Onddarbi

No profile photo antzinakeriak | 2015-11-21 11:22

   Lagunekin izandako solasaldi baten harira, gogora etorri zaidan kuriositate bat komentatzera nator. Arraunketaren denboraldi osoan, erdarazko Radio Euskadin , behin eta berriro "Onyarbi" (edo Onddarbi, zuzenago idaztearren) esan ohi du esatari batek aurtengo garaile suertatutako trainerua izendatzeko.
   Badakit irratiko (edo telebistako) esatariek isildu gabe pasatu behar dutela euren txandako minutuak, kirol arloan batez ere, eta behartuta sentitzen direla esaldi eta hitz berberak saihestera. Maisua zen abilidade horretan gure haurtzaroko Matias Prats ekidinezina, eta badakigu bere eskolak ikasle eta jarraitzaile asko utzi zuela, esatari erdaradunen artean, batez ere.
   Ez dakit arazo hau estilo liburuetan zehaztuta dagoen ala erabilera hau zelai zabala denik. Nire aldetik ez dut egoki jotzen hizketa formaletan izenak modu ez-formalean ahoskatzea. Adibide moduan, kazetari batek, Eako herrian gertatutako berria ematerakoan, "eakoa" eta ez "iekue" esan behar du. Beste era batera egin daiteke hango bizilagunekin solasaldi ez-formal batean. Askatasun handiagoa ikusiko nuke. Urduri jartzen nau irratian "Maaixa" entzuteak, Madariaga auzoari buruzko zerbait kontatzeko momentuan. Bertako izenak bertokoen artean nola ahoskatzen diren jakitea ondo dago, baina handik urrun bizi garenok, gutxi edo batere ezagututako lekuen izenak entzuten ditugunean, ez gara gauza "Asatza" lekua Aozaratza elizatea dela jakiteko. Eta horrela asko eta asko.
   Horregatik, Hondarribiaren aldekoa nauzue, eta ez "Onddarbi"zalea.


Utzi iruzkina: