dituzte dagoeneko bonbaketek, eta Israelek bultzaturiko blokeoaren
ondorioz dagoeneko larria zen Gazako herritarren egoera muturrera
eraman du. Aitzitik, bonbardaketaz gain israeleko armadak Gazaren
inbasioarekin mehatxatzen du.
Elkarrizketa eta negoziazioaren aldeko hautua berresten dugu Palestinar
eta Israeldarren arteko gatazkari konponbidea emateko, tresna egoki
bakarra gatazka oro konpontzeko. Konponbidea herrien eta herritarren
eskubideen errespetuan oinarritu behar da. Zentzu honetan, onartezina
deritzogu Israeldar estatuaren garapena palestinarren lepotik izatea.
Salagarri deritzogu ere nazioarteko komunitateak, eta Europar Batasunak
bereziki, azaltzen duen ixiltasun eta faltsukeria. Ez al dute bada
Gazako gizon emakumeek naziortearen babesik merezi?
200 elkarte zibil palestinarrek Israelen erasoari aurre egiteko tresna
gisa deituriko boikotarekin bat egiten dugu. Israelek palestinarren
eskubideak errespetatzen ez dituen heinean, gure elkartasuna era
praktikoan adierazteko tresna da boikota, Euskal Herria eta Israeldar
estatuaren artean alor ekonomiko, politiko, kirol edota kulturalean
ematen diren harremanak etenaz.
Israeldarren erasoa salatu eta Palestinar herriari elkartasuna
adierazteko Euskal Herrian burutuko diren mobilizazio eta deialdi
ezberdinetan parte-hartzeko deia luzatzen diegu herritarrei.
Azkenik, Palestinar herriari une latz hauetan gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu.
Ezker Abertzalea, 2008ko Abenduaren 29an
Iruzkinak
Utzi iruzkina: