Ogarambruno

No profile photo antzinakeriak | 2017-07-17 08:57
2

   Blog honi begiradatxoren bat botatzen duzuenek badakizue abizenen aldaketek erakartzen nautela. Izan ere, are erakargarriagoak haren jatorria usnatzera urreratzen ez naiz neurrian. Erdal abizenek euskal kutsua hartzen dute batzuetan, eta besteetan, gehiagoetan akaso, euskal abizenak erdaratzen dira, hemendik kanpo barreiatzen direnean batez ere, baina etxean ere gertatzen da. Nik ikusitakoa da Larrañaga bat La Rañada bihurtuta Kantabriako partean, paper ofizial batean. Gutxi-asko alfabetuta gauden denbora hauetan, ikusi eta abisatu, eta zuzentzen da akatsa, baina orain dela 200 urte, paper batetik bestera joaten ziren aldaketak, eta iraunkorrak bihurtzen. Kontrako noranzkoan, oso aldaketa polita da Perosterena abizenarena, "Preboste"tik etorritakoa, esaten dutenez, nik egiaztatutakoa ez den arren (se non è vero, è ben trobato).

    Horrelako zerbait sumatu nuen Ogarambruno familiakoen bataioak topatu nuenean, Badator web-orrian, Bilboko San Anton parrokiako liburuan idatitzitakoak. Momentuan pentsatu nuen abizen bihurtutako erdarazko izenorde bat izango zela, "Hogar hambruno", jatekorik gabeko etxe batekoei izendatzeko asmatutakoa.

1852-07-25     Cristina Paula, Ogarambruno, Basagoiti     Manuel, Ogarambruno, Ybargaray  +   Maria Cruz, Basagoiti, Siruqui     Bilbao     San Antonio Abad
1857-07-18     Sinforosa, Ogarambruno, Basagoiti     Manuel, Ogarambruno, Ybargaray  +   Maria Cruz, Basagoiti, Ziruqui     Bilbao     
1859-12-21     Dominga, Ogarambruno, Basagoitia     Manuel, Ogarambruno, Ybargaray  +   Maria Cruz, Basagoitia, Ziruqui Bilbao

    Bilaketak ez zidan beste Ogarambrunoren bataio edo ezkontzarik eman, baina amaren abizenetik hasi eta lortu nuen gurasoen ezkontza:

1844-02-15     Manuel, Dogara, Ybargaray +    Maria Cruz, Basagoiti, Zurinaga     BILBAO  Santa María de Begoña

    Honaino ailegatuta, Dogara hau "de Ogara" zela pentsatu nuen, eta bi formak erabiliz, aurreko 20 urtetik 50 urtera ikertu nuen web-orrian, baina ez nuen emaitzarik lortu, eta gaia "en barbecho" utzi nuen. (Ez nekien euskaraz nola esan kontzeptu hau eta Azkueren hiztegian aurkitu nuen baxenafartarrek "debet" esaten dutela; beraz, debet utzi nuen).
    
    Beste gauzatxo batzuek Derioko eleiz artxibategira eraman ninduten geroago, eta akordatu nintzen Ogara edo Dogara honetaz. Bataioak begiratu eta aita Gorlizkoa zela ikusi nuen. Behin jatorria finkatuta, ez zitzaidan oso zaila aitaren bataioa lortu:

1816-10-05     Manuel Bruno, Dobaran, Ybargaray     Nicolás, Dobaran, Landaluze  +   Maria, Ybargaray, Gorordo     Gorliz

    Pertsona bera, Dobaran abizenarekin bataiatua, semeei Ogarambruno abizena heredentzian uztea ez da aldaketa makala. Ez dut hau bezain arraroa inoiz ikusi. Zergatik egin zen (edo nork egin zuen) aldaketa?. Auskalo.


Utzi iruzkina: