INDEPENDENTZIA AURRERA!!!
Epaitegi eta legedi bereziak erabili arren, ez dituzte independentziaren aldeko egitasmoak espetxeratuko.
Gaur goizean Audientzia Nazionaleko Casa del Campon bizi eta ikusitakoak Burgosko epaiketa gogorarazten digu. Izan ere, prozesu biek, Francorenak eta espainiar demokraziarenak, azken finean helburu berbera izan dute: Euskal Herriaren independentziaren aldeko borroka geldiaraztea. Hori izan da Espainiaren xedea historian zehar.
Helburu horren baitan, eta ez beste inon kokatu behar dugu PSOEk gidatu duen Espainiaren eraso berri hau. Makurtzen ez bagara, egurra jasoko dugu. Hori izan zen Espainiak Burgosen luzatu nahi izan zigun mezua eta horixe bera da Espainiak Casa del Campon luzatu digun mezua gaurkoan ere. Eta horregatik ezarri dituzte hain zigor altuak. Militante independentistak kartzelan behar dituzte, Euskal Herria espetxeratu nahi dute.
Euskal Herrian ezkutuko salbuespenezko egoera bizi dugu. PSOE errepresio mota guztiak erabiliz, aukera independentista jazartzen ari da, aukera independentista eskubide zibil eta politikorik gabe utziz.
Baina, mugimendu independentista bizirik dago, eta lanean jarraitzeko eta lekukoa hartzeko milaka eta milaka herritar daude prest. Herritarrak bai, baina ideiak eta ideologiak ezin direlako ilegalizatu, ezin direlako espetxeratu.
Epaitegi eta legedi bereziak erabili arren, ez dute euskal herritarren hitza isilaraziko. Ez dituzte Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideak bermatuko dituen marko demokratiko baten alde lanean ari diren eragile, komunikabide, instituzio, herri mugimendu eta antolakundeak desagerraraziko. Ez dituzte independentziaren aldeko egitasmoak espetxeratuko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: