Toponimia
Mendizale guztiek ezagutuko duzue "Concurso de Centenarios" historikoa. Urte asko daramagu zaletuek arauak betetzen eta gailurretara ailegatzen. Lehen zerrenda ageri zenetik urte asko pasatu dira, larogeitik gora uste dut, eta noizean behin zerrenda hori birmoldatzen dute Federazioak dituen adituek. Gaur egun, Euskal Herri osoko eta Espainia aldeko eta Pirinio aldeko mendi ezagunenak igo ditzakegu "Concurso" hori gainditzeko.
Azken birmoldaketa aurten izan da eta aldaketa batzuk sartu dira. Altuera edo kokapena gaurkotu dute kasu batzuetan, mendi bat edo beste sartu edo kendu besteetan, baina toponimia arloko aldaketak dira eztabaidagarrienak. Batzutan izen ofizialak izan direnak ez dute ondo adierazten edo izendatzen goiko aldea edo antzinako dokumentuetan aurkitu dute mendi-punta baten benetako izena edo ...
Aldaketa batek nire buruko barruak dantzan ipini ditu. Euskal herriko mendebaldekoenetariko mendi batek Vallegrull du izena eta Valdegobian (Gobia harana) dago, Burgosko mugan. Eta gaurtik aurrera katalogoan beste izenarekin agertuko da, Vallegrul.
Eta aldaketaren arrazoia ere ba dator : "Amaierako -l letra kendu da, gaztelaniaz ez baita gertagarria -ll hotsa hitz amaieran, eta bertako hiztunek ere horregatik ez dutelako egiten".
Pentsatzen jarrita, ez dago beste arrazoirik aldaketa egiteko? Ez dago bailarako juntetako aktetan edo Arabako toponimia aztertu dutenen lanetan beste zutoin hobeagorik aldaketa egiteko? Lehengo izenaren azken "ll" hori sasijakintsu baten okurrentzia baiño ez zen izan?
Arrazoi seriorik egonez gero, ondo etorria izan dadila izen berria. Baina kontrakoan, beste hoberik ez izatekotan, kontuz adituekin, laster moztuko bait diete donostiarrei bere Urgull mendiaren azken zatia. Edo Real Academiak gazteleraz Sabadel, Martorel edo Vendrel idazten direla esango du, madrilgoek ez dute-eta azken "ll" hori ahozkatzen.
Nik behintzat, Vallegrull eta Urgull esaten jarraituko dut. Ez dakit mendiaren alboan jaiotakoei, baina niri ez zait l-ren palatalizaioa batere arraroa egiten, hitzen akaberan ere.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: