Euskara, bermea; euskal estatua, tresna
Joseba Alvarez Euskal presoa
Euskara, bermea; euskal Estatua, tresna
Euskararen
aurkako eraso berria lantzen ari dira gure herria ukatzen duten bi estatuak.
Frantses Akademiaren azken oharrak eta Pariseko Senatuak izandako jarrerak argi
eta garbi erakutsi dute zein izango den euskararekiko politika etorkizunean
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Errealitate horri azken inkesta
soziolinguistikoaren emaitzak gehitzen badizkiogu, argi dago genozidio
linguistiko-kulturala indartuko dutela, euskarak egiten baikaitu euskaldun eta
Euskal Herri.
Estatu
espainolean ere, beste eraso bat prestatzen ari dira. Ez dago Savaterren eta
bere kideen ekimena beste era batera ulertzerik. Konstituzio espainola aldatu
nahi dute gaztelania oraindik indar handiagoz inposatzeko. PSOEk PPrekin
hitzartu nahi duen estatu itun berrian, besteak beste, hizkuntzarena sartu nahi
dute. Jokabide honen aurrean, egungo «euskal instituzioen» hizkuntza politika
eskasak ez du balio, eta inkesta soziolinguistikoaren emaitzen argitan,
euskararen etorkizuna Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan ilundu egiten da.
Gaztelaniaren aldeko presioa indartzea dute helburu eta, bide batez, euskararen
normalkuntza prozesua oraindik gehiago moteldu. Espainolek ere argi dute
euskarak egiten gaituela euskaldun eta Euskal Herri.
Hori gutxi
balitz, bi estatuetan prestatzen ari diren eraso hori, Euskal Herrian bizi
dugun egoera gatazkatsuaren erdian ematen da. Izan ere, gatazkaren
konponbiderako azken saioaren porrotaren ondorengo azken hauteskundeetako
emaitzek panorama politikoa asko aztoratu dute, besteak beste, Euskal Herri
osoan ezker abertzaleak izan dituen emaitza oparoen ondorioz.
Alde batetik,
Zapaterok gobernuari eutsi dio eta PP krisialdian sartu da. Bestetik, PNVren
emaitzak gero eta kaskarragoak dira, PSOEri Patxi Lopez lehendakarigai gisa
indartzeko aukera zabalduz, batez ere, datozen hauteskunde autonomikoetan ezker
abertzaleak Gasteizko Legebiltzarrean ordezkaritzarik izateko aukerarik izango
ez duela pentsatuz. Operazio politiko horri aurre egiteko proposatu du
Ibarretxek kontsulta plana, bere garaian Ibarretxe-Oreja lehiaketan bezalaxe,
orain iragartzen den Ibarretxe-Lopez lehiaketan ezker abertzale ilegalizatuaren
botoak eskuratzeko asmoz. Era batean edo bestean egoera honetatik atera
daitekeen akordio autonomiko berriak gatazka ez konpontzeaz gain, euskararen
kalterako izango dela gauza segurua da.
Honi guztiari,
globalizazioak Euskal Herriaren etorkizuna eta, beraz, euskararena,
baldintzatuko duela gehitu behar diogu. Nola egin aurrera gero eta neoliberalagoa
den Europar Batasunak gure herria eta hizkuntza ukatzen dituenean? Nola egin
aurrera, Euskal Herriaren erreprodukzio mekanismo eta bitarteko guztiak,
legalak, instituzionalak, kulturalak, komunikatiboak, ekonomikoak... gure esku
ez baditugu? Euskal Estaturik gabe ez dugu hori guztia eskuratzerik eta, zer
esanik ez EBn... Irlandak argi erakutsi digu estatua eskuratzea ez dela bermea,
baina beste kasu guztiek erakutsi digute estaturik gabe ezinezkoa dela.
Flandria eta Quebec, adibidez, oraindik ez dira estatu bilakatu, baina
estrategia honetan sakontzen ari dira. Hor dugu, bestalde, Palestinarekiko
politika genozida egiten ari den Israelgo Estatuaren hizkuntza politika
arrakastatsua.
Tamalez, ez
dugu uste egun Euskal Herrian zabaldu den hizkuntza politikaren azterketa
zuzentzen duten «euskal instituzioetako» ordezkariek bide honetatik joko
dutenik. Ez dugu uste, ez Ipar Euskal Herrian, ez Nafarroan ezta Autonomi
Elkartean arduradun instituzionalek euskara normalizatzeko independentzia
ezinbestekotzat joko dutenik. Arlo politikoan lantzen ari diren iruzurraren
atal linguistikoa prestatzen ari dira, besterik ez. Horregatik diogu euskal
komunitatean, euskal identitatea edota belaunaldi berrien atxikimendua
ziurtatzeko tresna nagusia, Euskal Estatua dela, bere bitarteko guztiekin.
Konpaktazio sozial euskalduna bideratzeko, beraz, ezinbestekoak ditugun tresna
guztiak marko juridiko politiko berri batek soilik eman diezazkiguke. Honez
gain, bitarteko hauek behar bezala erabiltzeko borondate politikoa behar da,
PNVk ez duena, baina ezker abertzaleak izan baduena. Ez dugu ahantzi behar,
zailtasun guztien gainetik ezker abertzalea izan dela bere burua euskaldundu
duen mugimendu politiko bakarra, euskaraz non-nahi funtzionatzen duen bakarra,
Joxe Mari Odriozolak ahazten duen gauza. Izan ere, aspaldi erabaki genuen
Euskal Herria euskaldundu nahi duen indar edo mugimendu politikoak, aurretik
bere burua euskalduntzeko gai izan behar duela. Guk, esan eta egin egin dugu.
Baina badira
euskararen ikuspuntutik Euskal Estatua ezinbestekoa bihurtzen duten kanpo
arrazoiak, aurrean aipaturikoak euskal komunitatearen barne beharretan
oinarritzen baitziren. Hots, gure herrian bizi den
erdal komunitateari zein etorkinei begirakoak dira orain aipatuko ditugun kanpo
arrazoiak. Positibizazio sozialaz ari gara, hain zuzen. Euskal komunitatearen
konpaktazio soziala beharrezkoa izanik ere, ez da nahikoa behar ditugun bermeak
eskuratzeko. Positibizazio
soziala gehitzea ezinbestekoa da gure kasuan.
Izan ere,
Euskal Herrian bizi den erdal komunitateak zein etorkinek, ukatzen gaituzten bi
estatuen politika dela medio, gure herriarekiko zein euskara eta euskal kultura
zein hezkuntzarekiko duten jarrera okerra aldatzeko Euskal Estatua izatea
derrigorrezkoa da. Gaur gaurkoz, bai erdaldunek bai etorkinek politikagintzan,
hizkuntzan, kulturan, hezkuntzan ukatzen gaituzten bi estatuen ikusmoldea
indartu egiten dute. Inkontzienteki bada ere, Espainian eta Frantzian daudelako
jokatzen dute horrela. Ez dira euskal munduan integratzen, frantsesean eta
espainolean baizik, Euskal Herrian bizi diren arren. Askotan hori ere ez dute
jakiten.
Ez da egia
beraren borondatea Euskal Herriaren edota euskara zein euskal kulturaren
kontrakoa delako, inondik ere ez, baizik eta bi estatuen politikak honela
jokatzera bultzatzen dituelako. Gure herriak, independentziaren bidez
eskuratuko lukeen Euskal Estatuaren tresna eta bestelako politikarik gabe,
errealitate hori ez dago benetan iraultzerik. Honek ez du esan nahi gizarte
eragileen eskutik egiten den lana alferrikakoa denik, kontrakoa, baina lan
honen emaitza beti mugatua izango dela aitortuz. Erdal komunitatearekiko zein
etorkinekiko bestelako politika integrala egin behar dugu, baina honetarako
bitarteko guztiak eskuratu behar ditugu.
Gainera,
etorkizunari begira, gaur Euskal Herrian nagusi den erdal komunitateaz gain,
etorkinak ere ezinbestekoak ditugu, «lehen mundua» deitzen duten toki guztietan
bezalaxe. Bai ikuspuntu ekonomikotik, baita ikuspegi demokratiko, sozial,
kultural eta demografikotik, beraiek gabe Euskal Herriak ez du aurrera
egiterik, besteak beste, beraiek izango baitira bihar Euskal Herri libreko
gehiengoa maila guztietan. Beraiek, eta zer esanik ez beren seme-alaba guztiak
euskaldun bilakatzeko, Euskal Estatua helburu albora ezina da. Ez dira Euskal
Herriko partaide eta herritar kontsideratuko, Euskal Herria errealitate
bilakatzen ez den bitartean.
Azkenik, ezin
dugu ahaztu etorkizunean independentzia eskuratzen ez badugu, Euskal Herriak
maila guztietan duen pisua txikitzen joango dela bi estatuetan, hiru milioiko
komunitate batek, behar dituen tresnak izan gabe, ez baitu bera baino askoz ere
handiagoak diren bi komunitateekin ezertan lehiatzerik ezertan. Zer esanik ez
hauteskunde eta herri erabakietan subiranoak edota subjektu politiko gisa
aitortuak ez bagara. Euskal Estatuaren premia, gorria dugu, zalantzarik gabe.
Gauzak horrela,
Irlandaren mamua baztertzeko, ezinbestekoa da euskararen aldeko borroka, euskal
kulturarenarekin batera, independentziaren aldeko borrokaren zentro politikoan
txertatzea. Eta, bestetik, bi estatuak prestatzen ari diren eraso berriei aurre
egitea, erantzunez eta eraikuntza nazionala indartuz maila guztietan, Joxe Mari
Odriozolak aipatzen duen asimetria gaindituz. Hizkuntzaren ikuspuntutik,
Flandriari eta Quebec-i begiratu behar diegu. Inork gutxik jartzen du zalantzan
egun batean estatu bilakatuko direnik eta, hala bada, flandeseraz eta
frantsesez biziko direnik.
Eskerrak
euskararen gizarte mugimendu zabalak, herri borondatea bere eginez, bere
bideari eutsi dion urte luze hauetan, delako «euskal instituzioek» jarritako
traba guztien gainetik. Hor daude euskal curriculuma, euskal unibertsitatea,
euskal esparru komunikatiboa, ikastolen zein eskola publikoetako euskal eskolen
eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko dinamika, Kontseiluak eta
EHEk egindako lana. Urrats horietan sakontzen eta presio soziala indartzen dira
eskuartean egun ditugun tresna nagusiak. Horiek indartuz soilik lortuko dugu
euskararen erronka eztabaida eta konponbide politikoaren bihotzean kokatzea.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: