15ean denok Arrasatera! Inposaketari ez, AHT gelditu!

antzubloga 1456130951231 antzubloga | 2007-12-15 09:36

Ezker abertzalea ilegalizatu nahi dute, AHT bezalako proiektuak inposatzeko

Abiadura handiko trena ez dago Euskal Herriaren nahi eta beharren arabera pentsatua, ez baitu gure lurraldea batzen eta egituratzen. AHT Madril eta Parisen behar ekonomiko eta euren lurralde antolamenduaren arabera diseinatutako azpiegitura da. Bi estatuek, PNV, PSOE, UMP eta UPNren negozio pertsonen laguntza estuarekin batera, Euskal Herriari inposatzen dioten proiektua da. Eta zer jasoko du horren ordainean Euskal Herriak? Kaltea besterik ez.

Eta oraindik ere Nuria Lopez de Guereñu andereak ez du inolako lotsarik gezurretan aritzeko. AHTk ingurumenari mesede egingo diola esaten du. Nork sinesten du hori? AHT egiteko Euskal Herrian 121 tunel zulatuko direnean, 113 biaduktu eraikiko dituztenean, 68 milioi metro kubiko lur mugituko dituztenean, zuzenean lurraldearen 2.500 hektarea baino gehiago okupatuko direnean, 64 zabortegi gehiago irekiko dituztenean, balio naturalistiko handia duten inguruetan itzelezko kalteak eragingo dituenean, energia kontsumoa nabarmen handituko denean, gure herriak erabat desitxuratuko dituenean, baserri asko desagertu eta lehen sektorea galbidera eramango duenean... nola esan dezake AHTk ingurumenari onura ekarriko diola?

Egitasmoa gauzatuko balitz, eragin ekologiko izugarria eragiteaz gain, gizarte ereduan, lurralde egituran eta ekonomian eragin oso bortitza izango du. Diru publikoaren xahutze ikaragarria ekarriko du, urte askotarako aurrekontuak baldintzatuz eta oinarrizko behar sozialak konponbiderik gabe utziz. Eta proiektu honen kostu eta kalteak etorkizuneko belaunaldiek ere nozituko dituzte. Nola esan orduan AHT proiektu iraunkorra dela?

Milaka milioi euroko kostua izango duen azpiegitura batetaz hitz egiten ari garen arren, eta Euskal Herriaren etorkizuna baldintza dezakeen proiektua izan arren, ez da proiektuaren inguruko informaziorik eman, ez eta eztabaida seriorik sustatu ere. Ez da herritarren parte-hartzerik bultzatu, eta ez zaio herriari proiektu honen inguruan erabakitzeko ahalmenik eman. Ez zaio ezta iritzia emateko aukerarik eman ere. Eta okerragoa dena: herriari hitza eman nahi izan zaionean, galarazi egin dute. Galarazi, debekatu egin dute herriari hitza ematea. Zergatik? Zergatik diote beldurra herriaren iritzia entzuteari? Debeku guztien gainetik, dena den, herriak hitz egin du, eta ezezko borobila eman diote AHTri.

Baina, a zer kasualitatea! Dirua eta negozioa tarteko dagoenean, Luesma, Lopez de Guereñu, Magdalena Alvarez, Azkarate, Sanz, Zapatero, Ibarretxe eskutik helduta ikusten ditugu. Guztiek helburu bera dute: proiektua inposatzea eta benetako eztabaida alboratzea. Eta orain eskuz esku ari dira AHTren aurkako herri mugimendua kriminalizatzen, identifikatzen, polizia bidaltzen AHTren aurkako protestetara, jendea atxilotzen, eta herriari hitza ematen ari zaion alderdia, ANV, ilegalizatzen. Hori da Euskal Herrian gertatzen ari den benetako sabotaia. Ezker abertzalea erakundeetatik kanpo behar dute, euren proiektua inposatzen jarraitzeko eta herriari hitza ematea galarazteko. Ezker abertzalea ilegalizatu behar dute, AHT inposatzeko. PNV eta PSOE bat datoz horretan. Gero, Alderdien Legearen kontra daudela entzungo diegu, baina egunero hainbat eta hainbat udaletan, batzar nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan Alderdien Legeaz baliatzen ari dira, AHT bezalako proiektuak inposatzeko eta euren negozioak bermatzeko. Hau da Euskal Herrian bizi dugun demokrazia: Demokrazia Zero. Eskandalugarria da.

Honek guztiak garbi erakusten digu Euskal Herriari aldaketa garaia iritsi zaiola. Ezartzen zaizkigun inposizio eta ukazio mota guztiak gainditu behar ditugula, eta Euskal Herriaren independentziari bide emango dion marko demokratiko bat eraiki behar dugula, euskal herritarrok gure buruaren jabe egin eta gure herriari buruz guk erabaki dezagun: zer izan nahi dugun, zer nolako Euskal Herria eraiki nahi dugun, zer nolako lurralde antolamendua diseinatu nahi dugun, zer nolako garraio politika eta azpiegiturak... eta hori dena kanpoko esku-hartzerik gabe. Horregatik, inposizioari ezetz esan eta independentziari bai esateko ordua iritsi zaigu.

Ildo horretan, deia egin nahi diegu euskal herritarrei bihar Arrasaten AHTren eta inposaketaren kontra egingo den manifestazioan parte hartzera. Orain inoiz baino premiazkoagoa da kalera ateratzea eta basakeri hau gelditzea.

 


Utzi iruzkina: